Mugikortasunaren afekzioak. Le Grand Départ Pays Basque 2023

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Jakingo duzunez, Euskadik Frantziako Tourraren irteera hartuko du aurten, Olinpiar Jokoekin eta Munduko Futbol Txapelketarekin batera munduko kirolaren arloko ekitaldirik garrantzitsuenetariko bat. Zalantzarik gabe, Euskal Herrian inoiz antolatu den ekitaldirik handiena izango da, eta gure Herria munduari erakusteko aukera paregabea izango da

Le Grand Départ Pays Basque zazpi erakundek –Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia– antolatu dute, eta aurrekaririk gabeko segurtasun-operatibo bat prestatu dute Euskadin.

Jardunaldiak milaka pertsona eta ibilgailu mobilizatuko ditu uztailaren 1ean, 2an eta 3an, eta afekzio nabarmenak eragingo ditu pertsonen, ibilgailuen eta merkantzien mugikortasunean. Hiru etapa horietan zehar, lasterketak euskaldunen aisialdi eta jarduera profesionaletan eragina izango du, txirrindulariak ehun bat udalerritan ibiliko direla kontuan hartuta.

Erakunde antolatzaile guztiak, ahal den neurrian, lasterketak eragingo dituen afekzio horiek txikiagotzeko lanean ari dira. Hori dela eta, jakinarazpen hau bidaltzen dute, herritarrek eta enpresek beren mugikortasuna garaiz planifikatu dezaten.

Trafikoaren gaineko eragin orokorrak hiru egun horietako 08:00etatik 18:00etara luzatuko dira gutxienez, lasterketa igarotzen den tokietatik eta beren inguruneetatik. Horregatik, herritarrei eta enpresei eskatzen zaie behar besteko aurrerapenaz antola ditzatela egun horietan egingo dituzten joan-etorriak eta jarduerak. Gomendio orokor gisa, uztailaren 1, 2 eta 3an garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da.

Halaber, Le Grand Départ-en webgunean (http://www.letour.euskadi.eus) afekzio guztiak, aholku praktikoen gida bat, Euskadiko trafikoaren webgunerako sarbide zuzena eta hiru etapei buruzko informazio zehatza kontsulta daitezke. Waze aplikazioan ere ezagutu daitezke afekzio horiek.

Gomendio hauek kaltetuak izan daitezkeen ahalik eta kolektibo gehienekin partekatzea (plantilla, hornitzaileak, bezeroak, bidaiariak, turistak, ikasleak…) eskertuko genizuke, guztion artean Tourra Euskaditik irtetea arrakastatsua izan dadin lor dezagun eta gure lurretan kirol ikuskizun paregabeaz goza dezagun.

Afekzio guztiak etapaka jasotzen dituen dosierra

Partekatu

Beste berri batzuk