“Mundu aldatu zuten eta aldatzen duten emakumeak” erakusketa ikusgai izango da Laboratorium Museoan
Euskadiko Parke Teknologikoak sortutako erakusketak zientziaren eta teknologiaren historian eta gaurkotasunean erreferente diren emakumeak biltzen ditu
Urtarrilaren 15etik otsailaren 15era bisitatu ahal izango da, museoaren ohiko ordutegian
Laboratorium Museoak “Mundua aldatu zuten eta aldatzen duten emakumeak” erakusketa hartuko du urtarrilaren 15etik otsailaren 15era bitartean. Euskadiko Parke Teknologikoak sustatutako erakusketa da, eta Emakumeak Zientzian ekimenaren barruan kokatzen da, museoak Emakume eta Neska Zientzilarien Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu dituen gainontzeko ekintzekin batera.
Erakusketak zientziaren eta teknologiaren historiako zein egungo emakume erreferenteak jartzen ditu erdigunean, emakumeek gizartearen aurrerapenean egindako ekarpenei ikusgaitasuna emanez. Iragana eta oraina uztartzen dituen ibilbide baten bidez, askotan ikusezin bihurtu diren lanak balioan jarri eta belaunaldi berrientzat erreferenteak sortzea du xede.
Erakusketa bi ataletan egituratzen da: “Mundu aldatu zuten emakumeak” atalak zientzia eta teknologiaren historian mugarri izan diren emakumeen lana jasotzen du; “Mundua aldatzen duten emakumeak” atalak, berriz, gaur egun arlo horietan lanean ari diren profesionalen ekarpena nabarmentzen du. Etorkizunera begirako mezua helarazten duen proposamena da.