Nazio Batuek sustatutako GJHak integratzeko jardunbide onenari emandako CEX Sarien estatu mailako finalean hartuko du parte aste honetan Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak
Ostiral honetan, urriaren 2an, finalista geratutako erakunde bakoitzak bere jardunbide egokiak azalduko ditu eta irabazlearen izena ezagutaraziko dute. Ospakizuna online jarraitu ahal izango da esteka honen bidez: www.centrosdeexcelencia.com
Bikaintasuneko Zentroen Espainiako Elkarteak sustatzen dituen CEX Sarien 2020ko edizioak dagoeneko baditu jardunbide onenaren saria lortzeko lehiatuko diren bost erakunde finalistak. Aurten, erakundeen kudeaketan Garapen Jasangarriaren Helburuak integratzeko bikaintasuna sarituko dute sariek. Honako hauek dira finalistak: Somorrostroko Prestakuntza Zentroa (Euskadi), Grupo Sorolla Educación (Valentziako Erkidegoa), Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea (Euskadi), Suez – Idam Bahía de Palma (Balear Uharteak), eta Taisi (Aragoi).
Askotarikoak dira azken fasea gainditu duten erakundeak, eta horrek erakusten du Espainian Nazio Batuen baitan sustatutako Garapen Jasangarriaren Helburuek izan duten harrera positiboa. Helburu horien xedea da, hain zuzen ere, 2030ean txirotasunari amaiera ematea, planeta babestea eta mundu osoko pertsonen itxaropenak eta bizitzak hobetzea.
Urriaren 2an, 11:00etan (Espainiako penintsulako ordua), interesdun orok online jarraitu ahal izango du ospakizuna. Bertan, finalista bakoitzak bost minututan azalduko du bere jardunbide egokia, eta gero erakunde irabazlearen izena ezagutaraziko dute. Ospakizuna CEX Zentroen Youtubeko kanalaren bidez garatuko da; izan ere, pandemia dela eta, ezinezkoa izango da aurrez aurreko ekitaldia egitea. Transmisioa irekian egingo da, Espainiako eta munduko beste erakunde publiko nahiz pribatuentzat jardunbide egoki horiek duten izaera pedagogikoa dela eta.