Nazioarteko adituek lurzorua modu iraunkorrean babesteko eta erabiltzeko neurriak aztertuko dituzte

Bizkaia

Lurzoruen Degradazioa Kontrolatzeko eta Lehengoratzeko VII. Sinposiuma Bilbon egingo da ekainaren 23tik 26ra

100 zientzialari inguruk lurzoruen egoeraz eztabaidatuko dute, horien erabilera hobetzeko eta produktibitatea eta funtzioak berreskuratzeko

NEIKER 2Lurzoruak giza bizitzarako duen garrantzi sakona erakustea eta horiek babesteko eta modu iraunkorrean erabiltzeko neurriak proposatzea da Lurzoruen degradazioa Kontrolatzeko eta Lehengoratzeko Sinposium Nazionalaren helburua, zeina Bilboko Bizkaia Aretoan egingo den ekainaren 23tik 26ra bitartean.  Sinposiuma Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen eta irabazi asmorik gabeko sozietate publikoa den NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak antolatu du, UPV/EHUrekin eta Espainiako Lurzoruaren Zientzien  Elkartearekin batera (SECS). Ekitaldiaren laguntzaile dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Saila, Euskampus, IHOBE eta EAEko hiru hiriburuetako Udalak, eta lurzoruak berreskuratzeko eta lehengoratzeko dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte.

Ekimena NBEk “Lurzoru osasuntsuak bizimodu osasuntsu baterako” izenburupean aldarrikatu duen lurzoruen nazioarteko urtearen barruan kokatzen da, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako sailburuorde Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Jose Antonio Galerak eta UPV-EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekano Esther Dominguezek inauguratuko dute, Espainiako Lurzoruaren Zientzien Elkarteko lehendakari den Jaume Portarekin batera. Topaketan nazioarteko 100 zientzialari inguruk parte hartuko dute, eta lurra erabiltzeko metodorik onenez eztabaidatuko dute, lurraren produktibitatea eta funtzioak berreskuratzeko eta mantentzeko. Sinposiuma inauguratzeko ponentziak hauen ahotik etorriko dira: Europar Batzordeko Ikerketa Zentro Komuneko Ingurumen eta Iraunkortasunerako Institutuko (Joint Research Centre, JRC) Oihane Fernandez-Ugalde doktorea, eta Eusko Jaurlaritzako Hondakin Arriskutsuen eta Lurzoruen burua den Maribel Martinez.

Biltzarraren xedetako bat, lurzoruak degradatzeko kausak, prozesuak eta ondorioak aztertzeaz gain, horiek lehengoratzera zuzendutako azken ikerketak eta jarduerak ezagutaraztea da. Euskal Autonomia Erkidegoan NEIKER-Tecnalia, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila, IHOBE eta UPV/EHU bezalako erakundeek 30 urte baino gehiago daramatzate lurzoruen gaineko ezagutza berria sortzeko eta kudeaketa hobetzeko.

NEIKER-Tecnaliak, zehazki, lurzoruak ikertzen ditu, nekazaritzako laboreen eta basoko lanen produkzioa eta kalitatea aurreikusteko eta hobetzeko. Zentro teknologikoak, halaber, nekazaritzako praktikek baso eta nekazaritza lurretan duten eragina ebaluatu du, eta eragin hori murrizteko tekniken erabilera bultzatzen du. Ingurumen arloari dagokionez, lurrean karbonoa bahitzeko mekanismoak aztertzen ari dira, karbono hori baita klima aldaketaren aurkako neurri nagusietakoa. Gainera, degradatutako inguruneak lehengoratzeko lana egiten ari da, horien artean antzinako meategi eta harrobiak, lurzoru artifizialak edo “teknolurrak” erabiliz. Halaber, NEIKER-Tecnaliak ibilbide handia du baita ere metal astunek eta beste kutsatzaile batzuek kutsatutako kokaguneak berreskuratzen. Erakundearen amaierako helburua, lurzoruak kontserbatzeaz ez ezik, horiek lehengoratzea ere bada, hau da, sistema horren funtzioak berreskuratzea eta horrela bizitza osasuntsu baterako lurzoru osasuntsuak segurtatzea.

Lurzoruek giza bizitzarako duten garrantzi sakona erakustea eta lurra babesteko eta modu iraunkorrean erabiltzeko politikak eta neurriak babestea da sinposiumaren amaierako helburua. Hori guztiz garrantzitsua da Europa mailan, azken hamarkadetan bertako lurra nabarmen degradatu delako, eta neurriak hartu ezean are gehiago degradatuko delako ebidentziak daudelako. Gaur egun EBn ez dago politika komunik lurzorua babesteko. Ondorioz, lurzoruaren degradazioaren arriskuak landu behar dira, zientzian oinarritutako ezagutza sendo eta esanguratsua sortuz. Euskadin, lurraren narriadura galarazteko, Legebiltzarra dagoeneko lurzorua kutsaduratik babesteko Lege bat tramitatzen ari da, 2005ean onartutakoa ordeztera etorriko dena, eta eztabaida udako oporren aurretik amaitzea espero da.

Oparotasun eta bizi kalitatearen zutabea

Lurra da gure oparotasun ekonomikoaren eta bizi kalitatearen zutabeetakoa. Elikagai gehienak eta gizakiek erabiltzen dituzten zuntzak lurrean ekoizten dira (kontsumitzen ditugun kalorien %99 lurretik datoz, eta %1 baino ez itsasotik). Uraren kalitaterako eta ekosistemaren osasunerako funtsezkoa da, eta, ozeanoen ondoren, karbonorako bigarren hustubiderik garrantzitsuena da; ondorioz, funtsezko rola jokatzen du klima aldaketa arintzeari dagokionez.

Lurren eginkizunak bertan bizi diren organismo andanaren menpe daude, horiek planetaren biodibertsitatearen zati handi bat direlarik. Halere, lurreko baliabideak Europako alde askotan gainesplotatzen ari dira, degradatzen eta atzera bueltarik gabe galtzen, erabiltzeko praktika desegokien ondorioz, horien artean nabarmentzen direlarik lurraren erabileraren aldaketak, iragangaitz bihurtzen direlako, edo industri jardueretatik datorren kutsadura, erosioa eta karbono organikoaren galera.

Testuinguru horretan, biltzarraren xedeetako bat, lurzoruak degradatzeko kausak, prozesuak eta ondorioak aztertzeaz gain, horiek lehengoratzera zuzendutako azken ikerketak eta jarduerak ezagutaraztea da. Horrenbestez, Lurzoruaren Degradazioa Kontrolatzeko VII. Sinposium Nazionala egiteko arrazoia eztabaidarako foro bat eskaintzea da.

Neiker-Tecnalia, erreferentziazko zentroa lehenengo sektorearentzat

Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea irabazi asmorik gabeko sozietate publiko bat da, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoena. Zentro teknologikoak I+Gko helburu hauek lortzeko konpromisoa dauka: nekazaritzako ekoizpen sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiategietan kudeaketa teknologia berriak garatu eta aplikatzea, eta nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko industriari, balio bereizgarria duten produktuei eta, oro har, kontsumitzaileei dagozkien kalitate baldintzak betetzea.

Partekatu

Beste berri batzuk