NEIKER bazkatarako hainbat espezie aztertzen ari da abeltzaindegietan produkzio kostuak murrizteko

Bizkaia

Ikertzaileek artoaren alternatiba izateko udako bazka laboreak bilatzen ari dira, euria oro har urrituko dela-eta etorkizunean hobeto moldatzeko

Moha, artatxikia, bazka ekilorea eta Sudango bazka sorgoa dira aztertutako udako laboreetako batzuk

Maralfalfa espezie iraunkorrak (Pennisetum sp.) interes handia sortu du abeltzainen artean, produktibitate handiagatik eta mantentzeko kostu txikiagatik

OLYMPUS DIGITAL CAMERAAbeltegien lehiakortasuna eta errentagarritasuna segurtatzeko ezinbestekoa da ustiategian bertan ekoizten den bazkaren kantitatea eta kalitatea handitzea. Nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreari gai horren inguruko irtenbideak eskaintzeko, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutua udako hainbat bazka espezie ikertzen ari da, artoaren alternatiba bihurtzeko eta etorkizuneko agertoki klimatikora hobeto egokitzeko, tenperatura altuagoa eta euria urriagoa izango baita. Udako laboreez gain, maralfalfa espeziea ere (Pennisetum sp.) Euskal Herriko baldintza agroklimatikoetara nola egokitu ikertzen ari dira. Espezie horrek Hego Amerikan du jatorria eta iraunkorra da, hau da, urte osoan zehar ekoizten da.

Hauek dira ikertu diren udako bazka espezieak: moha, artatxikia, bazka ekilorea eta Sudango bazka sorgoa. Udako espezie horiek larre espezieak dira, garatzeko ur gutxiago behar dutenak, eta tenperatura altuagoetara egokituta daude. Guztiak artoarekin alderatu dira, eta bazkaren produkzioa zein kalitate nutritiboa baloratu dira, beste alderdi agronomiko batzuekin batera.

Aldi berean, maralfalfa (Pennisetum sp.) ikertzen ari dira, eta abeltzainen artean interes handia sortu du, produkzio altuagatik eta mantentzeko kostu urriengatik. NEIKER-Tecnaliak Derion dituen (Bizkaia) sail esperimentaletan probatu den maralfalfa materiala Hierro uhartetik dator, eta Kanaria Handiko Las Palmasko Unibertsitateak lagatakoa da. Hasierako emaitzek egoki ezarri dela erakusten dute, baina lehen urtean ez dela ebaki behar adierazi da, laborea sendotuko dela bermatzeko, eta bigarren urtetik aurrera bi ebaketa egin ahal izateko, guztira 57 t MLehor/ha-ko ekoizpena lortzeko.

NEIKER-Tecnaliak bere buruari jarri dion erronka bat maralfalfa Kantauri aldeko ingurunera egokitzea da, oso labore sentibera delako neguko tenperaturaren jaitsierarekiko, nutriente asko behar duelako eta istiltzen bada oso sentibera delako.

Pentsuaren prezioen mendekotasuna hautsi

Abeltzaintza intentsifikatu delarik, ekoizleek pentsu eta beste elikagai batzuen kantitate handiagoak erosi behar dituzte ustiategitik kanpo, eta horrek mendekotasun handia eragiten du prezio aldaketei dagokienez. Gaur egun, mendekotasun horrek produkzio kostuak oso altuak izatea ekarri du eta, ondorioz, abeltegien lehiakortasunari negatiboki eragitea. Horregatik, garrantzitsua da abelburuak eraginkortasunez eta iraunkortasunez elikatzen lagunduko duten labore berriak edukitzea, ingurumenaren ikuspegitik zein ikuspegi ekonomikotik.

Ustiategian bertan ekoitzitako bazkaren kantitatea eta kalitatea handitzeko aukera bat laborantzak txandakatzea da, betiere ingurumena zainduz, eta Kantauri aldeko urteko txandaketarik ohikoena “artoa (uda) / llollobelar italiarra (negua)” da. Txandaketa horren barruan, artoa da labore nagusia, produkzio osoaren %70ekin, eta neguko espezieak ondoren ereiten dira, eta saila hurrengo udaberrira arte okupatzen dute, hau da, berriro artoaren labore nagusia ereiten den arte.

Onura ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak

Proiektuaren emaitzak oso interesgarriak izango dira, erreferentzia bihurtu baitaitezke nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreko teknikarientzat eta kudeatzaileentzat, bateko eta besteko bazka sistemei buruz gomendioak egiteko orduan. NEIKER-Tecnaliako teknikariek hiru alderdi oinarrizko aztertuko dituzte bereziki: bazka espezie bakoitzaren kalitate nutritiboa eta ekoizpena; bazka espezie berriak ezartzeko eta mantentzeko jarraibide agronomikoak; eta bazkaren ekoizpenaren benetako kostuen balorazio ekonomikoa.

Egoera bakoitzari ondoen egokitzen zaion laborea hautatzeko baldintzak izango dira espezie bakoitzaren ezaugarri agronomikoak, balio nutritiboa, labore bakoitzari lotutako zereginak eta klimatologia, ustiategiaren interes eta behar partikularrekin batera.

NEIKER-Tecnaliak transferentzia eta hedapenerako ekintzak sustatuko ditu, amaierako erabiltzaileekin harreman zuzenagoa egon dadin, eta egindako lanaren egiazko eragina baloratu ahal izateko, eta, horrez gain, etorkizuneko ekintzak egokitu ahal izateko, bazka baliabideei lotutako beharrak asetzeko.

Probatu diren bazka laboreak, zelai eta larreekin batera, funtsezko zutabea dira Euskadiko abeltegien bideragarritasun ekonomikorako. Euskal nekazaritza lurraren %25 bazkaleku da, eta horrek ongi sustraitutako abeltzaintza dagoela erakusten du, eta sortu den paisaia abeltzainak eta nekazariak ingurunean integratzearen emaitza da; hain zuzen ere horregatik, paisaia horiek paisaia kulturaltzat hartu daitezke. Horregatik guztiagatik, bazka laboreen garapenak eta berrikuntzak, ustiategiaren jabeei mesede egiteaz gain, onura soziala ere sortzen du, euskal landa inguruneko paisaia mantentzen duen landa biztanleria sendotzen duelako, eta agroekosistema horietako ondasunen eta zerbitzuen hornidura bermatzen duelako.

Partekatu

Beste berri batzuk