NEIKER estrategia berriak ikertzen ari da mahastizaintzan fitosanitario gutxiago erabiltzeko

Araba

Helburua da mildiuaren eta oidioaren aurka borrokatzea, ohiko pestizida gutxiago erabilita

Fitosanitarioek mahatsean, muztioan eta ardoan uzten dituzten hondakinak ikertuko dira

FITOVID proiektua Europako Batzordearen LIFE prgramaren zati bat da, eta hiru urteko iraupena dauka

NEIKER 2Mahastizaintzan produktu fitosanitario gutxiago erabiltzea da NEIKER-Tecnalia (Nekazaritzaren Ikerketarako eta Garapenerako Euskal Institutua) datozen hiru urteetan garatuko den proiektuaren helburua. Ekimenaren helburua da erakustea posible dela mildiu eta oidioa mahastietan kalteak eragiten dituzten patologia nagusien tratamenduan fitosanitario gutxiago aplikatzea. Produktu horien erabilera murriztea oso garrantzitsua da ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspuntutik. Proiektua FITOVID deitzen da, eta Europako Batzordearen LIFE programaren zati bat da. NEIKER-Tecnaliak bazkide koordinatzaile lanetan dihardu, eta beste bazkideak hauek dira; AZTI, Tecnalia Research & Innovation, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa.

NEIKER-Tecnaliako ikertzaileen asmoa da erakustea, beste aldagai batzuen artetik, nola nekazariek erabili ohi dituzten fitosanitarioak berdin-berdin eraginkorrak izan daitezkeen kantitate gutxiagoan erabilita ere. Horretarako, beharrezkoa da mildiuaren eta oidioaren mikroorganismo eragileak maneiatu, kontrolatu eta haien kontra egiteko estrategia berriak probatzea eta ebaluatzea. Teknikariek erakutsi nahi dute posible dela patologia horien aurka egitea fitosanitarioen kantitate optimoa baino ez erabilita, kantitate hori mahastia dagoen Euskal Herriko zonalde geografikoaren arabera aldatuko delarik. Zehazki, ikerketa Arabako Errioxako eta Txakolinaren zonalde agroklimatikoetan egingo da.

Ohiko pestizidek duten arazo bat mahatsean eta, beraz, muztioan eta ardoan ere uzten dituzten hondakinak dira. Adituek fitosanitarioen gai aktiboek utzitako hondakinak neurtuko dituzte, eta erakutsiko dute nola aldatzen den hondakin horien presentzia ingurumenean zein lortutako produktuaren hainbat ataletan, mildiua eta oidioa tratatzeko erabilitako estrategien arabera, bai eta gizakien osasunean izan dezakeen ondorioa ere. Era berean, “zero hondakinekoak” izenez ezagutzen diren fitosanitarioen erabilera ebaluatuko da, ohiko produktuen erabilerarako alternatiba gisa.

Onddoa garaiz detektatzea

Bi gaixotasunak kontrolatzeko estrategiak onddoaren garaiz eta era lokalizatutan detektatzeko tresna teknologikoetan oinarrituta ezarriko dira. Teknologia berriek gaixotasunaren presentzia antzematea ahalbidetzen dute, baita sintoma ikusgarriak agertu baino lehen ere. Detekzio azkar horrek fitosanitarioak aplikatzeko unerik egokienak zehaztasun handiagoz aukeratzeko bidea ematen du.

Ikerketaren emaitza guztiak mahats ekoizleei aurkeztuko zaizkie esperimentatzeko eta erakusteko egingo diren hainbat saiakuntzatan. Proiektua Pestiziden Erabilera Iraunkorrari buruzko 2009/128/CE direktiba kontuan hartuta planteatu da, izan ere, direktiba horrek izurriteei aurka egiteko erabiltzen diren produktuen erabilera iraunkorra lortzeko esparru bat ezartzen du.  Direktibak eta LIFE FITOVID proiektuak berak pestiziden erabilerak gizakien osasunean eta ingurumenean eragiten dituzten arriskuak eta ondorioak murriztea bilatzen dute. Beste helburu batzuk dira izurriteen kudeaketa bateratua bultzatzea eta ohiko pestizida kimikoetarako alternatiben erabilera sustatzea.

NEIKER-Tecnalia, erreferentziazko zentroa lehen sektorearentzat

NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzaren mende dagoen irabazi asmorik gabeko sozietate publikoa da. Zentro teknologikoak I+Gko helburu hauek lortzeko konpromisoa dauka: nekazaritzako ekoizpen sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiapenetan kudeaketa teknologia berriak garatu eta aplikatzea, eta nekazaritzako elikagaien eraldaketa industriari, balio bereizgarria duten produktuei eta, oro har, kontsumitzaileei dagozkien kalitate baldintzak betetzea.

 

Partekatu

Beste berri batzuk