Neiker-Tecnaliak abeltzaintzako ustiategien ingurumen estrategien ebaluazioan lortutako emaitzak aurkeztu ditu
Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak (NEIKER-Tecnalia) BATFARM europar proiektua koordinatu du, Europako eskualde atlantikoko abeltzaintzako ustiategietan erabilitako teknologien eta erabileren eraginkortasuna ebaluatzeko helburuarekin, airean, urean eta lurrean duten ingurumen eragina murrizteari dagokionez. Proiektuaren emaitzen zabalkundea gaur egin da, Bizkaiko Teknologia Parkean, eta horien artean egon da ebaluazioa egiteko tresna informatiko baten aurkezpena.
Proiektuan Eremu Atlantikoko hainbat eskualdetako abeltzaintzako ustiategietan dauden teknologien azterketa zehatza egin da. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzaren menpekoa den NEIKER-Tecnalia erakunde publikoarekin batera, proiektuaren parte dira Teagasc-The Agriculture and Food Development Authority (Irlanda), IRSTEA (Frantzia), INTIA (Nafarroa), Glasgow Caledonian Unibertsitatea (Erresuma Batua) eta Agronomiako Goi mailako Institutua (Portugal). In situ ebaluatu diren teknologien artean daude arditegien zoru mota, gehigarrien erabilera mindak biltegiratzean, simaurraren iraulketa, baltsa malguak mindak kolektiboki biltegiratzeko, gasen biogarbitzaileak nabeetako aire konduktuen irteeretan eta mindak lurrari gehitzea.
Ekimena 2007-2013 Espazio Atlantikoko Nazioarteko Lankidetzako Programa Operatiboaren barruan kokatzen da. Kontinentearen alde horretan, abeltzaintzako ekoizpenaren zati handi bat produkzio eredu intentsibo baten bidez egiten da, esaterako, txerri azienda, hegaztiak eta ardi aziendaren zati handi bat. Horrenbestez, abereen hondakinen kudeaketaren arazoa komuna da proiektuan inplikaturiko eskualde guztientzat.
Ekoizpen eredu intentsiboak errentagarritasun ekonomiko handia dauka, baina arazo ugari ditu ingurumenari dagokionez, hala nola atmosferara gas kutsakorrak igortzea (amoniakoa, oxido nitrosoa eta metanoa) eta nitratoekin lurra eta ura kutsatzea. Ildo horretan, BATFARM proiektuko kideek software bat garatu dute (BATFARM) abeltzaintzako hondakinetan teknologiarik eta erabilerarik onenak aukeratzeko, ustiategiaren ezaugarrien arabera, ustiategiko nutrienteen galera murriztu ahal izateko (N, P, K, Cu, Zn), ekoizpen etapa bakoitzaren amoniako, metano eta oxido nitroso isurketak murriztu ahal izateko (ukuiluratzea, hondakinak biltegiratzea, hondakinak tratatzea eta lurrari aplikatzea). Softwarea aurki eskuratu ahal izango da tresna egiten parte hartu duten erakundeen webgunean.
Proiektuaren emaitzak interes taldeei, enpresei, abeltzaintza kudeatzeko organoei, erabaki politikoko organoei, ikerketa zentroei, amaierako erabiltzaileei eta gizarteari oro har helarazi zaizkie. Ondorio gisa, adierazi daiteke ez dagoela orokorrean gomendatzeko teknologia edo erabilera jakinik, hau da, horiek kasuan kasu aztertu behar dira; aitzitik, hondakinak tratatzeko eta erabiltzeko tratamendu kolektiboen eraginkortasuna agerian geratu da.
Teknika Eskuragarri Onenak ezartzeko direktiba
Abeltzaintzatik eratorritako ingurumen arazoari dagokionez, 2010/75/UE Europako Direktibaren (IED ere esaten zaio, Industrial Emissions Directive) helburua da abeltzaintzako ustiategi intentsiboetatik atmosfera, ur eta lurrera egiten diren igorpen guztiak arautzea (40.000 oilo, 2.000 gizentzeko txerri edo 750 zerrama baino populazio handiagoa duten etxaldeak), eta ingurumen baimen integratua ateratzera behartzen du. Direktibak Teknika Eskuragarri Onenak ezartzea proposatzen du, hau da, abeltzainek merkatuko teknologiarik onenak eta ustiategirako ekonomikoki bideragarriak aukeratu eta ezarri behar dituzte, emisioak prebenitzeko edo mugatzeko helburuarekin.