Neiker-Tecnaliak Europako ADAPTACLIMA II kapitalizazio proiektuan parte hartuko du

Bizkaia

  • Proiektuaren azken helburua SUDOE eremuan klima aldaketaren aurka borrokatzeko eta egokitzeko ekintza zehatzak martxan jartzea da, aurreko proiektuetan oinarrituz, eta bere emaitzak, ondorioak eta gomendioak kapitalizatzea
  • Zentro teknologikoak klima aldaketak nekazaritzan eta basozaintzan duen eraginari buruz lortu duen ezagutza emango du

ADAPTACLIMA II, “Klima aldaketara egokitzea Sudoe Eremuan”, programaren helburua da etorkizuneko klima nolakoa izan daitekeen eta klima aldaketaren ondorioz etorkizunean egon daitezkeen egoeretara nola egokitu jakinaraztea, eta bertan parte hartzen du Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak.  Proiektua Europako Hego-Mendebaldeko Eremuko Lurralde Lankidetzarako Programak finantzatzen du, eta helburua maila lokalean etorkizuneko eszenatoki klimatikoak jakinaraztea da, tenperatura, prez¡pitazio eta klimaren beste aldagai batzuei dagokienez. Jakintza horrek klima aldaketaren ondoriozko arriskuetara egokitzeko neurriak sustatzeko balioko du, nekazaritzan, arrantzan, industrian, turismoan zein beste jarduera batzuetan.

ADAPTACLIMAk Europako hego-mendebaldeko eremuko erreferente bihurtu nahi du –iberiar penintsula eta Frantziako hego-mendebaldea–, klima aldaketaren ezagutzaren arloan. Proiektuak, halaber, gida eta aholkularitzarako tresna izan nahi du nekazaritza eta basozaintza sektorearentzat, baita Europako alor politikoarentzat ere, klimari lotutako erabakiak hartzeko orduan. Halaber, gizarte osoarentzako informazio eta sentsibilizazio plataforma izan nahi du.

Europako proiektu horren barruan, Neiker-Tecnaliak klima aldaketak nekazaritza eta basozaintza sektoreetan duen eraginari buruz daukan ezagutza erakutsiko du, ardogintzaren sektorean eta nekazaritzan karbono aztarnaren kalkuluan duen esperientziarekin batera (Más Vino Menos CO2 eta AGROLCAmanager, LIFE 10 ENV/ES/486 proiektuak). Lehenengoari dagokionez, zentro teknologikoak informazio geografikorako sistema bat garatuko du, laboreen hazkunde ereduei lurraren eta eszenatoki klimatikoen informazioa ere gehitzen diena.

Karbono aztarnari dagokionez, berriz, Neiker-Tecnaliak ADAPTACLIMA II proiektuaren zein parte hartzen ari den beste batzuen esparruan orain arte lortutako emaitzak ardogintzaren sektoreari transferituko dizkio. Proiektuaren zabalkundea egiteko mintegi teknikoak eta emaitzei buruzko antolatzea aurreikusi da, Bodegas Faustino bazkide laguntzailearen lankidetzan.

ADAPTACLIMA II Espainia, Frantzia eta Portugalgo bederatzi bazkidek osatzen dute.  NEIKER-Tecnaliaz gainera, Espainiako bazkideak dira: Instituto Galego de Vivienda e Solo (Galiziako Xunta), ADESVAL (Asociación para el desarrollo del Valle del Alagón), AIMRD (Asociación Ibérica de Municipios Ribereños del Duero) eta Ingurumen Kontseilaritza (Andaluziako Junta). Frantziako bazkideak dira La Chambre d´agriculture de la Dordogne eta Association Climatologique de la Moyenne Garonne. Tras-os-Montes e Alto Douroko Unibertsitateak Portugalen izenean parte hartzen du.

Partekatu

Beste berri batzuk