NEIKER-Tecnaliak nekazaritzako elikagaien hondakinak olio bihurtu ditu mikroalgen hazkuntzaren bitartez
Ekoitzitako olioa kalitate onekoa da eta biodiesel bihurtu daiteke, bioerregaien salmenta arautzen duen legeak ezarritako estandarrak beteta
Olioa lortzeko prozesua CYCLALG proiektuaren parte da, eta helburua da mikroalgen inguruan biofindegi eredu bat garatzea
NEIKER-Tecnaliak Chlorella mikroalga kultibatzeko prozesu bat garatu du, bere pisuaren %50 baino gehiago olio moduan lortu ahal izateko, baldintza jakin batzuetan kultibatuz gero. Mikroalgetan oinarrituta lortutako olioaren ezaugarria da azido oleiko eta palmitiko eduki handia duela eta biodiesel bihurtu daitekeela, bioerregaien salmenta arautzen duen legeak ezarritako estandarrak Beteta.
Olioa lortzeko giltzarria da alga hazteko erabiltzen den kultibo ingurunea: %80 baino gehiago hondakin organikoetatik lortutako nutrientez osatuta dago, horien artean egonik linazia, haran hondarrak eta arto kontserbenak edo patata azalak. Erabilitako beste hondakin bat algaren biomasa bera da, koipea kendu eta gero, gehienbat proteinaz eta karbono hidratoz osatua. Nabarmenena da kultibo ingurunean hondakin horiek nutriente moduan erabiltzeak prozesuaren produktibitatea %30 handitzea eragin duela.
Europar Batasunak biomasarako erabakitako estrategia berriak agerian jartzen du baliabide biologiko berrien inguruko ikerketa sustatu behar dela, dauden balio kateen dibertsifikazioa errazteko. Mikroalgak horrelako baliabideen adibidea dira. Landare mikroskopiko horien hazkuntzak balio ekonomikoko produktu sorta zabala lortzea ahalbidetzen du, eta, aldi berean, ongi egokitzen da ingurumen iraunkortasunerako beharrezko alderdiekin.
Mikroalgak, bioproduktuak lortzeko lehengaia
Mikroalgen hazkuntzaren ezaugarri nabarmenenetakoa bere produktibitate handia da, beste edozein landare kultiborena baino handiagoa baita. Gainera, proteina, lipido eta karbohidratoetan aberatsak direnez, mikroalgak gaur egun balio handiko lehengaitzat jotzen da, hainbat sektore ekonomikoetan ustiatzeko.
Bere konposizio kimikoari esker, mikroalgak ahalmen handiko lehengaia (biomasa) dira biofindegiak garatzeko (elikadurako inputen, produktu kimikoen eta erregaien ekoizpen integratua). Ahalmen komertzialetik harantzago, mikroalgen hazkuntza bide interesgarria izan daiteke hondakinak balorizatzeko estrategia berriak garatzeko, oso mesedegarriak ekonomia zirkularrarentzat,
CYCLALG, mikroalgak kultibatuz biodiesela lortzeko proiektu bat
NEIKER-Tecnalia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko erakunde publikoa CYCLALGen koordinatzailea da; I+G+Bko proiektu horren helburua prozesu teknologikoak garatzea eta balioztatzea da, mikroalgen hazkuntzaren bidez biodiesela lortzeko prozesuaren errentagarritasun ekonomikoa eta ingurumen iraunkortasuna hobetu ahal izateko. Proiektuak bioekonomia zirkularraren printzipioak barneratzen ditu, eta mikroalgen biomasaren balioa handitzen saiatzen da, baliabideak efizientziaz erabiliz eta hondakinen bizitza baliagarria luzatuz.
CYCLALG Espainia-Frantzia-Andorra arteko lankidetzazko lurralde proiektu bat da, POCTEFA 2014-2020 esparruaren barruan, eta bazkide hauek parte hartzen dute bertan, NEIKER-Tecnalia koordinatzaileaz gain: CENER-CIEMAT Fundazioa, Tecnalia Research & Innovation Fundazioa, Nafarroako Industriaren Elkartea (AIN), Association Pour Lenvironment et la Securite en Aquitaine (APESA) eta CATAR-CRITT Agroressources. Proiektuaren aldizkako azken bilera orain dela gutxi egin da NEIKER-Tecnaliaren instalazioetan; Arkautin.
Proiektuaren azken helburua da mikroalgen inguruan biofindegi eredu bat garatzea, hau da, mikroalgen biomasa modu integral batean ustiatzea, baliabide, material eta energiaren fluxuak optimizatzeko, eta erabilera komertzial ugari sortzeko. Chiorella mikroalgatik abiatuta, erronka gutxienez bost produktu merkaturagarri lortzea da: bi produktu energetiko (biodiesela eta metanoa), aminoazidoetan aberatsa den kontzentratu bat, nekazaritzan erabiltzeko ongarri bat eta industria kosmetikorako biomolekulak.