NEIKERek 3 ikertzaile ditu berriro Stanfordeko rankingean, bikaintasun zientifikoarekin duen konpromiso sendo eta jarraituaren adierazgarri

Hain zuzen, honako hauek dira: Carlos Garbisu, ingurumen mikrobiologian aditua eta NEIKEReko zuzendari zientifikoa; Inma Estévez, etologia aplikatuaren eta animalia-ongizatearen arloko zientzialari ezaguna; eta Ramón Juste, animalien osasunean aditua
Duela gutxi, Stanfordeko Unibertsitateak eguneratu egin du munduko ikertzaile onenen zerrenda, Scopus atariko zientzia arloko argitalpenetako aipuetan oinarrituta. Aurten ere, AEBko unibertsitate ospetsuak bere zerrendan jaso ditu Carlos Garbisu doktorea, NEIKEReko Zuzendari Zientifikoa, Inma Estévez, NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko Departamentuko ikertzailea, eta Ramón Juste doktorea, Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzailea.
Munduko ikertzailerik aipatuenak daude zerrendan, aitortza ikaragarria da, horrenbestez, zerrenda osatzen dutenentzat. Izan ere, gaur egun, ranking hori nazioarteko erreferentzia zientifikoko dokumenturik entzutetsuena da zientzialariek egindako lanak zer-nolako eragina duen ezagutzeko.
Aitortzak erakusten du, halaber, NEIKER osoaren bikaintasun zientifikoa, eta bereziki da merezimenduzkoa, kontuan hartuta, batetik, zentroko ikertzaile kopurua txikia Stanfordeko rankingean ere badauden beste zentro askoren aldean, eta bestetik, ikerketa, zerbitzu teknologikoak eta euskal lehen sektorerako transferentzia uztartzen dituela, balio erantsia emateko eta lehiakortasuna hobetzeko, batez ere Animalia Ekoizpenaren eta Albaitaritza Zientzien arloetan, zeinetan erreferentzia bakarra baita EAEn.