NEIKERek carpocapsa edo sagarretako harra kontrolatzeko zortzi gune ezarri ditu Araban

Araba

Zentro teknologikoaren Ohar Sistemak ekoizleak alertatuko ditu sitsaren presentziak tratamendua egitera behartzen duenean.

?????? ???Carpocapsa edo sagarretako harra sagarrondo, udareondo, intxaurrondo eta irasagarrondoen plagarik garrantzitsuena da. Beraz, guztiz beharrezkoa da kumeak fruituaren barruan jartzen eta sartzen den sitsaren kontrola eta jarraipena egitea, ekoizleei galera handiak eragiten baitizkie. Arazoari irtenbide berritzaileak eskaintzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen eta irabazi asmorik gabeko sozietate publikoa den NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak, espezie horretarako zortzi kontrolgune ezarri ditu Araban, sagarra ekoizten duten hainbat eskualdetan. Jarraipenak nekazariak ohartaraztea ahalbidetuko du, SMS eta posta elektroniko bidez, populazioaren mailak kontrolerako interbentzioa justifikatzen duen unean. Kontrola orain dela urte batzuetatik hona egiten ari da Gipuzkoako lurraldean eta, berez, NEIKERen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmen bat dago xede horrekin.

Carpocapsarentzako (Cydia pomonella) tranpek espezie horren feronoma sexualak dituzte, ar helduak erakartzen dituztenak. NEIKER-Tecnaliako teknikariek, edo nekazari laguntzaileek, tranpa batean asteko 3-4 ale detektatzen dituztenean zentro teknologikoaren Ohar Sistematik alerta mekanismoa jartzen da martxan, pertsona interesdunak ohartarazten dituena, sagarretako harraren kontra gomendatutako tratamendua egin dezaten.

Carpocapsaren kontrola berezi interesgarria da nekazaritza ekologikoaren ekoizpenerako, bertan ez baita pestizida konbentzionalik erabiltzen. Espeziearen jarraipenari esker, ekoizle ekologikoek lepidoptero horren presentzia kontrolatu dezakete eta kalterik gabeko edo kalte portzentaje onargarri bateko produkzioak lortu (eragindako produkzioaren %0-5 inguru). Nekazaritza konbentzionalak, berriz, era berean erne egon behar du carpocapsaren presentzia dela eta, fitosanitarioen erabilera jasangarriak (128/2009 Direktiba) behartu egiten baitu plagen kudeaketa integralera eta, beste neurri batzuen artean, kontrol kimikoaren beharra ezartzen du, tratamendu atalasearen arabera, baita borrokatzeko metodo alternatiboekin konbinatzeko beharra ere.

Kontrolguneak Arabako Murgia, Altube (2), Done Bikendi Harana, Uribarri Harana, Basabe, Maeztu eta Matura. Jarraipena NEIKER-Tecnaliaren Ohar Sistemaren beste ekarpen bat da, eta hori doako on line zerbitzua da, nekazariak plagen presentziaz prebenitzeko eta labore eta ureztapenen tratamenduei buruzko gomendioak emateko, beste xede batzuen artean. Zeregin horretarako, NEIKERek hainbat pertsonaren lankidetza dauka, eta horiek, prestakuntza berezia jaso eta gero, astero datuak bidaltzen dituzte ohar sistemara. Gure laguntzaile beteranoenetakoak dira Maturako Alberto Beitia jauna, Mikel Agirre Murgiako IES Institutuko irakaslea, Basabeko Jose Miguel Fenandez Astobiza eta Maeztuko Carlos Cid.

Urtean bi errunaldi, udaberrian eta udan

Carpocapsak, oro har, bi belaunaldi izan ohi ditu urtean. Lehen tximeletak maiatz amaieran edo ekain hasieran agertzen dira, eta bigarren belaunaldia uztail amaieran, gutxi gorabehera. Oro har, fruituak inguratzen dituzten hostoetan jartzen dituzte arrautzak, udan izan ezik, orduan zuzenean fruituan jartzen baitituzte. Arrautzak jarri eta egun batzuen buruan, arrautzak eklosionatu eta har kumeak fruitua hozkatzen hasten dira, ondoren barruan sartzeko.

Espeziearen populazioaren dentsitatea ebaluatzeko, sexu feromonaz hornitutako tranpak erabiltzen dira, eta horiek informazioa ematen dute hegaldi garaian plagari buruz; datu horiekin, tratamendurik egin behar den eta noiz egin erabakitzen da. Lehenengo helduak agertu baino lehen, sagarrondoetako adarretan tranpak jartzen dira zintzilik; eskuarki, arbolako loreen petaloak erortzen diren egunetan jartzen dira. Hektarea bakoitzeko tranpa bana jartzea gomendatzen da, gehienez ere lau hektareako azalera batean, saila homogeneoa eta jarraitua bada. Tranpa horien bitartez carpocapsaren intsektu heldu arrak harrapatzen dira.

Plaga horri buruzko informaziorik garrantzitsuena helbide honetan kontsultatu daiteke: http://www.avisosneiker.com/c/cultivos/manzano/

Partekatu

Beste berri batzuk