NEIKERek eta CIC bioGUNEk lankidetza hitzarmena sinatu dute I+G+B jarduerak egiteko
Lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute bi zentroetako ikertzaileen arteko harremanak eta elkarlana sustatzeko
Hainbat ikerketa ildo partekatzen dituzte, hala nola kaparrek eta beste bektore batzuek transmititzen dituzten gaixotasunak, tuberkulosia edo gaitz prionikoak
NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak eta CIC bioGUNEk lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, datozen lau urteetan bi zentroetako ikertzaileen arteko elkarlana sustatzeko helburuarekin.
Bi zentroek hainbat ikerketa ildo partekatzen dituzte, hala nola kaparrek eta beste bektore batzuek transmititzen dituzten gaixotasunak, tuberkulosia edo gaitz prionikoak, besteak beste. Bi erakundeak Zientzia eta Teknologia Euskal Sareko kideak dira, eta modu osagarrian jarduten dute euren kolaboratzaileei diziplina askoko izaera eskaintzeko; horrenbestez, gaixotasunak ikuspegi desberdinetatik aztertu ditzakete, maila guztiak barneratuz, hasi oinarrizko ikerketatik ikerketa aplikaturaino, gizartera transferitu ahal izango diren irtenbide eraginkorrak eta baliagarriak aurkitzeko.
Hitzarmenaren bitartez, elkarrenganako aholkularitza teknikoa egiteko oinarriak ezarri dira: prestakuntza ikastaroetan parte hartuko dute, esparru estataleko zein internazionaleko proiektuetan parte hartzeko proposamen bateratuak egingo dituzte, eta elkarlanean jardungo dute ikerketaren emaitzen transferentzia eta emaitza horien aplikazio praktikoa egiteko.
Halaber, NEIKERek eta CIC bioGUNEk bi zentroetako ikertzaileen esku jarriko dituzte instalazio eta ekipamendu erabilgarriak, ikertzaileen eta teknikarien mugikortasuna erraztuko da, doktore tesiak elkarrekin zuzentzea bultzatuko da eta elkarri aholkularitza emango diote bi erakundeen jarduerari lotutako alderdietan.
Neiker-Tecnalia
Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea irabazteko asmorik ez duen Erakunde Publiko bat da, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako Sailari atxikita dago. Teknologia zentroak I+G arloko helburu hauekiko konpromisoa du: nekazaritzako produkzio sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiategietan kudeaketako teknologia berriak garatzea eta aplikatzea, eta nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko industriaren bereizgarriak dituzten produktuen eta, oro har, kontsumitzailearen kalitate eskakizunak asebetetzea.
CIC bioGUNE
BioGUNE Ikerketa Zentroak Bizkaiko Parke Teknologikoan du egoitza, ikerketa biomedikoan diharduen erakundea da, eta abangoardiako ikerkuntza garatzen du biologia estrukturalaren, molekularraren eta zelularraren arteko interfazean, arreta berezia jarriz gaixotasunaren oinarri molekularrari, diagnostiko metodo berriak eta terapia aurreratuak garatzeko.