NEIKERek informazio agroklimatikoari eta simulazio agronomikoari buruzko web zerbitzu bat plazaratu du
Informazioa Neikerren Ohar Estazioaren barruan dago, non sagarrondoaren karpokapsari eta mahatsondoaren sitsari buruzko informazioa ere ematen den
NeikerMetek prezipitazioen datu historikoak, ureztatzeko gomendioak eta izozteen gaineko datuak kontsultatzeko aukera emango du
Emandako informazioa baliagarria da nekazaritzako lanak epe ertain eta luzera planifikatzeko
NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak NeikerMet plazaratu du, informazio agroklimatikoa emateko eta simulazio agronomikoa egiteko zerbitzu bat. Horri esker, erabiltzaileek kontsultak egin ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan prezipitazioen datu historikoak oinarritzat hartuta, eta ureztatzeko gomendioak jaso ahal izango dituzte, izozteen gaineko informazioarekin batera. Informazioa NEIKER-Tecnaliako Nekazaritza eta Basoko Oharren Estazioan dauden zerbitzuen parte da, eta oso interesgarria da EAEko lehen sektorearentzat, nekazaritzako lanak epe ertain-luzera egoki planifikatzen laguntzen duelako. Oharren Estazioaren zerbitzu berrien artean, sagarrondoaren karpokapsari eta mahatsondoaren sitsari buruzko informazioa ematen da.
NEIKER-Tecnaliak prezipitazioen eszedentziari eta udaberri eta udazkeneko izotz probabilitateari buruzko informazioa dauka hamabostaldika eta hilabeteka, Arkautiko estazio meteorologikoan 50 urte baino gehiagoan egunero hartutako datuetan oinarrituta. Halaber, Arabako lurralde historikoan 30 urte baino gehiagoko ureztatze kanpainen simulazioak dauzka bertako laborantza ureztatu nagusien inguruan (patata, artoa eta erremolatxa).
Aplikazioaren prezipitazioen moduluan aukera ematen zaie erabiltzaileei hamabostaldi edo hilabete jakin baterako emandako atalasetik gorako eta beherako prezipitazioak gertatzeko probabilitatea ezagutzeko. Izotzen moduluak, halaber, urteko une jakin batzuetan izotza egiteko probabilitatea jakitea ahalbidetzen du.
Azkenik, ureztatzeko kanpaina historikoen simulazioak informazioa eskaintzen du ureztatze kanpaina batean zehar kantitate jakin baten gainetik edo azpitik ureztatu beharreko probabilitatea ezagutzeko.
NeikerMeten dauden serie meteorologiko historikoak aldizka eguneratuko dira. Zerbitzuaren barruan, aurki laboreak simulatzeko modulua bat inplementatu nahi da, eta bertan eredu agronomikoetan oinarritutako labore jakin batzuen simulazioetatik sortutako informazioa aurkeztuko da.
Sagarrondoaren harrari eta mahatsondoaren sitsari buruzko informazioa
Nekazaritza eta Basoko Oharren Estazioaren bitartez, NEIKER-Tecnaliak sagarrondoaren karpokapsaren eta mahatsondoaren sitsaren zenbaketak eskaintzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan jarrita dituen tranpetan jasotako datuekin.
Karpokapsa edo sagarrondoaren harrak sagarraren produkzioari eta kalitateari larriki eragiten dion izurrite bat da. Beste fruta arbola batzuei ere eragiten die, esaterako, madariondoari edo intxaurrondoari. Karpokapsak oro har bi belaunaldi izan ohi ditu urtean: lehen tximeletak maiatz amaieran edo ekain hasieran agertzen dira, eta bigarren belaunaldia uztail amaieran, gutxi gorabehera. Fruitua inguratzen duten hostoetan jartzen ditu arrautzak, udan izan ezik, orduan zuzenean fruituaren gainean jartzen baititu. Egun batzuen buruan har kumeak atera eta fruitua hozkatzen hasten dira, ondoren barruan sartzeko. Karpokapsaren populazioaren dentsitatea ebaluatzeko feromona sexualak dituzten tranpak erabiltzen dira, eta horrela izurriteak hegaldi garaian duen mailari buruzko informazioa lortzen da.
Mahatsari erasotzen dioten mordoko sitsen barruan hainbat lepidoptero espezie daude. Gaur egun protagonismorik handiena duena Lobesia botrana da, egin dezakeen kalteagatik. Larbak mordoko baiekin elikatzen dira, baiaren barruan zulo txikiak eginez, eta horrek onddoak sartzea ahalbidetzen du, esaterako, botritisa. Populazioa aztertzeko ohikoa da feromona bidezko tranpetan arrak harrapatzea.