NEIKERek klima aldaketak tempranillo mahatseko ardoan duen eragina ikertu du
Klima aldaketak tempranillo mahats barietateko ardoen kalitateari eragingo dio, NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak egindako ikerketa baten arabera; ikerketan parte hartu dute baita ere Nafarroako Unibertsitateak eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) Aula Deiko Estazio Esperimentalak (EEAD). Erakunde horietako zientzialariek mahatsondoek klima aldaketako baldintzetan duten portaera ikertu dute, hau da, tenperatura handiagoan, CO2 presentzia handiagoan eta giro lehorragoan. Emaitza antoziano gutxiagoko muztioa da, eta horrek kolore gutxiagoko ardoa ematen du, hau da, kalitate gutxiagokoa. Urtzi Leibar nekazaritzako ingeniariak zuzendu duen ikerketaren emaitzak gaur aurkeztuko dira European Geosciences Union (EGU) erakundearen biltzarrean, Vienan (Austria).
Ikerketa ‘Vitis vinifera cv. Tempranillo’ espezieko mahatsondoekin egin da, berotegian. Aztertutako hiru faktoreak izan ziren klima aldaketa, landarearen estres hidrikoa eta lurraren egitura. Klima aldaketak mahatsean duen eragina analizatzeko, hainbat mahatsondo jarri ziren CO2 presentzia handiagoarekin, tenperatura handiagoarekin eta hezetasun erlatibo gutxiagorekin, eta beste mahatsondo batzuk gaur egungo klima baldintzekin.
CO2 eta tenperatura aldaketez gain, aurreikusten da klima aldaketak euri gutxiago ekarriko duela, eta euria muturragoko ekinaldietan banatuko dela. Arrazoi horregatik, ikertzaileek bi tratamendu desberdin egin zituzten mahatsondoekin. Horietako bat behar bezala hidratatutako landareekin (lurraren ur edukia %25-30 izanik) eta bestea defizit hidrikoan jarritako landareekin, zeinei besteei baino %40 ur gutxiago eman zitzaien. Lurrari dagokionez, hiru egitura desberdin aztertu ziren, %9, %18 eta %36ko buztin edukiarekin.
Parametro produktibo eta kualitatiboei dagokienez, emaitzarik esanguratsuenen artean ikusi zen klima aldaketak mahats bilketa bederatzi egun aurreratu zuela. Aurrerapen horrek antozioanoen kontzentrazioa murriztu zuen, eta ondorioz kolore gutxiagoko ardoak eman zituen. Horrez gain, muztioaren pH-a igotzea eragin zuen. pH-aren maila alderdi interesgarria da upategientzat, ardoak ezin hobeto kontserbatzeko maila baxua behar baita.
Ur gabeziak, berriz, fruta ontzeko aldia atzeratu zuen –mahats bilketa hamar egun geroago egin zen–, eta mahastiaren hazkuntza urritu zen. Egoera horrek, halaber, muztioaren pH-a igotzea eta polifenolen edukia murriztea eragin zuen. Polifenolak mahatsen azal eta pipitetan aurkitzen dira, eta ardoari aroma, kolorea eta zaporea ematen diote. Lurrari dagokionez, hareatsuenek –buztin eduki txikiagoa– antoziano gehiagoko muztioak eman zituzten, hau da, kolore biziagokoak.
Informazio interesgarria ardogintzaren sektorearentzat
NEIKER-Tecnaliak, Nafarroako Unibertsitateak eta EEAD-CSICek eginiko azterketaren azken helburua da ardogintzaren sektoreari laguntzeko informazioa lortzea, aurreikusten diren baldintza klimatikoen kaltea arindu ahal izateko edo, bestela, agertu daitezkeen aukerak aprobetxatzeko.
Klima da mahatsa lantzeko eta ardoa ekoizteko eskualde baten egokitasunean eraginik handiena daukan faktorea, zuzenean eragiten diolako mahastiari eta mahatsaren kalitateari. Horrenbestez, klima aldaketa sektoreak oso kontuan hartu beharreko alderdia da.
Estatuan mahastien hedadura 954.000 hektarea da, hau da, landutako azalera osoaren %5,6. Ardogintzaren sektorea oso jarduera garrantzitsua da, sortzen duen balio ekonomikoagatik, biztanle askori enplegua ematen dielako eta ingurumena zaintzen jokatzen duen rolagatik.