NEIKERek lehendabiziko aldiz identifikatu du Espainian patataren mildiua eragiten duen onddoaren BLUE13 arrazaren presentzia

Araba

Gaur egun Europan erregistratuta dauden Phytophthora infestans multzoko erasokorrena da. Onddoa etengabe bilakatzen da, gero eta aldaera oldarkorragoak sortuz.

NEIKER. Mildiu patata 1Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen eta irabazi asmorik gabeko sozietate publikoa den NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko zientzialariek Phytophthora infestans-en egitura genetikoaren azterketa egin dute –patataren mildiua eragiten du–, eta Espainian lehendabiziko aldiz Blue13 genotipoa identifikatu dute (13_A2). Identifikazioa mikrosatelite markagailuekin egindako genotipaketaren bidez egin da (SSR). Aurkikuntza Nestor Alor ingeniari agronomoaren doktore tesian lortutako emaitzen fruitua da; tesia Lleidako Unibertsitatean aurkeztu da, eta Jose Ignacio Ruiz de Galarreta doktoreak zuzendu du.

Phytophthora infestans-en Blue 13 arraza gaur egun Europan dagoen genotiporik erasokorrena da, eta Araba, Ourense eta Tenerifeko patata soroetan detektatu da. Mildiua eragiten duen onddoa bilakaera etengabean dago, eta orain dela urte gutxi arte zeuden baino aldaera askoz oldarkorragoak eta erasokorragoak sortzen ari da. Egoera horrek esan nahi du patata ekoizleek gero eta arazo gehiago izango dutela gaixotasunari aurre egiteko eta kontrolatzeko.

Horrez gain, NEIKER-Tecnaliako ikertzaileek ‘Misc’ izeneko beste bi aldaera identifikatu dituzte, Araban eta Cadizen hartutako laginetan. Aldaera horiek ez datoz bat orain arte Europan deskribatutako beste edozein arrazarekin, eta horrek esan nahiko luke dauden bi estalketa moten birkonbikazio sexualaren bidez sortu direla (A1 eta A2). Onddoaren bi sexu tipoen arteko gurutzaketa posibleak aldaketa garrantzitsua ekarriko luke Espainian patogenoak duen epidemiologiari dagokionez. ‘Misc’ izenaz identifikatu den isolatua Andaluziako Juntak Sevillan duen Landare Ekoizpen eta Osasuneko Laborategi batek egindako prospekziotik dator.

Arraza berri erasokor eta erresistenteagoak

NEIKER-Tecnalia, gainera, azken urteetan patogenoaren arraza fisiologiko berriak detektatzen ari da, orain arte hauteman gabeko erasokortasuna dutenak eta gaur egun gaixotasunari aurre egiteko erabiltzen diren hainbat fungizidarekiko erresistenteak direnak. Halaber, ikusten ari da arraza berriak aurkako baldintza klimatikoetara egokitzen ari direla, eta horrek ekintza eremua zabaltzea ahalbidetzen die, lehenago garatu ezin ziren baldintzetan.

P. infestans-en aldaketa horiek eragin zuzena izan behar luke mildiuarekiko erresistenteak izango diren patata aldaera berriak garatzeko ahaleginak kontzentratzeko. Aldi berean, beharrezkoa da gaixotasunari buruzko alerta sistemak egotea, ohar estazioen bitartez, baita produktu fitosanitarioen aplikazio eraginkorra egitea ere. Ildo horretan, ezinbestekoa da hainbat printzipio aktibo konbinatzea onddoan erresistentziak agertzea galarazteko, horiek bereziki materia aktibo bera erabiltzearen ondorioz sortzen baitira.

Prospekzioa zortzi probintziatan

Azterketa Espainian patata ekoizten duten zortzi probintziatatik hartutako P. infestans-en laginekin egin da: Araba, Cadiz, Ciudad Real, Jaen, Kordoba, Ourense, Tenerife eta Sevilla. Analisiak Euroblight (http://euroblight.net) ikerketa taldearekin lankidetzan egin dira, zeina “Potato blight mapped in Europe” proiektua garatzen ari den. Ekimen horretan NEIKER-Tecnaliak patataren ikerketan esperientzia handia duten beste zentro batzuekin batera parte hartzen du, horien artean egonik Eskoziako James Hutton Institutua eta Holandako Wageningeneko Unibertsitatea.

Neiker-Tecnaliak patataren laborantzan garrantzia duten eta oraindik laginik eman ez duten beste eremu garrantzitsu batzuetan jarraituko du prospekzioa egiten, Espainiako ekoizpen gune guztien mapa osatzeko helburuarekin. Horretaz gain, azterketa garrantzi ekonomiko handia duten beste espezie batzuetara zabaldu nahi da, esaterako, tomatera, mildiuak ostatu hartzen duen laboreetakoa baita. Prospekzioak gaixotasunaren bilakaera eta epidemiologia sakonago ezagutzen lagunduko du eta, horrenbestez, patogenoa kontrolatzeko estrategiak hobetzen.

NEIKER-Tecnalia, erreferentziazko zentroa lehen sektorean

NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen irabazi asmorik gabeko Sozietate Publikoa da. Zentro teknologikoak I+Gko helburu hauek lortzeko konpromisoa dauka: nekazaritzako ekoizpen sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiategietan kudeaketa teknologia berriak garatu eta aplikatzea, eta nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko industriari, balio bereizgarria duten produktuei eta, oro har, kontsumitzaileei dagozkien kalitate baldintzak betetzea.

Partekatu

Beste berri batzuk