NEIKERek nutrizio balio eta ahalmen industrial handiko bi patata aldaera berri sortu ditu

Araba

‘Entzia’ eta ‘Miren’ aldaerek kolore more eta hori deigarria dute, hurrenez hurren

Patata morearen ezaugarria osagai bioaktiboen kontzentrazio handia eta ahalmen antioxidatzailea da

‘Miren’ produktibitate handiagatik, garbiketarako ahalmenagatik eta zapore onagatik nabarmentzen da

Patata berriek ezaugarri ezin hobeak dituzte etxean, gastronomikoki zein industrialki erabiltzeko

EntziaPatata funtsezko elikagaia da pertsonen elikaduran, eta bi aldaera berri ditu, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen eta irabazi asmorik gabeko sozietate publikoa den NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak landu dituenak. ’Entzia’ eta ‘Miren’ dira, eta beren ezaugarria da nutrizio balio eta ahalmen industrial handia dutela. Biek itxura deigarria dute, ‘Miren’ aldaerak kolore hori biziko mamia baitu, eta ‘Entzia’-k, berriz, morea. Berezitasun horrek bide interesgarria irekitzen die etxean zein gastronomiaren arloan erabiltzeko, industrian erabiltzeko ere oso egokiak izateaz gain. Tuberkulu berriak Aldaera Komertzialen Erregistroan inskribatu dira dagoeneko.

‘Entzia’ aldaeraren kolore more harrigarria oso erakargarria da, baina badu bestelako ezaugarririk ere. Bere ezaugarrien artean dago osagai antioxidatzaileen presentzia handia, eta horrek, balio nutrizional handia emateaz gain, elikagai funtzional bihurtzen du. Gainera, antozianina kantitate handia dauka, hau da, ahalmen bioaktibo handiko pigmentua, pertsonen osasunerako oso mesedegarria, eta oso preziatua balio erantsi handiko elikagaiak prestatzeko orduan.

Mamiaren eta azalaren kolore morearen ondorioz, ‘Entzia’ batez ere merkatu espezializatu eta gastronomikora zuzenduta dago, baita elikaduraren industriara ere, oso egokia baita elikagai funtzionalak sortzeko, hala nola pureak eta koloretako txip frijituak. Konposatu bioaktiboen kontzentrazioa –fenolak eta C bitamina, besteak beste– eta ahalmen antioxidatzailea gainerako aldaera konbentzionaletan baino dezente handiagoak dira.  Zehazki, fenolen balioak gainerakoetan baino 4-30 aldiz handiagoak dira; eta ahalmen antioxidatzailea, berriz, 2-10 aldiz handiagoa.

’Entzia’-k halaber, burdin, zink, potasio eta magnesio kontzentrazio handia aurkezten du, hau da, pertsonen nutrizio egokirako funtsezkoak diren lau mineral. Patata honetako 100 gramoko anoa fresko batek eguneko gomendatzen den burdin eta zink kantitatearen (EGK) %25 inguru dauka, eta potasio eta magnesio kantitatearen %17 eta %22, hurrenez hurren.

‘Miren’ aldaerak sukaldaritzarako dituen ezaugarri nagusiak dira egosketan duen portaera ona, zapore ona eta egitura sendo eta fina. Halaber, karoteno kontzentrazio handia dauka –dietaren funtsezko elementu kimikoa da–, ohiko aldaera komertzialek dutena baino handiagoa.

‘Miren’ patataren produktibitate handia, garbiketarako ahalmen egokia, forma obalatua, kolore horiko itxura deigarria eta begiak oso azalekoak direla kontuan hartuta, aldaerak ahalmen handia dauka ikuspegi komertzialetik begiratuta.

‘Entzia’ eta ‘Miren’-en beste ezaugarri bat gaixotasunekiko erresistentzia handitu dela da, batez ere patataren ‘Y’ birusari eta Pectobacterium atrosepticum bakterioari dagokienez, hurrenez hurren. Bi gaitz horiek landarea ahultzen dute, eta produkzioa nabarmen urritzen.

Sortzeko prozesu naturala

NEIKER-Tecnaliak aldaera berriak sortzeko erabiltzen duen prozedura metodo naturaletan oinarrituta dago erabat, ezaugarri agronomiko onak dituzten eta laborearen gaitz nagusiekiko erresistentzia duten aldaera desberdinak gurutzatuz egiten baita. 1933. urteaz geroztik, Iturrietan (Araba) Patataren Haztegia Hobetzeko Aztertokia sortu zenez geroztik, zentro teknologikoa aldaera berriak garatzen ari da, hautaketa klonaleko prozesu baten bitartez, estatuan eta EBn patata ekoizten duten eskualdeetako baldintza agroklimatikoetara egokituta. Orain arte, NEIKER-Tecnaliak hogeita hamar aldaera baino gehiago erregistratu ditu, eta horietako zenbaitek arrakasta handia lortu dute merkatu nazionaletan zein nazioartekoetan.

NEIKER-Tecnaliaren beste eginkizunetako bat kalitate handiko hastapeneko patataren ekoizpena da, ondoren enpresa ekoizleei banatzeko, baita kalitatearen azterketa ere, fresko kontsumitzeko zein erabilera industrialerako.

Lortutako aldaerak fresko kontsumitzera edo erabilera industrialera bideratzen dira: txipak, frijitu aurreko izoztuak, pureak eta fekularen industria. Aldaera propio hauen abantailak dira, besteak beste, errendimendu produktibo handiagoa, kostuen murrizketa eta hainbat gaixotasunekiko erresistentzia handiagoa, kanpotik datozen aldaerekiko mendekotasuna saihesteaz gain.

Lehen sektorearentzako berrikuntza

Bi aldaera berriak sortu izanak agerian jartzen du NEIKER-Tecnaliak Arabako nekazaritzaren produktu izarretako bat berritzearen alde duen konpromisoa, zentro teknologikoak lurralde horretan duelarik egoitza nagusia. Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren Elikadura Politikaren parte da, eta horren jardueraren ardatz nagusien artean lehen sektorera zuzendutako berrikuntza dago.

Partekatu

Beste berri batzuk