NEIKERek patataren mildiua eragiten duen onddoa ugaltzeko A1 eta A2 tipoen presentzia egiaztatu du lehendabizikoz Araban

Araba

  • Phytophthora infestans onddoak bi sexu tipo ditu: A1 eta A2. Bien arteko gurutzaketak populazio berriak sortzen ditu, fungizidekiko erresistenteagoak
  • Zentro teknologikoa estatuan patata ekoizten duten eskualde guztien prospekzioa egiten ari da
  • Onddoaren portaera ezagutzea funtsezkoa da ekoizleek arrakastaz aurre egin ahal izateko

mildiu tubérculo webEusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzaren mende dagoen NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuko zientzialariek, Jose Ignacio Ruiz de Galarreta doktorearen zuzendaritzapean, patataren mildiua eragiten duen Phytophthora infestans onddoaren A1 eta A2 bi sexu tipoak identifikatu dituzte lehendabizikoz Araban. Teknikariek baieztatu ahal izan dute bi tipoena rteko gurutzaketak fungizida konbentzionalekiko erresistenteagoak diren aldaerak sortzen dituela, eta tenperatura eta hezetasun baldintza aurkakoetan biziraun dezakeela hainbat hilabetez, are hainbat urtez.

Zentro teknologikoko adituek ohartarazi dute A1 eta  A2 tipoak gurutzatu daitezkeela, eta horrek Phytophtora infestans onddoaren populazioan aldaketa azkar eta garrantzitsuak eragingo lituzke, eta andui berri erasokorragoak eta ohiko tratamendu fitosanitarioekiko erresistenteagoak sortu. Horregatik,  NEIKER-Tecnalia prospekzio lan bat egiten ari da estatuan patata ekoizten duten eskualde guztietan, mildiu populazioak aztertzeko eta karakterizatzeko, eta bilakaeraren jarraipena egiteko.

Mildiuaren gaixotasunak pataren munduko ekoizpenaren %15-20 inguru murrizten du, Liman dagoen (Peru) Centro Internacional de la Papa zentroaren kalkuluen arabera, eta erakunde horrek kalkulatzen du Europan bakarrik sorten dituen galerak 1.000 milioi euro baino gehiago direla. Horiek bezalako datuen ondorioz, NEIKER-Tecnaliak sakon aztertu du patogenoa, estatuko geografian dauden arraza motak ezagutzeko, onddoaren aurkako borrokan hobetzeko lehenengo urrats moduan.

Araba izan da ikerketa hasteko aukeratutako lekua. Joan zen udan Phytophthora infestans onddoaren laginak hartu ziren mildiuak erasandako patata laboreetan, arabar eskualdeko gune ekoizleetan: Arkauti, Gauna, Heredia, Zuhatzu Donemiliaga eta Iturrieta. Gune bakoitzetik mildiuak kaltetutako laginak hartu ziren, identifikatzeko helburuarekin. Horretarako, A1 eta A2 tipoetako erreferentziazko anduiekin gurutzatu ziren.

Bi anduien artean sexu ugalketa gertatzeko, beharrezkoa da bat A1 tipokoa izatea eta bestea A2koa. A1 tipoko erreferentziazko anduiak laborategian gurutzatu ziren, teknikariek jaso eta isolatutako bost laginekin. Horietatik bik oosporak sortu zituzten, hau da, A2 tipokoak ziren, zehazki Arkautin eta Iturrietan hartutako laginak. Ondoren isolatutako bost horiek A2 erreferentziazko anduiarekin gurutzatu ziren, eta emaitza izan zen hiru guratzaketetan oosporak sortu zirela. Gauna, Heredia eta Zuhatzu Donemiliagan jasotako anduiak dira, A1 tipoan katalogatu zirenak. Emaitza horiek egiaztatu egin ziren, halaber, ADNa atera eta gero egindako teknika molekularren bitartez.

Sexu ugalketak arraza berriak sortzen ditu

Phytophthora infestans onddoa modu asexualean ere ugaldu daiteke, gurutzatu gabe. Baina patata ekoizleentzako arazorik handiena sexu ugalketan datza, patatari modu erasokorragoan erasotzen dioten onddoaren arraza berriak eragiten baititu, aldi berean errotik desagerrarazteko tratamenduekiko erresistenteagoak bihurtzen dituelarik. Araban A1 eta A2 estalketa motak daudela egiaztatzearen ondorioa da andui desberdinen artean sexualki ugaltzeko aukera dagoela, baita gune desberdinetan badaude ere, haizeak esporak eraman baititzake elkarren artean oso urrun dauden lekuetara; ureztatzeko uraren bitartez ere garraiatu daitezke.

NEIKER-Tecnalia azken urteetan patogenoaren arraza berriak detektatzen ari da, lehenago ikusi gabeko erasokortasunarekin, eta merkatuan dauden fungiziden printzipio aktiboekiko erresistentziarekin. Arraza berriak, aldi berean, hobeto eusten diete klimaren gorabeherei. Oro har, Phytophthora infestans onddoak 10ºC-tik gorako tenperaturak behar ditu, eta %90etik gorako hezetasuna, eta 27-30ºC-tik gorako tenperaturek garapena eten ohi dute.

Kontrolatzeko metodoak

Gaixotasuna garatzeko aldeko garai meteorologikoak aukeratzeak lagundu egiten du tratamendurako une egokia aukeratzen. Gaur egun joera da gaixotasunaren kontrol integratua egitea, gaixotasuna garatzeko eta fungizidak ezartzeko egokienak diren urte sasoiak iragartzeko sistemak konbinatuz. NEIKER-Tecnaliako adituek gomendatzen dute printzipio aktibo desberdinak dituzten hainbat fungizida erabiltzea, onddoan behin eta berriz fungizida bera erabiltzeagatik agertzen den erresistentzia galarazteko.

Landarearen lesioak onddoaren erasoa gertatu eta bosgarren egunetik ikusi daitezke. Sintomak hasieran beheko hostoetan agertzen dira, eta hostoen punta eta ertzetan aureola berde edo hori bat antzeman daiteke. Aureola horrek ehun osasuntsua eta hildakoa bereizten ditu. Ondoren, lesioak hostoaren gainazalaren gainerako zatira hedatzen dira, eta kolore berde ilun, arre edo beltzeko orbanak agertzen dira.

Partekatu

Beste berri batzuk