Oinarri, laugarren Elkarrekiko Berme Elkartea, 2013an formalizaturiko arriskuaren arabera

Araba

  • Apirilera bitartean, Oinarrik epealdi berean baino % 21,34 eragiketa gehiago onartu ditu.
  • Oinarriko arduradunek kaudimen ona eta berankortasunaren eta kobraezinen zifra txikiak azpimarratu dituzte Gasteizen egin duten Akziodunen Batzarrean.
  • Oinarri SGR elkarteak berretsi egin du enpresa txikien finantzaketan hartutako konpromisoa, bazkideen kopurua etengabe hazten ari zaion honetan.

Oinarri, Elkarrekiko Berme Elkarteak abalen eragiketa berriak onartu ditu apirila bitartean. Hain zuzen 26,6 milioi eurokoak, aurreko urtean epealdi berean baino % 21,34 gehiago, eta urteko lehen hiletan 45 bazkide berri egin ditu, guztira 3.100 enpresatik gorako oinarria izatera helduz. Ekitaldi honetako negozio-plana Gasteizen egindako Akziodunen Batzarrean onartu du eta abal berrien formalizazioa 90 milioikoa izatea aurreikusten  du.

Oinarri aditua da ETE-ei, autonomoei, kooperatibei eta sozietate anonimoei finantzaketa ematen, eta Estatuan aktibitaterik handiena duen Elkarrekiko Berme Elkarte (EBE) gisa finkatu da. Urteko lehen lau hiletan laugarren EBE moduan finkatu da, formalizazio bolumenaren arabera. Gaurdaino 26,6 milioi onartu ditu.

Aurreko hiru ekitaldietan bezala, Oinarriren bazkide partaideen oinarriak hazten (45)  jarraitu du, sektorean joera arrunta ez den arren, eta 3.100 enpresako baino gehiagoko oinarria izatera heldu da. Oinarria osatzen duten enpresarik gehienak ETEak eta gizarte-ekonomiakoak dira, eta 25 langile baino gutxiago dituzte. 2012ko ekitaldian 65,3 milioi euroko bermeak formalizatu zituen. Beraz, estatuan bosgarrena izan zen urteko bolumenaren arabera. Ekitaldia ixtean 231 milioi euroko arriskua zuen indarrean.

Datu horiek Oinarriren Akziodunen Batzarrean eman dira ezagutzera. Batzarra gaur goizean egin da Gasteizko Artium Museoan eta bertan izan dira Arabako diputatu nagusi Javier de Andres eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Mari Aburto.

Batzarrean, Oinarriko arduradunek enpresa bazkideekiko konpromisoa hartu dute, batez ere enpresa txikiekikoa, Banku-finantzaketa lortzeko zailtasunik handienak dituztenak baitira, Kreditua lortzeko une txarrak direla kontuan hartuta.

2013ko Kudeaketa Plana

Batzarrean zehar Oinarriren ordezkariek adierazi dutenez, aurten aurreko urtean baino ia % 50 abal gehiago formalizatzea aurreikusi dute (90 milioi euro).   Helburu horiek lortzeko, Eusko Jaurlaritzako Zirkulatzaile-linea berriaz baliatuko dira eta enpresak internazionalizatzeko linea berriak merkaturatuko dituzte, Estatuko Gizarte Ekonomiako erakundeei abal teknikoak eskaintzeaz gain. Horretaz guztiaz gain, kaudimen-ratioak (% 12,53koa 2012ko ekitaldia ixtean) eta berankortasunaren (% 2,85ekoa) eta kobraezinen (% 0,54koa) zifrak mantendu egin dira, 2012ko abenduaren 31n; esan beharra dago berankortasunaren eta kobraezinen zifrak sektoreko batez bestekoak baino txikiagoak direla.

Beraz, Oinarriren 2013rako kudeaketa-planak hiru euskarri izango ditu:

Lehena, finantzaketa krisiak bereziki zigortutako sektoreetara bideratzea, batik bat, hala nola: mikroenpresetara eta autonomoetara. Horretarako, hitzarmenak sinatuko ditugu merkatari-elkarteekin, enpresari gazteekin, profesional eta autonomoen ikastetxeekin, garapen-agentziekin eta abarrekin.

Horrek esan gura du, kasu askotan, finantza-aholkularitza pertsonalizatua emateaz gain, kopuru txikiagoko eragiketak kudeatu beharko ditugula, eta, beraz, espezializazio eta kudeaketa-gaitasun handia beharko ditugula. Zentzu horretan, Oinarri eragile aktiboa ari da izaten, Eusko Jaurlaritzaren likidezia-linea izapidetzeko prozesuan, bereziki, enpresa txikienen artean.

Ondorioz, une honetan, 500 eragiketa inguru ditugu esku artean, eta 150etik gora enpresari ari gara erantzuten. Guztira, ia 7,5 milioi euroko bolumena onetsi dugu.

Bigarrena, Estatuan ‘zuhurtasunez hedatze’ko prozesuan lanean jarraitzea, gizarte-ekonomian espezializatutako erreferentziazko EGEa izateko. Horri dagokionez, 2012ko gure bazkide berrien ia % 25 Euskal Autonomia Erkidegotik kanpokoak izan dira.

Kudeaketa-planaren azken zutabea hauxe da: indarreko arriskua kontrolatzen eta segimendua egiten jarraitzea, berankortasun- eta kobraezintasun-indizeei ahalik eta gehien eusteko. Helburu horrekin, ziurgabetasuna goraka doan agertoki honetan, indarreko arriskuari prebentziozko segimendua egingo diogu eta hornidura teknikoen fondoak sendotu.

Partekatu

Beste berri batzuk