Optimus3D motorraren munduan murgildu da VG MotorSport-ekin

Araba

Egoitza Arabako Teknologia Parkean  duen enpresa arabar hau VG MotorSport taldea diseinatzen ari den proiektuan ari da parte hartzen geometria zaileko piezak eginez

opOptimus 3D modu aktiboan ari da VG MotorSport taldea garatzen ari den proiektuan. Proiektuaren helburua MotoStudent 2018 lehiaketan lasterketetako motor bat diseinatzea, ekoiztea, puntuan jartzea eta dagozkion funtzionamendu-probak egitea da. Arabako Campuseko zenbait fakultatetako ikasleek gauzatuko dute proiektua haien ikasketak zabaltzeko eta osatzeko.

MotoStudent lehiaketak erronka akademikoa dakarkie mundu osoko unibertsitateetako taldeei. Hau da erronkaren helburu nagusia: lasterketetako motor baten prototipoa diseinatzea, ekoiztea eta ebaluatzea. Ondoren, Motorland Aragoi zirkuituan probatuko dute. Gasolinaren kategorian hartuko dute parte, 250 cc-ko eta 4 denborako motor batekin.

Proiektu honek benetako konpromisoak dakartzan benetako proiektu bat gauzatzeko aukera eskaini nahi die ikasleei. Besteak beste, hauek ekarriko dizkie ikasleei proiektu honek: taldean lan egitearen esperientzia, motorra diseinatzeko eta ekoizteko behar diren gaitasun berriak (CAD diseinua, kalkuluak elementu finituekin…), askotariko baliabideen kudeaketa (dirua, materialak…) eta beti antolakuntzak ezarritako epeak bete beharra. Emango die, horiez gain, benetako enpresa-ingurune batean lan egiteko aukera ere, enpresa eta erakundeekin harremana izango baitute.

Motorra garatzeko lanetan, tokiko industriarekin zuzenean lan egitea da asmoa eta horrek tokiko industria horri bere produktuak probatzeko aukera emango dio. Gainera, proiektuan partaide diren enpresa guztientzako aukera bat da hau haien produktuak eta zerbitzuak taldeak zabalduko duen publizitatearen bidez ezagutarazteko. Lasterketan bertan ere, publizitate-stand bat izango da. Hala, enpresek aukera izango dute haien marka nazioarteko lasterketa batean ikusgai jartzeko. Era berean, aukera ona da enpesek unibertsitateko ikasleak gertuagotik ezagut ditzaten, laster lan-merkatuan sartuko direnez, langile izateko hautagai izan baitaitezke.

ELKARLANA OPTIMUS 3D-REKIN

VG-MotorSport taldea Optimus 3D-rekin egiten ari den elkarlanaren harira, enpresa horrek aukera ematen du Ramair-Airbox sistemaren fabrikazioa lortzeko. Sistema hori motorraren aurreko aldean eragiten duen airea motorraren sarrerara bideratzean datza. Hala, aire horrek, sarerako airearen presioa handitzen du. Airearen dentsitatea handitzea lortzen da eta errekuntza-ganberara bidalitako bolumenagatik, handitu egiten da oxigeno molekulen kopurua eta horrek eraginkorrago bihurtzen du errekuntza. Airea motorrera birbideratzen duen sistemaren zatiak Ramair du izena eta motorrarekin batera atal huts bat gehitzen da airea gordetzeko, Airbox izenekoa.

 Optimus 3Drekin lan egiteak dakarren aukera zera da, geometria zaileko piezak fabrikatzeko aukera, bestela fabrikatu ezingo liratekeenak. Fluxu baten inguruan funtzionatzen duen sistema bat denez, sistemak ezin du ertz zorrotzik izan galerak minimizatzeko; beraz, ohiko fabrikazio-sistemak ez dira egokiak. Sistemaren piezek, gainera, hutsak izan behar dute eta beste metodo batzuk erabilita, denbora eta material gehiegi xahutuko litzateke. Poliamida-12-n ari dira piezak fabrikatzen, material zurruna, estankoa eta 120º-tik beherako tenperaturak forma galdu gabe jasaten dituena behar baita. Dimentsioak egiaztatzeko eta motorra behar bezala muntatzen dela ziurtatzeko, aurrez zenbait pieza egin dira PLAn FDM teknologiaren bidez eta nahiko erabilgarriak izan dira amaierako fabrikazioaren aurretik akatsak hautemateko.

Partekatu

Beste berri batzuk