Osloko eskuliburuaren azken eguneraketa dakar Innobasquek euskal enpresentzat

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Osloko Eskuliburua funtsezko dokumentua da enpresentzat; izan ere, haren jarraibideak herrialde gehienek onartu dituzte beren legedietan eta berrikuntza-politiketan, eta horrek ondorio garrantzitsuak ditu, adibidez, produktu edo negozio-prozesu berriei ekiteko laguntzak eskatzeko orduan

Berrikuntzaren Euskal Agentziak egindako egokitzapenak gidaliburuaren punturik garrantzitsuenak laburbiltzen ditu, eta hizkera erraz eta adibideekin garatzen ditu, bere teknizismoak berrikuntza-plan estrategikoetan sartzea errazteko enpresei

Berrikuntzaren Euskal Agentziaren webgunean eskuragarri dagoen dokumentu honen bidez, Innobasquek berrikuntza-kultura ezartzen lagundu nahi du autonomia erkidegoko enpresa eta administrazio publikoetan, alderdi hau gero eta erabakigarriagoa baitute beren lehiakortasuna bermatzeko

 

Txostena deskargatzeko esteka:

https://www.innobasque.eus/publicaciones/publication/527

Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak gida bat egin du, OCDEren Osloko Eskuliburuaren azken eguneraketa laburbiltzen duena; dokumentu honetan enpresa-berrikuntzari buruzko datuak biltzeko eta interpretatzeko nazioartean adostutako jarraibideak agertzen dira. Enpresentzat dokumentu garrantzitsua da; izan ere, gidaliburu honetan definitutako jarraibideak garatutako edo garatze-bidean dauden herrialde gehienek onartu dituzte beren legeetan eta ikerketa-politiketan, eta horrek ondorio garrantzitsuak ditu produktu edo negozio-prozesu berriak garatzeko laguntzak eskatzeko orduan, adibidez.

Osloko Eskuliburua Frascati Familia delakoaren gidaliburu eta jarraibide multzoaren parte da, eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGA-OCDE) prestatu ditu estatistika eta adierazle fidagarri eta konparagarrietatik abiatuta berrikuntzaren eta I+Gren jarraipena bermatzeko. Eskuliburuko definizioak nazioarteko komunitateak adostuak dira, eta mundu osoko berrikuntza- eta ikerketa-programak zehazteko erreferentzia gisa erabiltzen dira. Definizio horiek balio dute, halaber, lurraldeetako berrikuntza-maila homogeneoki konparatzeko aukera ematen duten estatistikak egiteko.

1992an lehen aldiz idatzi zenetik, Osloko Eskuliburua hiru alditan berrikusi da. Eguneratze horiei esker, hasieran manufaktura-industriarentzat ezarritako estandarrak zerbitzuen sektorera ere aldatu ahal izan dira, baita garrantzi bera eman ere berrikuntza ez-teknologikoei (hala nola kudeaketari, antolaketari, lidergoari edo marketinari buruzkoei) eta teknologikoei, produktu eta prozesuei buruzkoei. Hain zuzen, laugarren edizioa berrikuntzaren definizioa bera aldatuz hasten da, eta, hemendik aurrera, teknologikoaren eta ez-teknologikoaren arteko bereizketa hori ezabatu egiten du.

Innobasquek prestatutako dokumentuak Oslo eta Frascati eskuliburuen azken berrikuspenen funtsezko gaiak jorratzen ditu, oso teknikoak izan daitezkeen ñabardurak ulertarazteko euskal enpresa eta administrazioei, ñabardura horietatik ondoriozta daitekeelarik zer jarduera egin behar diren berrikuntza gauzatzeko edo zer gastu izan daitezkeen I+G lanari egozteko modukoak.

“Itzulpen” hori lagungarria da konpainia baten estrategia berritzailean oinarrizko alderdiak zehazteko, hala nola negozio-funtzioak, I+G aplika daitekeen jarduerak banatzen direneko taldeak, enpresa berritzailea zer den azaltzeko nazioartean onarturiko definizioa, edo ikerketa edo garapena enpresaren jarduerari aplikatzeko modu nagusiak. Erakundearen barruan berrikuntza antolatzeko jarraibideak ere baditu, adibidez, nork berritu behar duen zehaztea, arlo horri egozten ahal zaizkion gastuak argitzea eta nola finantzatu horiek.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Politikarako Unitateak egindako laburpen honekin, Innobasquek berrikuntza-kultura ezartzen lagundu nahi du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta administrazioetan. Dokumentua dagoeneko eskuragarri dago Berrikuntzaren Euskal Agentziaren webgunean, eta hizkera errazean jasotzen ditu enpresen eta erakundeen arteko lankidetza-proiektuak planifikatu eta idazteko eta berrikuntza-proiektuetarako dirulaguntzak eskatzeko oinarrizko kontzeptuetan sartutako berrikuntza nagusiak.

Partekatu

Beste berri batzuk