Ozeanoen kudeaketan berdintasuna bultzatzeko lehen tresna globala sortu da
Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko ikertzaileek eta Santiago de Compostelako Ocean Equity Index indizearen garapenean parte hartu dute
Nazioarteko ikertzaile-talde batek “The Ocean Equity Index” artikulua argitaratu du Nature aldizkarian. Bertan, ozeanoarekin lotutako ekimen, proiektu eta politiketan ekitatea neurtzeko eta hobetzeko berariaz diseinatutako lehen tresna globala aurkezten da.
Lan hori ozeanoaren zaintzan eragin handia duen Espainiako ikerketaren adibide nabarmena da, eta Santiago de Compostelako Unibertsitateak (USC) eta Basque Centre for Climate Change ikerketa-zentroak (BC3) sortu dute elkarlanean.
Egileen artean EqualSea, CRETUS-(USC) laborategiko ikertzaileak daude: Verónica Relaño, Natali Lazzari eta Equalseako zuzendaria den Sebastián Villasante, nazioarteko partzuergo zientifiko zabal baten barruan; baita BC3 euskal zentroko Noelia Zafra-Calvo ikertzailea ere.
Ozeanoa ezinbestekoa da bizitzarako, elikadurarako, ekonomiarako eta giza ongizaterako. Hala ere, ikerketa ugarik erakusten dute ozeanoetako jardueren ondoriozko onurak eragile gutxik dituztela, eta kostaldeko komunitateek eta talde ahulenek, berriz, ingurumen- eta gizarte-inpaktu gehienak jasaten dituztela. Errealitate horren aurrean, Ocean Equity Index-ek (OEI) egungo itsas gobernantzaren funtsezko behar bati erantzuten dio: ekitateari buruzko adierazpen-konpromisoetatik, hura neurtzeko, alderatzeko eta hobetzeko mekanismo praktikoetara pasatzea.