Pandemiaren urtebeteko balantzea egin du Euskaltelek: komunikazioei eusteko larritasunetik, gizarte digitala sendotzera

Albisteak, Bizkaia

Osasun-krisiak iraun zuen bitartean, modu solidarioan lagundu zien tokiko ingurunearen eskaera eta beharrei, konpromiso sozialeko jardueren bidez, “Teknologia, pertsonen bidez eta pertsonentzat” leloa praktikan jarriz eta egia bihurtuz

Besteak beste, e-bookak, aurikularrak eta mugikorren kargagailuak eman zituen, ospitaleratutako pertsonen egonaldia eramangarriagoa egiteko

Eten digitalaren aurkako borrokan lagundu zuen: SIM txartelak eman zizkien Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, bazterketa-arriskuan zeuden ikasle eta familiei prestakuntzarako sarbidea errazteko

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ‘Besarkada birtualak’ ekimenean ere parte hartu zuen, adinekoen egoitzetarako doako telefono-lineak eskainiz, familiakoekiko komunikazioa errazteko

Arlo komertzialetik ere hartu ziren zenbati neurri: haurrentzako kanalak eta zinemakoak irekian eskaini zituen, erabiltzaile guztiek ikusteko moduan, eta sare finkoa erabiltzeko aukerarik ez zutenei konexio mugikorretarako doako 30 giga eskaini zizkien, besteak beste

Internet Konpromisoa jarri zuen martxan, baliabide gutxiko familientzako zerbitzu bat, kalitateko konektagarritasuna prezio murriztuan eskaintzeko

COVID-19ak eraginda alarma-egoera eta konfinamendua ezarri zirenetik urtebete pasatu den honetan, pertsonen eta enpresen arteko kalitatezko komunikazioa eskaintzeko martxan jarritako ekintzen —kanpokoen nahiz barrukoen— balorazioa egin du Euskaltelek. Aldi horretan, bere lantaldearen segurtasuna bermatzeko neurriak ere hartu ditu.

2020ko martxoaren 12an (ostirala), ofizialki alarma-egoera ezarri baino egun batzuk lehenago, Euskaltelek hainbat neurri hartu zituen osasun-krisiaren ondorioak arintzeko. Ordurako, bistakoa zen bazetorrela; birusa aurrera egiten ari zen, eta eskolak ixten hasiak ziren.

COVID-19ak eragindako osasun-krisian pertsonen, erakundeen eta enpresen artean gerta zitezkeen komunikazio-beharrei erantzuteko, eta, batez ere, konpainiaren helburu soziala betetzeko, prebentzio-protokolo batzuk ezarri zituen enpresako langileentzat —etxetik lan egiten hasi ziren—, eta maila goreneko jarraitutasun-batzorde bat sortu zuen, zerbitzu-prestazioa bermatzeko eta mantentzeko, partikularren eta enpresen konexio-beharrei erantzuteko.

Alderdi teknologikoari dagokionez, une oro monitorizatu ziren datuen trafikoa eta emaria, sarea beharren eta erabileren arabera dimentsionatzeko. Horren guztiaren helburua zen erabiltzaileesperientzia ona izatea; are gehiago familiek, enpresek eta osasun- eta larrialdi-zerbitzuek konektatuta egon behar zuten une hartan.

Martxoaren 14an aparteko neurriak indarrean sartu zirenetik, arlo teknikoko eta sarearen arloko 800 pertsona aritu ziren lanean sarea une oro dimentsionatzeko eta gertatu zen aparteko datuzirkulazioa xurgatzeko; banda zabalean % 40koa izan zen, eta, mugikorreko ahotsean, % 50ekoa. Zerbitzuak kudeatzen ziren zentroetarako erredundantzia geografikoko neurriak ere hartu ziren, hala nola baliabide teknikoak dibertsifikatzea edo jarduerak desbideratzeko plan operatiboak egitea, zerbitzuak beste toki batzuetatik edo urrunetik emateko.

Erabiltzaileentzako arretari dagokionez, bezeroen beharrei erantzuteko arreta-bideak aktibo mantendu dira, bai urrunekoak (onlinekoak edo telefono bidezkoak), bai aurrez aurrekoak (saltokien bidezkoa). Azken horietan, segurtasun- eta higiene-protokoloak jarri ziren martxan, bestela egin ezin ziren kontsultei erantzun ahal izateko.

Euskaltelen egoitzan, langileentzat segurua izan zedin ezarritako neurriek AENORen aintzatespena jaso zuten, lan-eremuan COVID-19a prebenitzeko ezarritako protokoloengatik. Kanpoko abal horrek frogatzen du konpainiak osasun-krisiaren hasieratik hartutako segurtasun-neurriak ondo egokitzen zaizkiela, gomendioei ez ezik, baita erakundeek prebentzioaren eta higienearen arloan aldizka ezarritako eskakizunei ere.

Horretarako, AENORek hainbat alderdi ebaluatu ditu; hauek, besteak beste: arriskuen eta laneko osasunaren kudeaketa; emandako trebakuntza, informazioa eta komunikazioa; antolaketa- eta babes-neurriak (gutxieneko distantzia, edukiera-kontrola, ekipamenduaren eta materialaren banakako erabilera, etab.); eta garbiketako eta higieneko jardunbide egokiak.

Konektagarritasun handiagoa eta aisialdiko eta prestakuntzako eduki gehiago

Une hartan, argi geratu zen konektagarritasuna gizarte digitalaren giltzarrietako bat zela. Herritarren bizitza eta enpresen jarduera, neurri handi batean, telekomunikazio-zerbitzuak eta -sareak eskura mantentzearen mende zeuden, eta osasun-larrialdiko egoerak are gehiago nabarmendu zuen behar hori.

Alarma-egoeraren hasieratik, Euskalteleko lantaldeek telekomunikazio-zerbitzuak erabiltzaileen eskura jartzeari eman zioten lehentasuna. Izan ere, erabiltzaileek, batetik, konektagarritasun handiagoa eskatzen zuten beren gailuetan, telelana egin eta telefono-elkarrizketak edo bideokonferentziak egin ahal izateko familiakoekin eta lagunekin, eta, bestetik, aisialdiko eduki gehiago nahi zuten, batez ere telebista, konfinamendua arinago egin ahal izateko.

Lehenengo neurriak bezeroen komunikazio-beharrak konpontzeko izan ziren:

  • Haurrentzako kanalak eta zinema-kanalak ireki ziren erabiltzaile guztientzat, kontratatua zuten paketea edozein zela ere.
  • Doako 30 giga eskaini ziren konexio mugikorrerako, sare finkoa erabiltzeko aukerarik ez zutenentzat.
  • Aisialdirako eskaintza indartu zen, Replayteka eskaripeko bideo-katalogoan 100 zinema-titulu berri doan eskainiz.
  • Video On Demand (Replayteka) zerbitzuan Historia kanaleko hezkuntza-saio berezi bat sartu zen, ikasleei zuzendua.

Teknologia, pertsonen bidez eta pertsonentzat. Gizartearekiko konpromisoa

Operadore-rolari ez ezik enpresa arduratsuaren rolari ere leial eutsiz, ingurunearen eskaera eta beharrei erantzun zien Euskaltelek, konpromiso sozialeko jardueren bidez, “Teknologia, pertsonen bidez eta pertsonentzat” leloa praktikan jarriz eta egia bihurtuz.

  • Eusko Jaurlaritzari 50 gigako 200 SIM txartel eman zizkion, konektagarritasun-behar bereziak zituzten ikasleentzat.
  • Nafarroako Gobernuari 500 SIM txartel eman zizkion, hezkuntza-arloko eten digitalaren aurka borrokatzeko egindako deiari erantzuteko eta, hartara, Nafarroako ikasleei prestakuntzarako sarbidea errazteko konfinamenduak iraun zuen bitartean, baita ospitaleetan eta gizarte-bazterketako egoeran zeuden pertsonei ere.
  • E-bookak, aurikularrak eta mugikorren kargagailuak eman zizkien Bilboko suhiltzaileei, ospitaleratutako pertsonen egonaldia eramangarriagoa egiteko.
  • Doako telefono-lineak jarri zituen Gipuzkoako adinekoen 65 egoitzentzat, Aldundiaren ‘Besarkada birtualak’ ekimenaren barruan, familiekin komunikatu ahal izateko.
  • Edonon onlineko telebista-plataforma ireki zuen ospitaleratutako pertsona guztientzat, bezero izan ala ez. Lehen 15 egunetan, 1.000 pertsonak baino gehiagok aktibatu zuten doako zerbitzu hori.
  • SD Eibar Fundazioari modemak eta tabletak eman zizkion, Gurutze Gorriarekin eta Eibarko Udalarekin batera baliabiderik gabeko herriko 59 familiari banatzeko eta, hala, haien semealabek ikasketekin modu telematikoan jarraitu ahal izateko.
  • Bilboko Gotzaindegiarekin hitzarmena sinatu zuen, Aste Santuan erlijio-ofizioak Gotzaindegiaren webgunean zuzenean emateko adimen artifizialeko sistemak jartzeko, COVID-19a zela-eta ezinezkoa baitzen ospakizuna jendea bertan zela egitea.
  • Bezeroei mezu elektronikoak bidali zizkien, egindako hobekuntzei eta zerbitzuen erabilerari buruzko aholkuak emateko, bai eta sarearen erabilera arrazional eta arduratsuari buruzko gomendioak emateko ere, erabiltzaileari kalitate handiko esperientzia eskaintzearren.

Enpresentzako zerbitzuak

Enpresa bezeroentzako arretari zegokionez, sarea sendotu eta dimentsionatu zuen, telelana handitzean konpainiei zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzeko. VPN sarbideak eta hodeiko soluzioak jarri zituen martxan, besteak beste, oso denbora gutxian.

Arlo horretan, nabarmentzekoa izan zen enpresa bezeroentzako doako onlineko prestakuntzarako plataforma bat diseinatu eta martxan jarri zela; telelana hobetzera bideratutako hamabostaldiko kanpainak egin ziren, zibersegurtasuna, team-ak, motibazioa eta antzeko edukiak aukeratuta. Bereziki erabilgarria izan zen 2020ko zenbait hilabetez bizi izan genuen konfinamendu-egoeran. Fit Learning euskal enpresarekin egindako hitzarmen batetik sortu zen, enpresetan prestakuntzajarduerari eusteko eta, aldi berean, telelana modu eraginkorrean egiteko. Enpresen erantzuna oso positiboa izan zen, eta horren adierazgarri dira osasun-krisian interesgarriak ziren bost eduki nabarmenek osatutako doako lehen deialdian parte hartu zuten erabiltzaileen balorazioak. Gai hauek landu zituzten, hain zuzen: telelana egiteko aholku onenak, motibazio-tresnak, teamak, bilera birtualen kudeaketa eraginkorra eta zibersegurtasuna.

Internet Konpromisoa

“Internet Konpromisoa” diseinatzean, erantzun bat eman nahi izan genien ikasketak telematikoki egin behar zituzten ikasleen familietan zeuden konexio-beharrei, eta orobat COVID-19ak sortutako isolamendu-egoeretan ere familiakoekin harreman hurbila izaten jarraitu nahi zutenei.

Baliabide ekonomiko gutxiago dituzten edo bazterketa-arriskuan dauden bezeroentzat pentsatuta dago bereziki, gizarteko talde guztietara iristeko eta, hartara, dagoen eten digitala eta soziala desagerrarazten laguntzeko, are gehiago familia askok pandemiaren ondorio ekonomiko eta lanondorio negatiboak jasan dituzten une hauetan.

Telekomunikazioen erabilera areagotzea eta kontsumo-ohiturak aldatzea

Estatuko operadore guztiek sinatutako akordioaren ondorioz, osasun-krisiaren hasieratik mezu eta gomendio batzuk errepikatu genituen, kontsumoa ohi baino handiago baitzen:

  • Deitzeko, telefono finkoa erabiltzea, etxean baikeunden.
  • Wifi-sare finkoa erabiltzea Internetera sartzeko.
  • Lankidetza-tresnak (Skype, Teams, WhatsApp eta abar) ahozko komunikazioetarako ere erabiltzea.
  • Fitxategi handiak bidali beharrean, estekak erabiltzea.
  • Fitxategi handiak jarduera gutxieneko orduetan deskargatzea.
  • Audiokonferentziak egitea bideokonferentzien ordez.Hain zuzen, Euskaltelek emandako datuen arabera, bezeroen % 70ek telebista-zerbitzu aurreratuak erabili zituzten 2020an, eta telebista ikusteko denbora batez beste egunean hiru ordu baino gutxiago izatetik —pandemiaren aurretik—, egunean bost ordu baino gehiago izatera pasatu da iazko martxotik. Eskari handiena izan zuten edukiei dagokienez, haurrentzako edukiak eta eskaripekoak nabarmendu behar dira —azken horien eskaera ia % 60 hazi zen—.Emaitza horiek aurten ere errepikatuko dira ziur aski; izan ere, 2021eko lehen zifrek erakusten dutenez, ordainpeko plataforma digitalen batez besteko trafikoa 2020ko urte osokoa baino ia % 35 handiagoa izan da urtarrilean.
  • Hala ere, ordaindutako plataforma digitalak izan ziren nagusi: pandemiaren aurretik zuten trafikoa ia % 90 handitzera iritsi ziren. Zerbitzu horiek erregistratutako zifrak egoera epidemiologikoaren eta gaitzaren hedapena kontrolatzeko urtean zehar hartutako neurrien arabera aldatu ziren. Hala, konfinamendua iritsi zenean, plataforma horien eskaera % 61 handitu zen Euskadin. Udan, berriz, oporrekin bat etorriz, eskaera txikitu egin zen pixka bat. Ikus-entzunezko onlineko edukien eskaerak goia jo zuen berriro azaroaren hasieran, ostalaritza lehen aldiz itxi zutenean, eta Gabonetan % 86raino igo zen.
  • Izan ere, euskal herritarren telekomunikazio-arloko kontsumo-ohituretan ere eragina izan du pandemiak. 2020an, inoiz baino denbora gehiago eman genuen etxean —konfinamenduagatik, eskolak itxi zituztelako, telelanagatik edo mugikortasun-murrizketengatik—, eta horrek aisiarako eta entretenimendurako tresna nagusi bihurtu zuen telebista.

Telekomunikazio kontsumo-ohiturak

Telebistarenak bakarrik ez; konfinamenduaz geroztik, zerbitzu guztietako trafikoa handitu dela ikusi du Euskaltelek.

Euskaldunek gehien estimatzen dituzten zerbitzuen artean, bi nabarmendu behar dira: onlineko ikusentzunezko edukietara sartzeko ordainpeko plataformak eta Facebook. Konfinamenduan, Facebookeko trafikoa % 46raino hazi zen, eta, Gabonetan, % 50era iritsi zen. Gainera, plataforma digitalekin gertatzen den bezala, badirudi 2021eko datuek joera horri eutsiko diotela; izan ere, urteko lehen hilabetean, Facebookeko trafikoa 2020ko urte osokoa baino % 36 handiagoa izatera iritsi da.

Telefonoari dagokionez, mugikorraren eta finkoaren erabilera bikoiztu egin da, eta, deien kopurua ez ezik, deien iraupena ere handitu egin da. Jendeak elkarri entzuteko beharra zuen, eta gehitu egin ziren ahots-deiak; baina elkar ikusteko beharra ere bazuten, eta horregatik hazi zen hainbeste Whatsappen erabilera (% 300), bideo-deien zerbitzuarena, batez ere.

Konektagarritasun-beharren ondorioz, Interneteko trafikoa ere handitu egin zen. Goizetan, telelanaren eta onlineko klaseen ondorioz, trafikoa handia izan zen, eta banda zabaleko sarbidea % 82 haztera iritsi zen konfinamenduaren aurreko datuekin alderatuta (iazko abenduan lortu zen datu hori).

Amaitzeko, Euskaltelek ondorioztatu du euskaldunen kontsumo-ohiturak berdintsuak izan zirela Euskadi osoan 2020an, eta ez zela alde nabarmenik egon herrialde batetik bestera.

Partekatu

Beste berri batzuk