“Parkea Musik Fest” jaialdiaren edizio berria Donostia Campusean egingo da urriaren 1ean, TECNALIAko eta Multiverse Computing-eko profesionalekin
Jaialdia datorren ostegunean, urriaren 1ean, egingo da, 17:00etatik aurrera, Donostia Campuseko egoitza-eraikinaren kanpoaldean, eta sarrera librea izango da jende guztiarentzat
Kideen artean TECNALIAko profesionalak dituzten Los Veletas eta Eusten taldeak eta Multiverse Computing-eko Telmo Esnaola DJa izango dira Parkean berriro ere jarduera profesionaletik haratago dagoen talentua erakutsiko duen jardunaldiaren protagonistak
Euskadiko Parke Teknologikoko Donostia Campusak Parkea Musik Fest jaialdiaren beste edizio bat hartuko du ostegun honetan, urriaren 1ean. Ekimen horrek ordu batzuetarako eszenatoki musikal bihurtzen du teknologia- eta enpresa-ingurunea, eta Parkea osatzen duten enpresetan eta zentroetan lan egiten duten pertsonen beste alderdi bat ezagutzeko aukera ematen du.

Musika 17:00etatik aurrera hasiko da Donostia Campuseko egoitza-eraikinaren kanpoaldean (Mikeletegi Pasealekua, 53), doako sarbidea duen eta interesa duten pertsona guztientzat zabalik egongo den jardunaldian. Eszenatokian, TECNALIAko eta Multiverse Computing-eko profesionalekin lotutako hiru proposamen desberdin izango dira bata bestearen atzetik: Los Veletas, Eusten eta Telmo Esnaola DJa.
Nahasketa-mahaiaren atzean Multiverse Computing-eko profesionala den Telmo Esnaola arituko da; 25 urterekin, zortzi urteko esperientzia du dagoeneko DJ gisa. Esnaola 18 urterekin hasi zen diskak jartzen, Informatika Ingeniaritza ikasten ari zela, eta harrezkero bi alderdiak uztartu ditu. Multiverse Computing-ekin zuen lotura Gradu Amaierako Lana egitean hasi zen, eta, ondoren, enpresan sartu zenean jarraitu zuen.
Pandemiaren ondoren, gainera, beste urrats bat eman zuen bere ibilbide musikalean, Bataplanen, Donostiako areto ezagunenetako batean, diskak jartzen hasi baitzen. Lanbide- eta musika-bizitza bikoitz horrek noizean behin lan-ordutegiak aldatzera ere eraman zuen: ostegun gaueko saioen ondorengo ostiraletan bi ordu beranduago sar zitekeen Multiverse Computing-en, lanera itzuli aurretik atseden hartu ahal izateko.
Aurtengo edizioan, gainera, lehen aldiz Eusten zuzenean ezagutzeko aukera izango dugu. Iñaki Ortego Isasa telekomunikazio-ingeniari eta TECNALIAko ikertzailearen proiektu musikal pertsonala da. Ortegok hamar urte daramatza teknologia-zentroan lanean, neuroteknologiaren arloan, eta nerbio-sistema estimulatzeko uhin elektromagnetikoen erabileraren inguruan gauzatzen du bere jarduera.
Doktorea da, eta Alemanian egin zuen neurozientziako doktoretza ondoko prestakuntza. Eusko Jaurlaritzaren prestakuntza-programa bati esker itzuli zen Euskadira, eta, ondoren, TECNALIAn sartu zen; harrezkero, bertan garatu du bere ikerketa-ibilbidea. Aldi berean, musikak aspalditik egin dio lagun: Eustenekin aurkeztuko dituen abestiak, bai musika bai letrak, duela bi hamarkada inguru berak sortutako konposizioak dira, eta orain proiektu berri hau abian jartzeko berreskuratu ditu. Parkea Musik Fest-ekoa, gainera, Eustenen lehen kontzertua izango da.
Dibulgazio-alderdia ere ez zaio arrotza. Iñaki Ortego ohiko solaskidea da Euskadi Irratiko Faktoria saioan, eta bertan zientziarekin lotutako hainbat gai hurbiltzen dizkio entzuleari.
Kartela, bi lan argitaratu dituen eta Spotify bezalako plataformetan eskuragarri dagoen Los Veletas taldeak osatzen du. Taldeko ohiko kideen artean Elena Morales Areizaga dago, TECNALIAko saiakuntza mekanikoen laborategian lan egiten duen industria-ingeniaria; bi urtetik hona taldeko kidea da, eta ahotsak eta koruak egiten ditu.
Musika baino askoz gehiago
Musika-emanaldiez gozatzeaz gain, ekitaldian Donostia Campuseko egoitza-eraikinera hurbiltzen diren Parkeko enpresetako kideek zozketak, sariak eta lehiaketak izango dituzte. Azken edizioetan ikusmin handiena piztu duten jardueren artean futbolin-txapelketa eta bizkotxo-lehiaketa gastronomikoa daude. Azken horri dagokionez, esan beharra dago Parke Teknologikoko Bizi jatetxeko taldea izango dela bizkotxorik onena aukeratuko duen epaimahaia.
Parkea Musik Fest, hain zuzen ere, Donostia Campusean sortu zen duela zenbait urte, “Parkerako erronka bat” proiektuaren emaitza gisa. Berrikuntza irekiko ekimen horrek Euskadiko Parke Teknologikoa nahiz bertan lan egiten duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagun zezaketen ideiak biltzea zuen helburu.
Gaur egun BeParke Klubaren jardueren barruan dagoen jaialdia musika, kultura eta aisia harreman pertsonalak eta komunitate-sentimendua indartzeko erabiltzen dituen topagune gisa finkatu da.
Musika-emanaldiez gain, bertaratzen direnek hainbat zozketatan parte hartu ahal izango dute jardunaldian zehar. Horrela osatzen da musikaz gozatzeko eta lan-giro hutsetik bestelako giroan harreman berriak sortzeko pentsatutako proposamena.
| PARKEA MUSIK FEST 2026 Data: 2026ko urriak 1, osteguna Ordua: 17.00 Lekua: Donostia Campuseko egoitza-eraikinaren kanpoaldea Euskadiko Parke Teknologikoa Mikeletegi Pasealekua, 53.Donostia |