Pneumonia eragiten duen bakterio batek sortutako toxina patogeno bat aurkitu dute

Albisteak, Bizkaia

Biofisikako Institutuari (CSIC-UPV/EHU) atxikitako David Albesa Ikerbasqueko ikertzailea buru duen ikertzaile-talde batek Pseudomonas aeruginosa bakterioak sortutako Tse5 toxinak zelula intoxikatuak deuseztatzen dituela egiaztatu du

Tse5ek zelulen heriotza eragiten du inguruko beste bakterio batzuetan. Horretarako, ioiak garraiatzeko moduko poroak sorrarazten ditu, zelulak despolarizatuz

P. aeruginosa da pneumoniaren eragile nagusietakoa paziente immunodeprimituengan eta biriketako gaixotasunak dituzten pertsonengan

Ikerketa Communications Biology aldizkari ospetsuan argitaratu da

P. aeruginosa da pneumoniaren eragile nagusietakoa paziente immunodeprimituengan eta biriketako gaixotasunak dituzten pertsonengan. Antibiotikoen aurrean duen erresistentzia handiaren eraginez, gero eta zailagoa da horrek eragindako dituen infekzioak desagerraraztea, eta horren ondorioz, OMEk (Osasunaren Munduko Erakundea) lehentasunezkotzat jo du patogeno horri aurre egiteko antibiotiko berriak garatzea.

P. aeruginosa hilgarria bihurtzen duten faktoreetako bat VI. Motako Sekrezio Sistema da (T6SS, ingelesezko siglen arabera). Sekrezio-sistema hau P. aeruginosaren barruan mihiztatzen da, eta, beste zelula batzuekin kontaktuan sartzean, mekanismo molekular uzkurgarria erabiltzen du toxinak txertatzeko. Azken hamarkadan, aurrerapen handiak egin dira P. aeruginosaren T6SSari buruzko ezagutzan, baita bakterioen lehiaketan eta patogenesian duen garrantziari buruzko ezagutzan ere, baina oraindik ez dira ezagutzen T6SSak jariatzen dituen toxina gehienen identitateak eta funtzioak.

Biofisika Institutuko (CSIC-UPV/EHU), Jaume I Unibertsitateko eta Sevillako Unibertsitateko zientzialariek osatutako ikerketa-talde batek T6SSak jariatzen dituen toxinetako batek, Tse5 izenekoak, zelula intoxikatuetan duen eragina identifikatu du. Tse5ek zelulen heriotza eragiten du inguruko beste bakterio batzuetan. Communications Biology aldizkari ospetsuan argitaratu berri den ikerketa honek Tse5en ekintza-mekanismoa argitu du. Toxina honek zelula intoxikatuen mintza despolarizatzeko gaitasuna du. Horretarako, Tse5ek ioiak garraiatzeko moduko poroak sorrarazten ditu. Mintzaren potentzialak funtsezko hainbat funtzio zelular erregulatzen ditu, eta ondorioz, mintzaren despolarizazioa estrategia eraginkorra da ingurune polimikrobianoetan beste mikroorganismo batzuekin lehiatzeko.

Aurkikuntza honek eragina izan dezake etorkizunean antibiotikoen garapenean. David Albesaren hitzetan, “infekzioen eragileen biologia hobeto ulertuz gero, nabarmen erraz daiteke antibiotiko berrien garapena. Ildo horretan, maila molekularrean Tse5ek mintzari nola erasotzen dion ulertzea lagungarria izan liteke bakterio patogenoei aurre egiteko estrategia berritzaileak garatzeko”.

Argitalpen zientifikorako esteka: https://rdcu.be/cY1r8

Partekatu

Beste berri batzuk