POLIMERBIO euskal enpresa bioteknologikoak osasunaren sektorean berritzen dihardu material mediko biodegradagarriak ekoitziz

Albisteak, Gipuzkoa

Gure osagai mediko-kirurgikoak eratzen ari den merkatu berri batera zuzentzen dira, izan ere, aurrerapenak eskatzen ari da bioxurgapenari, portaera mekanikoari eta mikrobioen aurkako ezaugarriei buruz, biomaterialen aplikazio mediko eta farmazeutikoetan.

Inplante bioxurgagarriak dira, esaterako, bigarren interbentzio medikorik behar ez izateko, lehengoratze tisularra bultzatzeko edo medikazioa zuzenean lesioaren gainean askatzeko.

Juan Carlos Antiguedad, Polimerbioko bazkide fundatzailea: “Aurki, protesi mediko gehienak biodegradagarriak izango dira, euren zeregina amaitu eta gero”

Sektore medikoan potentzial handia duelarik, Polimerbio 2017an sortu zen –enpresa aitzindaria da gailu mediko bioxurgagarrietan eta ehun bigunen ingeniaritzan–, Zibio ikerketa taldeari lotutako spin-off moduan, zeina Euskal Herriko Unibertsitatean Biomaterial Polimerikoen Zientzia eta Ingeniaritzako ikerketan diharduen.

Jorge Fernandezen hitzetan (Poliemerbioko bazkide fundatzaile eta zuzendari zientifikoa), “biomaterial terminoan sartzen dira sistema biologikoekin interakzioan diharduten gailuak fabrikatzeko erabiltzen diren materialak, medikuntzako hainbat espezialitatetan erabiltzeko. Guri dagokigunez, material polimerikoak, eta zehazki termoplastiko biodegradagarriak, oso material garrantzitsuak dira sektore mediko-sanitarioan, biomedikuntzan interesik handienetakoa duten esparru bat osatzen dutelako, aurreikusten baita inplante bioxurgagarrien eskaria gero eta handiagoa izango dela, farmakoak modu kontrolatuan askatzen duten eroapen sistemekin, adibidez, minbiziaren tratamenduan aplikatzeko, edo, ehunen ingeniaritzan, zelulak ainguratzeko plataformak edo “scaffold”-ak jartzeko.

Polimerbioko bazkide fundatzaile Juan Carlos Antiguedaden arabera, “mundu osoan milioika paziente daude hemendik gutxira behin-behineko gailu tenporal bioaktiboz eta bioxurgagarriz baliatuko direnak, horien artean hezur plaka edo finkagailuak, bihotz balbulak, josturak, stents, sareak edo scaffold zelularrak berreratze tisularrerako, guztiak ere polimero xurgagarrietan oinarrituta”.

Gaur egun, Polimerbioko ikertzaileak euren garapenek osasunaren sektorean izan dezaketen aplikaziorik onena aztertzen ari dira, estatu osoan dituzten talde medikoen bitartez, Bilboko laborategitik gidatzen dituzten berrikuntzak landuz.

Juan Carlos Antiguedaden hitzetan, “orain dugun erronka da produktu biomediko horiek ikusaraztea eta modu lehiakorrean ekoiztea, degradatzen ez diren gailuei aurre egiteko, eta aplikazio bide berriak irekitzeko”. Eta, gaineratu duenez, “produktu berri horiei esker, degradazio abiadurak eta propietate mekanikoak kontrolatu daitezke (material zurrunena zein malguena), eta terapia zelular berriak edo farmakoak askatzeko elementu berriak sustatu”.

“Horrelako inplanteak erabiltzeak –gaineratu du– onura handiak dakartza pazienteen osasunerako, bigarren interbentzio kirurgiko bat egin beharra saihesten dutelako, berez xurgatzen diren inplanteak direlako. Halaber, ospitaleei kostuak aurreztea ekarriko diete, eta profesional medikoen lana erraztuko”.

Polimerbio taldean aditu zientifiko kualifikatuak daude, eta esperientzia handia dute biopolimerikoen eta ingeniaritza biomedikoaren gaineko ikerketan. Konpainia Basque HealthClusteren integratuta dago, eta nazioarteko erreferentzia izan nahi du Teknologia Sanitarioaren sektorean eta, zehazki, ehun bigunetako lesioen tratamenduan, horien artean: muskulu sistema, kardiobaskularra, digestiboa, genitourinarioa, nerbio sistema, arnas sistema edo larruazal eta kartilagoarena.

Dauden kokapenetik abiatuta, Polimerbion aurreikusten dute sektoreak datozen urteetan hazkunde nabarmena izango duela, eta rol funtsezkoa jokatuko duela, eredu asistentzial efizienteagoak garatzea ahalbidetuko duten berrikuntzak sartuz.

Partekatu

Beste berri batzuk