R Cable erostea onartu egin dute Euskalteleko akziodunek
- Estrategikoa da operazioa sektorearentzat, estatuko iparraldeko kable bidezko operadoreak bateratzeko urrats erabakigarria.
- Talde berriak bere horretan eutsiko die Euskaltelen eta R-ren tokiko izaerei, hau da, bakoitzak bere marka, egitura eta kudeaketa-taldeak izango ditu aurrerantzean ere.
- Bost milioi laguneko merkatuan jardungo da taldea; bezeroak, berriz, 715.000 ditu; diru-sarrerak, 570 milioi euro, eta EBITDA, 265 milioi.
Onartu eta berretsi egin dute Euskalteleko akziodunek telekomunikazioen euskal operadoreak R Cable erostea, eta botere osoa eman diote bere Administrazio Kontseiluari bi konpainien bategite hori gauza dezan.
Funtsezko aktiboa da R Cableren erosketa Euskaltelentzat, lanean diharduen estatuko iparraldeko ingurune geografikoetan eskaintza bateratuetan operadore nagusia izango baita. Beste hau ere erabaki du Akziodunen Ohiz kanpoko Batzar Orokorrak: Sozietateko Administrazio Kontseiluari behar bezainbat eskumen ematea bategite-operazioa aurrera eraman dezan.
Gaur goizean egin du Euskaltelek Akziodunen Ohiz kanpoko lehenbiziko Batzar Orokorra, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Euskalteleko lehendakaria (Alberto García Erauzkin), zuzendari nagusia (Fernando Ojeda) eta idazkari nagusia eta kontseiluko idazkaria (Francisco Javier Allende) izan dira Batzarraren buru. Administrazio Kontseiluko kideak ere izan dira ekitaldian.
Konpainiak azken urtean izan dituen gertakari aipagarrienen laburpena egin du Alberto García Erauzkinek bere hitzaldian. “Urte historikoa izan du aurtengoa Euskaltelek. Hogei urte bete ditugu euskal merkatuan lanean, eta, denbora-tarte ezin laburragoan (zortzi hilabete), arrakastaz atera gara burtsara; gaur, berriz, batzar orokorra ari gara egiten, Euskaltelek bere historia osoan inoiz egin duen operazio handienarentzat akziodunen babesa eskatzeko (R Cable erosteko, alegia), etorkizuneko Euskaltelen giltzarrietako bat izango baita”.
Euskalteleko lehendakariaren iritzian “garrantzi berezia du operazio horrek bi konpainientzat, eta eginkizun estrategiko berezia, funtsezko pausoa baita estatuko iparraldeko kable bidezko operadoreek bat egin dezaten. Horri esker, are indartsuagoa eta eraginkorragoa izango da konpainia berria, are handiagoa izango du hazteko gaitasuna, eta sinergia partekatuak izango ditu. Hartara, handiagoa izango da talde berria, eta posizio hobea izango du merkatuan; aldi berean, bakoitzak bere merkatuan duen indarrari eutsi egingo dio, sustrai sendoak baitituzte biek ere Euskadin eta Galizian”.
Beste hau ere azpimarratu du: “Gaur jaio da estatuko iparraldeko telekomunikazio-talderik nagusiena. Euskaltelen eta R Cableren bategitea gauzatzeko pausoak ematen hasi gara. Lider gara bi enpresok geure merkatuetan; orain, berriz, gure indarrak batuz, iparraldeko erreferentziazko operadorea sortu dugu, estatuko laugarren operadorea, zeinak bost milioi biztanleko merkatu batean egingo duen lan, etxeko eta enpresetako 715.000 bezerori zerbitzu emanez; diru-sarrera, berriz, 570 milioi eurokoa du, eta EBITDA, 265 milioikoa”.
Azkenik, bereziki azpimarratu du García Erauzkinek “gure konpromisoa: bi konpainien tokiko izaerari eutsi egingo diogu; bi markek, egitura propioek eta kudeaketa-taldeek bere horretan jarraituko dute, horiek baitira, gure ustean, Euskaltelen eta R Cableren arrakastaren gakoak, Euskadin eta Galizian, hurrenez hurren”.
R Cableren kapitalaren % 100aren erosketa
Euskalteleko akziodunek R Cable erosteko baimena eman dute, Ohiz kanpoko Batzar Orokorrean, Administrazio Kontseiluak aurreikusitako baldintzei jarraikiz. Honenbestez, honela egingo da erosketa: Abancaren jabe den R-ren kapital sozialaren akzioen % 30 eta Rede Brigantiumen (CVC) % 70 eskuratuz. Berekin dakar baimen horrek lehendik dagoen banku bidezko finantziazio-lerroa handitzekoa ere, bai eta zor instituzionala kontratatzekoa eta akzio berriak jaulkitzekoa ere. Administrazio Kontseiluaren txostenak aipatzen ditu aukera horiek guztiak.
R Cableren kapitalaren % 100 erosteko operazioaren xehetasunak jorratu dira Akziodunen Ohiz kanpoko Batzar Orokorrean.
Eragiketaren behin betiko prezioa 1.190 milioi euro izan da, R Cablek 2015eko irailaren 30ean zuen 300 bat milioiko zorra ere barne zela, zeina birfinantzatu egingo baitu Euskaltelek, eta eskudirutan ordaintzeko 890 milioi euroko zenbateko garbia.
Kontraprestazio hori honela finantzatuko du Euskaltelek: gaur egun dituen banku bidezko finantziazio-lerroak 600 milioi handituz; 300 milioi euroko zor instituzionalaren tarte bat kontratatuz, eta akzio gehiago jaulkiz (255 milioi euro), Sozietateko kutxaren aldea estaliz (35 milioi euro).
Hain zuzen ere, atzo sindikatu zuten estatuko eta nazioarteko funts instituzionalek, merkatuari eskainitako baldintza berekin, 300 milioi euroko zor instituzionala, lau erakunderen bermearekin. Finantza-erakunde aseguratzaileek harpidetza-eskaintzak jaso dituzte inbertitzaile instituzionalengandik, eta eskainitako tartearen bikoitza baino askoz handiagoa izan da eskariaren batura.
Tarte horren sindikazioa da R Cableren erosketa finantzatzeko eta konpainia horren zorra birfinantzatzeko kanpoko finantziazio-prozesuaren azken fasea, guztira, 900 milioi euro kostatu da.
Kapitala 255 milioi euroan handitzeko baimena
Ildo horretan, Euskaltelen Batzar Nagusiak baimena eman dio Administrazio Kontseiluari kapitala 255 milioi euro handitzeko, beti ere Euskaltelek burtsan kotizatzen hasitakoan bere gain hartu dituen konpromisoak beteta. Horri esker, aukera izango du R Cable sozietatearen negozioaren erosketa finantzatzeko. Baimen horren bidez, Administrazio Kontseiluak ahalmena du ez onartzeko, osorik edo partzialki, akzionisten lehentasunezko izenpetze-eskubidea, kapitalaren % 20ko muga jarrita, Euskaltelen Estatu Sozialen 13. artikuluaren arabera.
Zehazki, eta akzio berriak jaulki ahal izateko, Euskaltelek aseguru-kontratu bat izenpetu du (“standby underwriting agreement”) Citigroup Global Markets Limited eta UBS Limited enpresekin 255 milioi euroko zenbatekoagatik, tankera horretan ohikoak diren baldintzetan.
Bestalde, Abancak Euskalteli adierazi dio kapital-handitze horretan Euskaltelek jaulkitako akzio berrien kopuru jakin bat erosiko duela, 80.690.000 euroko baliokoak gutxienez, merkatuko baldintzen arabera ezarriko den jaulkipen-prezioan. Halaber, Abancak konpromisoa hartu du ez transmititzeko erosten dituen akzioak, Euskaltel 2015eko uztailean burtsara irtetean Kutxabank SAk bere gain hartu zituen termino beretan eta epe berean (Euskaltelen erreferentziako akzioduna da Kutxabank, SA). Euskaltelen akziodunek, gaur goizean egin duten ohiz kanpoko batzarrean, aldeko oniritzia eman dutenez, transakzioa behin betikoa izan dadin Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak onetsi behar du eragiketa.
Erroak eta egonkortasuna
Elkartearen Administrazio Kontseiluaren ustez, R erosteko eragiketak eragin estrategikoa izango du telekomunikazioen sektorean, funtsezko urrats bat baita Estatuaren iparraldeko operadoreak sendo daitezen. Horiek horrela, Euskaltelen eta R-ren tokiko izaerari eustea adostu dute.
R-ren negozioa eskuratuta, Elkarteak telekomunikazioen sektorean dituen posizionamendua eta egonkortasuna sendotuko ditu. Beraz, Euskaltel eta R Cable konbinatuta, zera lortu da: sinergiak sortzea, sarbide hobea, produktuak, zerbitzuak eta edukiak negoziatzeko gaitasuna handiagoa, sistemak eta teknologiak abian jartzea, hornitzaileekiko kontratu-harremanak hobetzea edo hazkunde-estrategiak harmonizatzea.
Eragiketa horri esker, Elkarteak indar, eragikortasun eta gaitasun handiagoa izango du hazteko eta merkatu gogorrean erreferentziako operadore gisa lehiatzeko Estatuko iparraldean jarduten duen eremu geografikoetan. Horrez gain, Estatuko eta Europako merkatuetan ere garrantzia irabaziko du, Galizian eta EAEn dituen posizionamenduari eta konpromisoari eusten dien aldi berean.
Beste akordio batzuk
Akziodunen ohiz kanpoko batzordeak oniritzia eman dio Javier Fernández Alonso kontseilari ahaldun gisa eta Euskaltelen akziodun adierazgarri gisa izendatzeari, Financiera Alba SA korporazioak proposatuta. Azkenik, oniritzia eman zaio, orobat, KPMG Auditores firma Taldearen urteko kontuen ikuskatzaile izendatzeari, 2015, 2016 eta 2017ko ekitaldiei dagokienez. Taldea Euskaltelek eta menpeko elkarteek osatzen dute, R Cable erosi ondoren.