Sektore biosanitarioan mugaz gaindiko lankidetza bultzatzeko foroa antolatuko da Gipuzkoako Parkean

Gipuzkoa

“Topaketa Industrialak. Bio-Osasuna. Akitania Berria / Euskadi / Nafarroa” jardunaldien laugarren edizioa Gipuzkoako Teknologia Parkean egingo da urriaren 16 eta 17an

Topaketa Basque Health Clusterrek, SODENAk eta Akitania Berriko esparru biosanitarioko GIPSO eta TIC Santé klusterrek antolatu dute

Hiru eskualdeetako erakunde publiko eta pribatuetako industria eta ikerketako profesionalak bilduko dituen biltzar hau, minbizia ardatz duen zahartze eta kronikotasunari buruzko ONCONAEN mugaz gaindiko proiektuari atxikita dago

imagenAkitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako sektore biosanitarioaren eragile nagusiak Gipuzkoako Teknologia Parkean bilduko dira urriaren 16 eta 17an, “Topaketa Industrialak. Bio-Osasuna. Akitania Berria / Euskadi / Nafarroa” jardunaldien laugarren edizioan.

Topaketa, Basque Health Clusterrak, SODENA Nafarroako garapen ekonomikorako agentziak eta Akitania Berriko esparru biosanitarioko GIPSO eta TIC Santé klusterrek antolatu dute, sektoreko erakunde publiko eta pribatuetako industrialari eta ikertzaileen arteko lankidetzaz landutako mugaz gaindiko proiektuak bultzatzeko asmoz.

Programak hiru lurraldeetako enpresen eta ikerketa-talde publikoen hogeita hamar bat hitzaldi eskainiko ditu, baita mugaz gaindiko lankidetzaren arrakasta-kasuen aurkezpenak eta sektorearen euroeskualdeko alderdirik garrantzitsuenei buruzko hiru mahainguru ere.

Topaketak Euskadin, Akitania Berrian eta Nafarroan sektore sanitarioko berrikuntzan diharduten enpresariei, ikertzaileei, unibertsitate-irakasleei eta gainerako eragile guztiei zuzenduta daude. Era berean, ekitaldiaren laugarren edizio honek topagunea eskainiko die hiru lurraldeetako enpresei, B2B hitzorduen bitartez aldebiko bilerak antolatzeko aukera izan dezaten, horretarako prestatuko zaien esparru berezi batean.

ONCONAEN, zahartzeari eta minbiziari buruzko baterako ikerketa

Ekitaldiaren laugarren edizioaren berritasun nagusietako bat bilerak ONCONAEN izeneko mugaz gaindiko programan txertatzea da. Zahartzearen eta minbiziaren kronikotasunaren esparruan, hiru lurraldeetako enpresa eta ikerketa-zentroen arteko lankidetza sustatzea da ONCONAENen xedea.

Euroeskualdeak kofinantzatutako ONCONAEN ekimenari esker, ekitaldiaren hasierako egunean aurkeztuko den “Euroeskualdeko Onkologia Behatokia” taxutzen ari da. Hauxe da Topaketetan bistaratuko diren bost arrakasta-kasuetako bat.

4. urte berrikuntza eta ikerketa sustatzen

Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroako garapen ekonomikoko sailburuek inauguratuko duten foroaren laugarren edizio honek, hiru eskualdetako enpresari eta ikertzaileen arteko lankidetza sustatzeko asmoz sortua den ekitaldia sendotzen lagunduko du.

Lehenengo edizioa 2014ko ekainaren 12an egin zen, ESTIAk Bidarten dituen instalazioetan, eta ondorengo urteetan txandaka antolatu da Donostian eta Bidarten.

Lehendabiziko hiru topaketak erabat arrakastatsuak izan ziren, sektoreko profesional ugariren partaidetzari esker, industrialariak, ikertzaileak, irakasleak eta osasunaren arloko berrikuntzaren eragileak tarteko zirela. 2017an, parte-hartzaile gehienak enpresak izan ziren (% 62), ondotik inbertsiogileak (% 23), eta ikertzaileak eta unibertsitatekoak (% 11).

2018an aurreko hitzorduen arrakasta berrestea espero da, farmazia, bioteknologia, gailu medikoak, e-Osasuna edota prestazio asistentziala bezalako osasun-sektoreak ordezkatzen dituzten 200 parte-hartzaile baino gehiago bilduz.

4. topaketak Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, SPRI-Eusko Jaurlaritza, SODENA-Nafarroako Gobernua eta ADI-NAren (Akitania Berriko garapen-agentzia) laguntzaz kofinantzatu dira, QUIRON-Salud, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udalaren babespean.

Ikerketa arloko enpresa eta unitateen 33 hitzaldi

Akitania Berria:

MEDIKUNTZA BIRSORTZAILERAKO BORDELEKO PARTZUERGOA, EHTRACE, EUROFINS AMATSI TALDEA, MATWIN, SOPHIA GENETICS, NUTRI NEURO, CAP INGELEC, ANGEL 112, RECIPHARM, UNITHER DEVÉLOPPEMENT, CAPIONIS, BFORDOC

Euskadi:

VIRALGEN, ESKUA, SOLUCIONES FASTBASE, QUIRON SALUD, KERALTY PRAXIS, FM CONTROL, OSASEN, VIVEBIOTECH, VICOMTECH, POLIMERBIO, TECNALIA

Nafarroa:

ABANZA TECHNOMED, TEDCAS, BIONANOPLUS, INNOUP FARMA, MAKING GENÉTICS, FARMAMODELLING, NAFARROAKO OSPITALEGUNEA, TECNUN-NAFARROAKO UNIBERTSITATEA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE KLINIKA, BIOSASUN – BIOPRAXIS, PROBISAN

3 mahainguru:

  • Euroeskualdeko Unibertsitateen mugaz gaindiko programak
  • Inbertsio eredu berriak Bio-Osasunaren sektorean
  • “Berrikuntza irekia” deritzon mahaingurua, PIERRE FABRE, BIND 4.0 eta MedTech-CEIN laborategiak tarteko direla.

Partekatu

Beste berri batzuk