Sortu zenetik, 2.500 milioi euro baino gehiago kontratatu dizkie euskal hornitzaileei Euskaltelek

Albisteak, Bizkaia

Euskaltelek 25 urte beteko ditu gaur . 25 urteotan Euskadirekin izan duen konpromisoa eta telekomunikazioen sektorean lortu duen lidergoa ospatzen ditu

1995eko uztailaren 3an eratu zen ofizialki Euskaltel SA sozietatea, Espainiako telekomunikazioen merkatua liberalizatu ondoren

1.800 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu Euskadiko zuntz-sarean, eta, horri esker, Europar Batasuneko gizarte aurreratuenen artean gaude, Eskandinaviako herrialdeekin batera

Hogeita bost urte hauetan, Euskaltelek 1.300 milioi euro baino gehiago eman dizkie euskal ogasun publikoei

Gaur egun, zuzenean 350 laguni ematen die lana, eta zeharka, berriz, 2.000 laguni, eta, Euskadi abiapuntu hartuta, estatu osora hedatzen hasi da

125 milioi euro baino gehiago baliatu ditu hiru lurraldeetan egin diren jarduera instituzional, kultural, sozial eta kirolekoei laguntzeko. Batez beste, 200 jarduera babesten ditu urtean Euskaltelek

Duela 25 urte sortu zen operadoreak burtsan kotizatzen du gaur egun, eta, Euskadi abiapuntu hartuta, estatu osora hedatzen hasi da

25 urte hauetan, Euskaltel hazi egin da, eta eboluzionatu egin du; Euskadiko telekomunikazioen sektoreko liderra da gaur egun, eta euskal gizartearen digitalizazioaren bultzatzailea ere bada. Arlo horri dagokionez Europar Batasuneko aurreratuenen artean kokatu du gure herria

25 urteotan Euskadirekin izan duen konpromisoa eta telekomunikazioen sektorean lortu duen lidergoa ospatzen ditu Euskaltelek bere 25. urteurrenean. Urte hauetan guztietan, ekonomiaren bultzatzaile izan da Euskaltel, eta 2.500 milioi eurotik gorako balioa duten kontratuak egin dizkie euskal hornitzaileei.

Gainera, 1.800 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu Euskadiko zuntz-sarean. Horri esker, euskal gizartea Europa osoko garapen digitalaren buruan dago, iparraldeko herrialdeekin batera. Zehazki, Euskadi 5. postuan dago rankingean, Danimarka, Finlandia, Suedia eta Herbehereen atzetik, eta Espainia 16. postuan, Deustuko Unibertsitateko Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, Orkestrak, egindako “Ekonomia digitala eta gizarte digitala Euskal Herrian” txostenaren arabera. Zuntz-sare aurreratua hedatzeak lagundu egin du Euskadik ekonomia digitala hedatzeko baldintza eta azpiegitura egokiak izan ditzan, bai enpresaren eta administrazio publikoaren esparruan, bai etxeetan.

2020an, Euskaltelek behin betiko urratsa eman du zuntz optikozko sarearen bidez telekomunikazio-zerbitzu digital aurreratuenak Euskadiko udalerri guztietara eramateko. Plan berriari esker, operadorea Euskadiko beste 105 udalerritara iristen da, eta balio erantsiko produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dizkie orain arte halakorik eskaini ezin zien 200.000 etxebizitzari —etxe horietara iristen ez zelako edo zuntz bidezko konektagarritasuna mugatua zutelako—. Orain, 241 udalerritako 1.200.000 etxeri baino gehiagori eman diezaieke zerbitzua Euskaltelek zuntz optikoaren bidez, hots, EAEko ia udalerri guztietako etxeei.

Aberastasuna sortzea

Egoitza Euskadin izateari esker, Euskaltelek enplegu egonkorra eta kalitatekoa, garapen teknologikoa eta aberastasuna sortu ditu Euskadin. Gaur egun, zuzenean 350 laguni ematen die lana, eta zeharka, berriz, 2000 laguni, eta 40 milioi euro inbertitzen ditu urtero. Hogeita bost urte hauetan, Euskaltelek 1.300 milioi euro baino gehiago eman dizkie euskal ogasun publikoei. Halaber, urtero, gizarte-, kultura-, kirol- eta enpresa-arloko 200 entitateri baino gehiagori laguntzen die hiru lurralde historikoetan egiten diren jardueretan. Sortu zenetik, 125 milioi euro baino gehiago bideratu ditu euskal gizarteko esparru guztietako jarduerei laguntzeko.

Nabarmentzekoa da Euskaltelek erreferentziako akziodunak izan dituela sortu zenetik. 2015ean burtsara atera zenetik, Euskadi nazioarteko inbertitzaileak erakartzeko topagune sendo bat izan dadin lagundu du Euskaltelek. Euskadiren posizionamendua indartzen lagundu du, eta atzerriko kapitalaren inbertsiorako europar eskualde bereziki interesgarri bihurtu du. Euskaltel plataforma ezin hobea da gure lurraldearen eta konpainiak dituen nazioarteko akziodun inbertitzaileen arteko elkargune izateko.

Hazkundea eta hedapena

Operadore gisa izan duen hazkundea, telekomunikazio-zerbitzuak handitzean eta negozioa handitzean ez ezik, beste konpainia batzuen integrazioan ere oinarritu da, hala nola R Galizian, 2015eko azaroan, eta Telecable Asturiasen, 2017 uztailean. Halaxe sortu zen Euskaltel Taldea. Une horretatik aurrera, Euskaltel Taldea —Euskaltel, R eta Telecable marken bidez— liderra da jarduten duen merkatu guztietan, eta etxeko eta enpresetako 800.000 bezero ditu.

2020an, sortu eta 25 urtera, Euskaltelek bere historiako mugarri garrantzitsuenetariko bati ekin dio, eta behin betiko urratsa eman du bere zerbitzuak estatu osora eramateko. Eta Virgin marka ezaguna erabili du horretarako. Hedapen-plan horren bidez, hazkunde errentagarriko aukera berriak izango ditu Taldeak, eta horietan oinarrituko da konpainiak bezero-kopuruan eta errentagarritasunean izango duen bilakaera positiboa. Hala, Espainiako 18 milioi etxetara heltzeko aukera izango du konpainiak (bere merkatu naturalak barne harturik), bai bere sarearen bidez, bai Orange eta Telefónica handizkariekin egindako hitzarmenen bidez.

Taldearen aurreikuspenen arabera, Virgin markarekin maiatzaren 20an martxan jarritako hedapenaren bidez, gaur egungo bezero-oinarria bikoiztu baino gehiago egingo da, bai finkoko zerbitzuetan, bai mugikorrekoetan. Hala, espero du telekomunikazio finkoko bezeroak gaur egungo oinarria halako 2,3 izatea eta 1,5 milioi bezerotik gora izatera iristea, hedapenmerkatuetatik finkoko 800.000 bezero berri gehituta; halaber, espero du datozen bost urteetan Taldearen bezero-oinarriaren % 50 gaur egungo merkatuetako erabiltzaileak izatea eta beste % 50a orain arte jarduten ez zuen merkatuaren gainerako % 85ekoa.

Bestalde, aurreikuspenen arabera, mugikorreko zerbitzu kontratatuak 3 milioitik gora izango dira 2025ean; kontuan hartuta erabiltzaileek gaur egun milioi bat mugikor-zerbitzu erabiltzen dituztela, hirukoiztu egingo da gaur egungo bolumen-oinarria.

Xabier Iturberen adierazpenak

  • Hogeita bost urte joan dira ideia hura egia bihurtu arte, eta Estatuko iparraldeko telekomunikazioetako talde liderra gara orain. Azken urteetako gure hazkuntzan, funtsezko izan dira, batetik, Burtsara ateratzea, bestetik, R eta Telecable enpresen integrazioa, eta, azkenik, Virgin telco markarekin estatu osora hedatzea. Urte hauek guztiak pasatuta, argi geratu da Euskaltelen enpresa-proiektuak ez zuela epe laburreko ikuspegia, eta denboran irauteko asmoarekin jaio zela”, dio Euskaltel Taldeko lehendakari Xabier Iturbek. “Telekomunikazioen merkatuan Euskaltel egoteak benetako lehia ekarri zuen. Gauza asko aldatu dira, jakina; aurrera egin dugu, eboluzionatu, eta hazten jarraitzen dugu, indarrak batzen”.
  • “Horrela sortu dugu gure enpresarekin batera haziz joan den sentimendua: harrotasuna, alegia. Harro gaude proiektu honetan egunero gogotik lan egiten duten gizonemakumeez; harro gaude enpresa sendo, egonkor eta kementsu hazteko jartzen dugun hondar-ale bakoitzaz; harro gaude konpainiaren sorrerako balio haiek ordezkatzeaz eta errespetatzeaz; harro gaude gure enpresak bere inguruarekiko duen arduraz, eta harro gaude gure gizartearentzat enplegua, garapena, ongizatea eta aberastasuna sortzeaz eta sustatzeaz.

José Miguel Garcíaren adierazpenak

  • “Duela 25 urte, sortu zenean, helburua zen euskal merkatuaren % 20 eskuratzea; orain, ordea, Espainia osoko 18 milioi pertsonako merkatuari zerbitzua ematea da gure asmoa”.
  • “Sustrai sakonak ditugu gure herrian, gure bezeroei esker heldu gara honaino, eta, orain, herri hau abiapuntu hartuta enpresa hau haztea nahi dugu. Hazteak aukera asko dakartza bezeroentzat, hornitzaileentzat eta akziodunentzat. Zerbitzu hobeak, inbertsio handiagoak eta errentagarritasun hobea”.
  • “Tinko eusten diogu gizartearekin eta enpleguarekin dugun konpromisoari. Eta harro esan ahal izango dugu erabaki-zentroa Madrilen ez duen telekomunikazio-operadore bakarra garela. Madrildik kanpo ere badira enpresa berritzaileak eta herrialde osoaren garapena bultzatzen dutenak”.

Partekatu

Beste berri batzuk