SPRI Taldeak euskal kudeaketaren arloko 12 kasu arrakastatsu aurkezten ditu, garapen bidean dauden herrialdeei esportatzeko modukoak

Bizkaia

 

–       Basque Country Expertise-k euskal administrazio publikoaren kudeaketa arloko proiektu aipagarrienak biltzen ditu; erronka ekonomiko, logistiko, urbanistiko eta sozialei aurre egiteko asmoz gaitasun publiko eta pribatuak elkartuta abiatu diren prozesuak dira.

–       Basque Country Expertise-k esperientzia oso desberdinak jasotzen ditu, besteak beste, Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua, klusterren garapena, EAEko Teknologi Parkeen Sarea, industri birmoldaketaren ostean iraunkor bihurtu diren hirien sarea (hor barruan daudelarik Bilbo eta Gasteiz), URBE 2050 plataforma, eta abar.

–       Basque Country Expertise ekimenaren bidez, negozio-aukerak sortu nahi dira nazioartean Euskal Autonomia Erkidegoko enpresentzat —bereziki, zerbitzu aurreratuen sektorekoentzat—, Euskal Autonomia Erkidegoak eta bere erakundeek politika publikoen arloan duten izen ona oinarri gisa hartuz.

SPRI Taldeak -euskal enpresa sareari laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publiko multzoak- bihar, abenduaren 13an (osteguna), sozietate publiko honen Bilboko egoitzan aurkeztuko ditu euskal administrazioaren kudeaketa arloko 12 kasu arrakastatsuenak. EAEk azken 30 urteetan gainditu behar izan dituen erronka ekonomiko, logistiko, urbanistiko eta sozialei aurre egiteko asmoz gaitasun publiko eta pribatuak elkartuta abiatu diren prozesuak dira. Prozesu horiek esportagarriak dira munduko beste Estatu eta herrialde batzuetara, non une honetan Euskadik jada arrakastaz gaindituak dituen erronka berberak baitituzte. Basque Country Expertise ekimenaren barruan kokatutako proiektuak dira.

12 kasu arrakastatsu horiek zortzi arlotan integratzen dira (nazioartekotzea, merkataritza eta turismoa, ekintzailetza, landa garapena eta tokiko garapena, gobernamendua eta bikaintasuna, giza baliabideak, berrikuntza eta azpiegiturak) eta esperientzia oso desberdinak jasotzen dituzte, hala nola, Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua, klusterren garapena, EAEko Teknologi Parkeen Sarea, industri birmoldaketaren ostean iraunkor bihurtu diren hirien sarea (hor barruan daudelarik Bilbo eta Gasteiz), URBE 2050 plataforma, Nekatur elkartea, Tokiko eta Eskualdeko Garapen agentziak, Enpresa Lehiakortasun Plana, Lanbide Heziketarako Tknika Berrikuntza zentroa, Makina Erremintaren Institutua (IMH), Somorrostroko Prestakuntza Zentroa eta Lehiakortasun eta Berrikuntza Ibilbideak.

Jardunaldi honetan, SPRI Taldeko zuzendari nagusi Tomás Orbeak euskal enpresa eta erakundeei aurkeztuko dizkie kasu arrakastatsuak biltzen dituzten Lehiakortasun Katalogoa eta Hiri Iraunkorren Katalogoa. Katalogo horiek zero kostuko tresna dira zerbitzu aurreratuak ematen dituzten enpresentzat eta produktuen hornitzaileentzat. Eta hainbat gehiago eskaera murriztuta dagoen garai honetan.

Jardunaldi hauek bi helburu nagusi dituzte: batetik, zabalkundea eman katalogoei, Euskadin izan diren esperientzia arrakastatsuetan oinarriturik beren gaitasunak atzerrian saldu nahi dituzten enpresa eta erakundeei eskainitako doako baliabide publiko bezala; eta, bestetik, katalogo horietan jaso gabe gelditu diren esperientziak aintzat hartu eta katalogo horietan txertaturik hobeto ezagutarazi Euskadiko gaitasun publiko eta pribatuak, gaitasun horiek modu integralean jasoko dituzten katalogoak osatuta.

SPRIk Basque Country Expertise ekimena abiarazi du, erraztasunak emateko Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei nazioarteko eta alde anitzeko proiektuetan parte har dezaten, eta hartarako, Euskal Autonomia Erkidegoak lehiakortasunaren eta eskualde-garapenaren arloko politika publikoetan duen esperientzia baliatu nahi du. Basque Country Expertise ekimenaren bidez, negozio-aukerak sortu nahi dira nazioartean Euskal Autonomia Erkidegoko enpresentzat —bereziki, zerbitzu aurreratuen sektorekoentzat—, Euskal Autonomia Erkidegoak eta bere erakundeek politika publikoen arloan duten izen ona oinarri gisa hartuz.

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk