SPRIk EAEko startup eta ETEei zuzendutako 5,4 milioi euroko proiektu europar bat aurkeztu du
FABulous ekimenak fondo galdurako laguntzak eskaintzen ditu Euskadiko 150 proiektu finantzatzeko Interneterako 3D inprimaketaren arloan.
SPRI-Enpresen garapenerako euskal agentziak antolatutako jardunaldi batean azaldu dira ekimenaren xehetasunak eta zer egin behar den Europako finantzaketa eskuratzeko.
“Europako Batzordeak negozioa eta aberastasuna sortzeko erabili nahi du teknologia hori” dio Francisco Burján aholkulariak eta FABulous proiektuaren koordinatzaileak.
Etorkizuneko Interneten arloan lan egiten duten EAEko ETE eta ekintzaileek aukera bikaina dute beren ideiak eta proiektuak bultzatzeko Europako Batzordearen laguntzen bidez. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko SPRI-Enpresen garapenerako euskal agentziak jardunaldi bat antolatu du FABulous ekimena aurkezteko. FABulous Europako Azelerazio Programa bat da, Fiware teknologian oinarritutako enpresa berriak eta ETEetako negozio-ildo berriak sustatzen dituena. Asmoa da 3D Inprimaketarako aplikazioak eta Interneteko zerbitzu berritzaileak bilatzea. Proiektuak finantzatzeko deialdia azaroan ireki da eta zabalik egongo da 2014ko abenduaren 18ra arte.
Fiware ekimenak 16 Azeleragailu ditu eta Euskadik zuzentzen du horietako bat, FABulous izenekoa (http://fabulous-fi.eu/). Horretarako, 5,4 milioi euro banatuko ditu fondo galdurako laguntzatan, laguntza horien bidez finantzatzeko 3D inprimaketaren sektoreko enpresa berriak edo Interneteko negozio-ildo berriak martxan jartzeko proiektuak aurkezten dituzten 150 ETE eta startup.
Francisco Bujanek, Carsa aholkularitzako kideak eta FABulous proiektuko koordinatzaileak, hauxe esan du SPRIk Bilbon duen egoitzan eginiko jardunaldian: “Europako Batzordeak teknologia hori erabili nahi du negozioa eta aberastasuna sortzeko”. Bujánek zehaztu du laguntzak ez direla soilik 3D inprimagailuentzat, “baizik eta inprimaketa prozesuaren balio kate osoarentzat. Arropa, janari, lanabes, bitxi, lore eta beste hainbat arlotako aplikazioak erabili edo aurkitu ditzakegu. FABulous proiektuak zuzeneko konexioa du manufakturarekin, baina irekirik dago mota guztietako aplikazioentzat. Nahikoa da Fiware teknologia erabiltzea”.
Bujánek esan du laguntzatarako emango diren 5,4 milioi horiek baita ere erabili ahal izango direla prototipoaren garapenerako euskarri teknikorako, negozio eredua garatzeko eta proiektuak inbertsiogileen aurrean aurkezteko ekitaldietara joateko. “Startupentzat pentsatuta dago, baina baita ETEentzat ere”. Proiektuak aukeratzeko prozesua bina deialdiko hiru fasetan egingo da, 18.000, 60.000 eta 40.000 euroko laguntzak banatuko direlarik proiektu bakoitzeko. Azken fasean, merkaturatuko diren 10 proiektuak aukeratuko dira.
Oscar Lázarok, Innovalia elkarteko zuzendariak, azaldu du Fiware proiektua “oso baliagarria dela manufaktura aurreratuaren sektoreko arazoak konpontzeko” eta esan du hainbat aplikazio lantzen ari direla fabriketako langileen osasuna eta segurtasuna hobetzeko, sentsore batzuk garatu dituztelarik etorkizunean arazoak eragin ditzaketen mugimenduak eta gorputz jarrerak detektatzeko. Eta baliagarria da baita ere produkzioko buru bati produkzio linearen anomaliei buruzko zuzeneko informazioa bidaltzeko, orain arte zeregin hori eskuz egin behar izaten baitzen.