SPRIk egiaztatu du hazi egin direla Mexikon kokatutako euskal enpresen negozioak

Bizkaia

SPRI Taldearen (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziaren) ordezkaritza batek egiaztatu du Mexikon kokatutako euskal enpresek emaitza onak dituztela. Alexander Arriola, SPRI Taldeko zuzendaria izan da bisitaren buru. Bisita hau Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantza Tapiak joan den urrian eginiko bidaiaren jarraipena da, zeinaren bidez euskal ordezkariek bertatik bertara ezagutu baitzituzten euskal enpresen egoera eta Mexikoko Gobernuak batez ere energia arloan egin dituen erreformek sortutako negozio aukerak.

Spri-MexicoSPRIko ordezkarien bisitak sektore hauetako enpresetan zentratu dira: energia, automozioa, elektronika eta etxetresna elektrikoak; eta Mexiko DFn, Querétaron eta Celayan ere izan dira.

Euskal ordezkaritzak egiaztatu du Mexikok aukera izugarriak eskaintzen dituela, bertan kokatutako euskal enpresek lan karga handia baitute eta aurreikuspenen arabera hazten jarraituko baitute. Hala, Honda, Toyota eta BMW enpresek eginiko inbertsio berriek aukerak eskaini dizkiete lehen nahiz bigarren mailako hornitzaileei.

Bestalde, energiaren sektoreko erreformak aukera berriak ireki ditu sektoreko enpresentzat. Hezkuntza, osasuna eta nekazaritza eta elikadura funtsezkoak dira Mexikoko Gobernuaren programetan.

SPRIko ordezkariak Guanajuato Estatuko idazkariarekin, Fernando Verarekin, elkartu dira bi herrialdeen arteko harremanak sendotzeko eta aurten bertan egin litekeen bidaia bat programatzeko. Mexikoko zonalde horretan hainbat euskal enpresa daude, esate baterako, Elay, RPK, Inauxa, Panelfisa, Ecenarro, Imesaza, Amaya Telleria, Cíe Aitomotive, e.a.

Enpresa misio horren barruan, euskal ordezkariek hainbat bilera izan dituzte Mexiko DFn Iberdrola eta Pemexenpresekin, zeintzuek helburutzat baitute jarraipena egitea duela ia urtebete Mexikoko energiaren sektorean martxan jarritako erreformen bilakaerari.

Horrez gain, bilera bat egin zuten Ricardo Becerra Lagunarekin, Mexiko Hiriko Ekonomiaren Garapen idazkariordearekin, eta hizpide izan zituzten metropoli handian hemendik gutxira egingo diren inbertsioak. Inbertsio horietako bat da Mexiko Hiriko Benito Juárez nazioarteko aireportua, zeina beste hiri batera eramango baita; horrela beraz, kontsulta bat egingo da hiritarren artean han geratuko den lursailari buruzko proposamen berriak jasotzeko.  710 hektarea geldituko dira libre erabilpen berri bat emateko. Berlin, Sucre (Ekuador) eta Austin (AEB) hiriek antzeko kasuak dituzte eta urrian Mexiko Hirian azoka bat egingo da, beste hiri batzuen esperientziak ezagutzeko eta esperientzia horiek erreferentzia gisa erabiltzeko hiri-guneak birmoldatzeko prozesuetan.

Mexiko lehentasunezko herrialdea da Euskadirentzat bere industri eta giza kapitalagatik. Gaur egun gutxienez 119 enpresa daude han (47 produkziokoak, 37 merkataritzakoak eta 35 zerbitzuetakoak), nagusiki automozio, aeronautika eta energia sektoreetakoak.

Euskadiren eta Mexikoren arteko enpresa harremana

Mexiko Iberoamerikako bigarren ekonomia da; ekonomia irekia eta egonkorra da krisia gorabehera, eta, aurreikusitako erreformak kontuan hartuta, hazkunde potentzial handia duena epe ertainera.

Mexiko 4. postuan kokatu zen Euskadiko inportazioen 159 herrialdeko zerrendan, eta 11. postuan esportazioen 203 herrialdeko rankingean.

Partekatu

Beste berri batzuk