SPRIk eta Mondragon Unibertsitateak ikastaro bat antolatu dute enpresetan patenteen arloko adituak prestatzeko

Gipuzkoa

Dagoeneko 60 profesional prestatu dituen ikastaro honek bere laugarren edizioa egingo du aurten eta datorren apirilaren 20an hasiko da. Lau urte hauetan prestakuntza jasotako teknikariak Ulma, Ingeteam, Fagor, Gamesa, Orona eta Danobat bezalako enpresetako langileak dira, eta baita ere Gaiker, Tekniker, Tecnalia eta Azti-Tecnalia bezalako teknologi zentroetakoak.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) bitartez eta Mondragon Unibertsitatearekin batera deitu du “Enpresa Esparruko Patenteetan Aditua” ikastaroaren laugarren edizioa. Ikastaro horren helburua da profesionalak prestatzea, patenteak identifikatu, sustatu eta tramitatu ditzaten euskal enpresetan. Euskadiko industri jabetzaren eta patenteen adierazlea laugarren postuan dago Europako rankingean, berrikuntzaren arloan dagokiona baino beherago. Ikastaro honek patenteen arloko gabeziak estali nahi ditu eta momentuz 60 profesional prestatu ditu Garaia Berrikuntza Gunean, Miramongo Teknologi Parkean eta Zamudioko Teknologi Parkean egin diren edizioetan. Laugarren edizio hau Arabako Teknologi Parkean izango da. Ikastaro honetan parte hartuko dute Ulma, Ingeteam, Fagor, Gamesa, Orona eta, besteak beste, Danobat enpresek eta baita ere Gaiker, Tekniker, Tecnalia eta Azti-Tecnalia teknologi zentroek.

Ikastaroaren helburua da profil espezializatu bat sortzea enpresan, gai izan dadin enpresa ingurunean patenta daitezkeen jarduerak identifikatzeko eta egin beharreko erregistro eskaerak kudeatzeko, harik eta patente zorro bat lortu arte enpresarentzat. Ikastaroa bereziki zuzendurik dago I+G+b-ko zuzendari eta teknikariei, zuzendari teknikoei eta negozio arloko zuzendariei, ikerlariei, diseinu ingeniariei, industri ingeniariei eta oro har industri jabetzaren babes, kudeaketa edo ustiapenean diharduten guztiei. Laburbilduz, ikastaroaren xedea da kantitatea eta kalitatea uztartzea industri jabetzaren arloan, patenteen kultura bat sor dadin gure enpresa, teknologi zentro eta unibertsitateetan, eta patenteen bidez, enpresak sendotu daitezen eta lehiakortasuna handitu dezaten.

Datorren apirilaren 20an hasi eta uztailaren 6an bukatuko da SPRIk eta Mondragon Unibertsitateak antolatutako ikastaro hau. Zortzi ostiraletan eskainiko da goizeko eta arratsaldeko saioetan; lau ordu goizez eta bi arratsaldez. Arabako Teknologi Parkean izango da eta http://www.mondragon.edu/cepae web orrian eskura daiteke ikastaroari buruzko informazioa eta izen-emate orria.

Partekatu

Beste berri batzuk