SPRIk Singapurren ireki berri duen bulegoa inauguratu du Jaurlaritzak

Gipuzkoa

Arantxa Tapiak nabarmendu duenez, Singapur izango dugu Asiako hego-ekialdeko merkaturako sarbidea. Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Elkarteak (ASEAN) 600 milioi pertsonako merkatua hartzen du barnean. Euskal enpresa gutxik dihardu ASEANen, bi ekoizpen-instalazio eta hogei bat merkataritza-egoitza besterik ez baitaude bertan.

Singapur-Oficina-equipoGaur goizean inauguratu dute SPRIk Singapurren ireki berri duen bulegoa, Arantxa Tapia buru izan duen ekitaldian, eta bertan izan dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ordezkariak, SPRIrenak eta herrialde horretan diharduten euskal enpresen eta tokiko erakundeen ordezkariak.

Ekitaldi hasieran minutuko ixilgunea egin da Lee Kuan Yew-ren heriotza dela eta. Singapur-reko Lehen Ministro eta “Singapurren Aita” izandakoa. Herriak dolu-egunak bizi ditu aurreko astelehenean, martxoaren 23an, hil zen egunetik, eta ekitaldi instituzional guztietan oroimen unea eskaintzen zaio.

Orain hilabete batzuk lanean hasi zen bulegoa inauguratuta, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiaren hasieran SPRIren kanpo-sarea berrordenatzearen gainean hartutako konpromisoa bete du. Arantxa Tapia sailburuak ekitaldian azpimarratu duenez, euskal enpresak kanpoan hazteko lehentasunezko merkatua da aipagai duguna.

«Ez dugu Singapur ausaz aukeratu; estrategikoki kokatuta dago ireki berri dugun bulegoa, Asiako Hego-ekialdeko merkaturako sarbidean bertan. Gainera, euskal enpresek bertako eskariari zer eskaini badaukatela ikusi dugu», esan du Tapiak.

«Euskadiren kanpo-sarea nazioarteko testuinguruaren arabera egituratu izan da. Horrela, SPRIren kanpo-sarea egokitzeko premiak kokagune hau hautatzea ekarri du. Gaur-gaurkoz, merkatua bertatik bertara aztertzen hilabete batzuk egin ostean, bete-betean asmatu dugula esan liteke».

Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Elkartea (ASEAN) Asiako Hego-ekialdeko 10 herrialdez osatutako erakunde geopolitiko eta ekonomikoa da, ekonomia gero eta indartsuagokoa, eta «garena erakutsi behar diegu; herrialde erakargarri, moderno eta serioa». Izan ere, esparru horretarako sarbidea izateak 600 milioitik gora pertsonako merkatuan –denik eta handiena, Txinakoa eta Indiakoa kenduta–, jarduteko aukera emango die enpresei.

Euskal enpresa gutxi dago ASEANen

Bulegoak, jardunean egindako lehen hilabeteotan, bertako industria-mapa osatzea eta merkataritza- edo ekoizpen-azpiegiturak dauzkaten euskal enpresak hautematea izan du zeregin nagusi.

Hala, bertako herrialde nagusiak bisitatu dira: Thailandia, Vietnam, Filipinak, Indonesia eta Malaysia.  Egiaztatu da ia hutsaren hurrengoa dela euskal enpresen presentzia 600 milioitik gora pertsonako merkatu horretan, Txinan edo Indian duenaren aldean, eta gauza gutxi ezagutzen dela Hego-ekialdeko enpresei buruz ere. Enpresa horietako gehienak merkatuan bidea irekitzeko fasean daude, nagusiki, agenteekin elkarlanean jardunez.

Eskualde horretan bi ekoizpen-instalazio besterik ez daude, Tailandian biak, Fagor Electrónica eta Grúas GH enpresenak. Horiez gain, merkataritza-egoitzak dauzkate bertan honako hauek: Goizper S.Koop, Gosan, Ulma, Cadenas Vicinai, Salto Systems, Nerei, Fagor Automoción, BBVA, Ticketbis, Arteche, Factor CO2, Gestamp, Braher, CAF, Ampo, Arregui, Tubos Reunidos Industrial, ML Solutions Asia, Mondragon Corporation, Arregui Buzones y Sistemas de Seguridad eta BH.

Singapurreko ekonomiaren industrializazio maila handia da, industria BPGren % 25 denez. Euskal enpresentzat estrategikotzat jotako sektoreak dira automobilgintza eta aeronautika, offshore-a eta ontzigintza, makina-erreminta eta lehengaiak prozesatzeko ekipamenduak. Horiez gain, ingurumen irizpideen araberako hirigintza-garapenak eta smart grid-ak ere hazteko aukerak eskaintzen dituzte.

Euskadik «nahitaez» bete beharreko misioa

Bulego berriaren irekiera-ekitaldiarekin amaituko da Indiara eta Singapurrera egindako astebeteko bidaia. Misio ezinbestekoa zeritzon Eusko Jaurlaritzak merkatu horiek ezagutzeko, konplexuak eta, zenbait kasutan, oraindik ere ezezagunak direlako euskal enpresentzat.

Indian diharduten euskal enpresekin biltzeaz gain, sailburua, besteak beste, Indiako estatu nagusi eta industrializatuena eta euskal enpresa gehienen kokalekua den Maharashtrako lehen ministroarekin eta Mahindra Taldeko Anand Mahindrarekin bildu da.

Euskal ordezkaritza osatu dute Tapia sailburuak, Industriako sailburuorde Juan Ignacio García de Motiloak, EJko Nazioartekotzeko zuzendari Ainhoa Ondarzabalek, SPRIren zuzendari nagusi Alex Arriolak eta SPRIren Nazioartekotzeko arduradun Miren Madinabeitiak. Singapurreko agendako ekitaldietan, Ander Zozaya bertako Spri-ko bulegoko zuzendari nagusiarekin ere izan dira.

Partekatu

Beste berri batzuk