SPRIren Kanpo Sarea euskal enpresen zerbitzura jarri da beren nazioarteko jarduera bultzatzeko
– 2012an euskal enpresen 500 nazioartekotze-proiektu baino gehiago egin ziren.
– Ipar Amerika, Afrika eta Ekialde Ertaina, Europa, Latinoamerika eta Asia eremuetako arduradunek atzerrira irteten lagunduko diete euskal enpresei.
– Topaketen helburua da euskal enpresei aukera ematea interesatzen zaien herrialde edo zonaldeko ordezkari nahiz aholkulariekin harremanetan jartzeko eta batzartzeko.
– Aurreko edizioan Brasil, Txina, Argentina eta Kolonbia izan ziren enpresen artean interes handiena piztu zuten jomuga herrialdeak.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak otsailaren azken astean abiaraziko ditu nazioartean zabaldu nahi duten euskal enpresei zuzendutako SPRIren Kanpo Sareko topaketak. Datozen asteetan ospatuko diren jardunaldi horiek zonalde geografikoka egingo dira EAEko hiru hiriburuetan eta SPRIk, Euskadiko garapen agentziak, antolatuko ditu. Mota honetako ekimenak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatutako laguntza politiken barruan sartzen dira, zeintzuei esker SPRIren Kanpo Sareak 502 nazioartekotze-proiektu gauzatu baitzituen 2012an.
Lau astez jarraian eremu geografiko desberdinetako SPRIko Kanpo Sareko ordezkariak Euskadin egongo dira euskal enpresekin bilerak egiteko. Hala, atzerriko merkatuetara ireki nahi duten euskal enpresek interesatzen zaizkien merkatuei buruzko lehen eskuko informazioa eskuratuko dute, jomuga herrialde horretan diharduen ordezkariaren edo aholkulariaren eskutik.
Aste bakoitza eremu geografiko zehatz batean zentratuko da: Ipar Amerika, Afrika eta Ekialde Ertaina, Europa eta Latinoamerika eta Asia. Ordezkariek hiru lurralde historikoetan eskainiko dituzte beren zerbitzuak: astelehenetan, Bizkaian (SPRIk Bilbon duen egoitzan), asteartetan, Gipuzkoan (Miramongo Teknologi Parkean) eta asteazkenetan, Araban (Miñaoko Teknologi Parkean).
Hala, Kanpo Sareko ordezkariek eremu geografiko bakoitzaren potentzial ekonomikoaren berri emango dute, euskal enpresak merkatu horietara irten daitezen.
Lehen topaketak Ipar Amerikari buruzkoak izango dira, eta otsailaren 26, 27 eta 28an egingo dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen. AEB, Mexiko edo Kanadako merkatuekin interesatuta dauden enpresek gure ordezkariekin eta zonalde horietako aholkulariekin harremanetan jartzeko aukera izango dute eta, gainera, beren premien neurriko informazio pertsonalizatua jasoko dute.
Martxoaren 4, 5 eta 6an bi eremu geografiko handi landuko dituzte, Afrika eta Ekialde Ertaina. Martxoaren 11, 12 eta 13 Europari buruzkoak izango dira. Eta, azkenik, martxoaren 18, 19 eta 20an Latinoamerika eta Asian ditugun ordezkariek herrialde horietan lan egin nahi duten enpresen zalantzak argituko dituzte.
Jomuga herrialdeari buruzko ezagutza sakona izaki, ordezkariak enpresaren esku jarriko ditu SPRIk nazioartekotze prozesua modu pertsonalizatuan bultzatzeko eskaintzen dituen laguntza zerbitzu guztiak: jomuga merkatuen informazioa eta azterketa, sarrera komertziala, atzerrian ezarpen komertzialak eta produktiboak egiteko laguntza, aldi-baterako kokapena SPRIk herrialde desberdinetan dituen negozio zentroetan, prospekzio bidaia indibidualizatuak antolatzea, tramite ofizialetarako laguntza, tokiko agintaritza eta administrazioekin harremanetan jartzea eta prozesua finantzatzeko laguntzak.
Bilerak 45 minutukoak izango dira eta interesatuta dauden zuzendaritza-kargu edo kudeatzaileek jada izena eman dezakete eta agenda birtual sinple baten bidez denbora errealean elkarrizketa bat erreserbatu SPRIko web orrian: (www.spri.es/agendaredspri).
2012ko otsaila-martxoko edizioan, SPRIko Kanpo Sarea-Enpresak topaketetan 889 elkarrizketa egin ziren, horietatik 456 Bizkaian, 247 Gipuzkoan eta 186 Araban. Elkarrizketen ondorioz, 324 enpresak Europako herrialdeekiko interesa agertu zuten, 198k Latinoamerikan zentratu zuten beren interesa, 171k Afrikan eta Ekialde Ertainean, 123k Asian eta 73k Ipar Amerikan. Herrialdeei dagokienez, bertaratutako enpresentzat Brasil, Txina, Argentina eta Kolonbia izan ziren interesgarrienak.