SPYRO sariak ematea Deusto Business Schooleko ikasleei
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean egiten ari diren hiru ikaslek, Iñigo Ibáñez, Iñigo Aguirre eta Carlos Celorrio, SPYRO saria jaso dute, egindako gradu amaierako lanarengatik. Lan horretan SPYROk Brasilgo merkatuan nazioartekotzeko dituen aukeretan sakondu dute. Saria berriki SPYRO konpainiak eta Deusto Business Schoolek sinatutako lankidetza hitzarmenaren baitan dago. Hitzarmen horrek unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza sustatzea du xede.
Ricardo González Lafuente SPYROko zuzendari nagusiak gaur goizean SPYRO saria eman die Deusto Business Schooleko Donostiako campuseko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko hiru ikasleri, taldean egindako gradu amaierako lanarengatik. SPYROk eta Deusto Business Schoolek lankidetza hitzarmena sinatu dute berriki.
Sariaren I. edizioaren irabazleak Iñigo Ibáñez, Iñigo Aguirre eta Carlos Celorrio izan dira. Saria Europan 22 eguneko bidaia da, InterRailez baliatuz, taldekide guztientzat. Hiru irabazleek SPYRO Brasilgo merkatuan nazioartekotzeko aukerak aztertu dituzte lanean. SPYRO izen bereko enpresa kudeaketako softwarea (ERP) garatzen, merkaturatzen eta ezartzen duen enpresa da.
Lan horretan, Brasilgo ingurune ekonomikoa, industria sektorea, gizartea eta demografia eta kultura aztertu dituzte eta bereziki landu dute softwarearen sektorerako merkatuan egon daitekeen interesa, dagoen eskarira hurbilduz.
Irene Cuesta Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Graduen eta Gradu Bikoitzen dekanordearen hitzetan, “proiektuak –ingelesez idatzi dena– ikasleei aukera eman die enpresara hurbiltzeko eta horrela, etorkizuneko lanbide esperientzian izango duten lanean egingo luketen lanera asko hurbildu dira”.
“Esperientzia horrek –jarraitzen du dekanordeak– aukera eman die, baita ere, enpresa ekimen berriei aurre egiteko gaitasun metodologikoak garatzeko, eta, aldi berean, hazteko igurikimen handiak dituen herrialde baten, Brasil kasu honetan, informazioa biltzeko. Azkenik, talde lanerako gaitasuna hobetzen lagundu die”, azpimarratu du.
SPYROren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko elkarlana aspaldikoa da eta hainbat esparrutan gauzatu da: ikasleentzako hitzaldiak, praktikak, profesionalak kontratatzea, etab.
2006an lankidetza hitzarmen berezi bat sinatu zuten bi erakundeek titulazio bikoitzari laguntzeko: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Lizentziatura eta Kudeaketa Informatikako Ingeniaritza Teknikoa. “Hitzarmen horri esker –azaldu du Irene Cuestak– SPYROk parte hartze oso aktiboa du titulazio bikoitzaren garapenean”.
Hain zuzen ere, etorkizunean ziur aski Sarien ekimena Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Informatikako Ingeniaritzako Gradu bikoitzeko ikasleei zabalduko zaie, Donostiako campusean.
Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea-Deusto Business School
Deusto Business School (DBS) Deustuko Unibertsitatearen enpresa zuzendaritzako eskola da. Deusto Business Schoolek hainbat heziketa programa eskaintzen ditu, zuzendarien etengabeko ikaskuntzaren bidelagun direnak bizitza pertsonalaren eta profesionalaren garaietako bakoitzean. Deusto Business Schoolek bi campus ditu (Bilbon eta Donostian) eta Madrilen Executive heziketarako egoitza. 1916az geroztik, hainbat titulu eskaintzen ditu, eta haien onespena etengabe handituz joan da. Enpresako milaka zuzendariren heziketan ia 100 urte baino gehiagoko ibilbidean irakaskuntzaren kalitate eta bikaintasuna onetsia oinarri hartuta, Deusto Business Schoolen helburua berritzea da, “Management” arloko heziketa XXI. menderako eguneratzea eta gaur egun negozio inguruak eskatzen duen zuzendaritzako eskola garatzea.
SPYRO – www.spyro.es
SPYRO enpresa kudeaketako softwarea (ERP) garatzen eta ezartzen espezializatutako enpresa da, egoitza nagusia Donostiako Teknologia Elkartegian duena, bulegoa Zamudion eta herrialde osora zabaltzeko laguntzaile sare zabala. SPRYRO produktua ERP bat da, Taldeko I+G+B Unitateak urteetan egindako lanaren eta bezeroek eskainitako ekarpen eta iradokizunen emaitza. Kudeaketako software horrek gaur egun 5.000 erabiltzaile baino gehiago ditu, horien artean erakunde ugari. Enpresaren negozio arlo guztiak hartzen dituzten moduluak ditu.
SPYRO hainbat herrialdetan dago, Txina, Ameriketako Estatu Batuak, Brasil, Kanada, India, Frantzia, Mexiko, Portugal eta Erresuma Batua, besteren artean. Izan ere, herrialde horietako enpresek eta Espainiako enpresen eskumendekoek eguneroko kudeaketarako erabiltzen dute.
SPYROk 25 urte baino gehiagoko ibilbidea du eta hainbat ziurtagiri eskuratu ditu: urrezko Qa, kudeaketa bikainarengatik; CMMI 2, softwarearen garapenaren kalitatearengatik; eta ISO 9001, kalitate politikarengatik.
Jarrai iezaguzu: