STEAM SAREk 63 jarduera zientifiko-teknologiko eskainiko dizkie ikasleei 2026-2027 ikasturtean
Katalogoaren azken edizioak 10 berritasun biltzen ditu, horien artean, EHU Quantum-ek kuantikari buruz antolatutako jarduera bat, eta Euskotrenek eta Metro Bilbaok —Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako entitate bazkideak biak— orientabide profesionalerako bultzatutako ekimen berriak
STEAM Sareak 63 jarduera zientifiko-teknologiko eskainiko dizkie euskal gazteei 2026-2027 ikasturtean. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak bultzatzen du ekimena eta Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatzen du, helburu nagusi honekin: gazteen artean STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) eremuekiko euskal gazteen interesa sustatzea.
STEAM Sare katalogoaren bosgarren edizioa irekita dago jada aurreinskripzioetarako, eta aukera ematen die interesa duten ikastetxeei 44 erakundek antolatutako 63 proposamenetako batean parte hartzeko. Gaur egun, ehun bat entitate dira STEAM Sareko kide, horien artean enpresak, teknologia- eta ikerkuntza-zentroak, erakundeak, unibertsitateak eta berrikuntza-ekosistemako beste eragile batzuk.
Katalogoan jasotako jarduerak datorren ikasturtean garatuko dira, eta, horien bidez, ikasleek aukera izango dute, modu praktikoan eta esperientziaren bidez, diziplina zientifiko-teknologikoetara hurbiltzeko. Hiru motako jardueretan egituratzen da eskaintza: iraupen laburreko 38 jarduera, ibilbide luzeagoko 8 programa eta STEM orientabideko berariazko 17 ekimen.