TECNALIA eta MONDRAGON korporazioa lanean ari dira Europako lehengaiak agortzea saihestu nahian

Gipuzkoa

KIC edo berrikuntzaren eta ezagutzaren komunitate bateko partaide dira, eta Europaren erronka sozial eta ekonomiko handiak konpontzeko lanean ari dira.

Tecnalia y corporación MondragonMONDRAGON Korporazioa eta TECNALIA ikerketa-zentroa elkarlanean ariko dira Europako lehengai-hornikuntzaren arazoari heltzeko.  Bi erakundeak partaide dira KIC batean (Knowledge and Innovation Communities): KIC Raw MatTERS. Bikaintasunaren eta berrikuntzaren inguruko komunitate bat da, jasangarritasunaren eta lehengai-hornikuntzaren aldetik Europar Batasunak dituen arazo sozial eta ekonomiko handiei konponbideak eskaintzeko asmoz diharduena.

Europar Batasunarentzat berebiziko garrantzia du lehengai-hornikuntza ziurtatzeak; batez ere, mineral kritiko batzuena, metalena eta kautxuena. Izan ere, inportazioen mendekotasun handia dago, eta inportazio horiek, askotan, funtsezkoak dira Europako industria-jarduerarako.  Lehengaien arloko estrategiaren oinarriak, halatan, lehengaien iturri berriak identifikatzea eta materialak hornitzea, ordeztea eta birziklatzea dira.

Europar Batasuneko adituek identifikatuta dauzkate 20 lehengai kritiko —adibidez, berilioa, kobaltoa, germanioa, indioa, magnesioa, niobioa, lur arraroak eta tungstenoa—, zeinen hornikuntza arriskuan egon baitaiteke datozen urteetan eta, ondorioz, kolokan jar baititzakete industria batzuk. Esate baterako, KIC Raw MatTERSek etorkizunean izango duen jardueraren kasu aipagarria izan liteke motor elektrikoetako lur arrarozko imanak ordezteko aukera.

KIC ekimena H2020 programako partaide da, eta zuzenean EITen mende dago (European Institute of Innovation and Technology). Ia 200 milioi euroren proiektuak abiaraziko ditu datozen zazpi urteetan, eta diru horren % 25 EITetik finantzatuko da. KIC Raw MatTERSen partzuergoa 116 bazkidek osatzen dute. Haien artean, MONDRAGON eta TECNALIA bazkide fundatzaile dira eta leku nabarmena dute partzuergo handi horretan.

2015aren hasieran eratuko da KICaren legezko eta pertsonalezko egitura, egoitza nagusia Berlinen duela. 2015ean zehar taxutuko dira 2016aren hasieran abiarazteko proiektuak.

Euskadin izango duen eragina

Proiektu honen oinarria hiru aldek osatzen dute: industria eta ekintzailetza, MONDRAGON Korporazioak eta beste enpresa batzuek ordezkatua; ikerketa, TECNALIAk eta beste zenbait ikerketa-zentrok ordezkatua; eta hezkuntza, EHU eta Mondragon Unibertsitatea dituela ordezkari, besteak beste, haiek ere KICeko partaide baitira. EAEn egoitza duten beste zenbait enpresa ere partaide izango dira KIC Raw MatTERS proiektuan, nahiz intentsitate txikiagoarekin, erakunde elkartuaren estatusa baitute: Indumental, Gerdau eta Calcinor. Hiru aldeko egitura hori oinarrizkotzat jotzen da ikerketak arrakastaz garatzeko eta eskualdeetara ekimen garrantzitsuak eta eragintsuak ekartzeko. Ingurumari horretan, TECNALIAren eta MONDRAGONen zeregina funtsezkoa da inguruko erakunde gehiago atxiki dakizkien sortzen diren proiektu eta jarduerei. Hala, partzuergo horretan partaide izateak I+Gko proiektuak eta enpresa-ekimen garrantzitsuak erakarriko ditu Euskadira, eta haien bitartez kualifikazio handiko enpleguak eta produktu berriak sortuko dira.

TECNALIA eta MONDRAGONez gain, KIC Raw MatTERSEKO bazkide nagusien artean daude, besteak beste, UPM, CSIC eta Atlantic Copper; eta erakunde elkartuen artean: Técnicas Reunidas, Kataluniako merkataritza-ganberen Kontseilu nagusia, CIDAUT, IGME eta Magnesitas de Navarra. Azkenik, modu puntualean parte hartzeko interesa dute beste zenbait kidek ere: Grupo Antolín, Acciona, AITEMIN, TOLSA, Burgosko Unibertsitatea eta Cobre las Cruces.

Partekatu

Beste berri batzuk