TECNALIAk garezur barneko mikrotxip bat diseinatu du iktus baten osteko mugimendua errazteko

Araba

. Neuroerrehabilitazioko arloan punta-puntako ikertzaileak bildu dira Donostian proiektu aitzindari hori abian jartzeko

 

Joandako urtarrilaren 29 eta 30ean, neuroerrehabilitazioari buruzko topaketa batzuk egin ziren TECNALIAko instalazioetan, eta bertan izan ziren alor honetako aditu nagusietakoak diren Niels Birbaumer doktorea, Madrileko Complutense Unibertsitateak duela gutxi Honoris Causa Doktore izendatu eta 2010. urtean Helmholtz Saria irabazi zuena, batetik, eta José Miguel Carmena, doktorea, 2010ean mundu-mailako ingeniaritza biomedikoan ikertzailerik onenaren IEEE saria irabazitakoa, bestetik.

Zahartzearen fenomenoari erantzuna emateko osasun-teknologiak garatu eta sustatzeko TECNALIAk aspaldi honetan martxan jarri eta garatutako nazioarteko harreman-sarearen ondorioz sortu zen bisita hori. Zehazkiago esateko, TECNALIAk aipatutako aditu horiekin daukan harremana duela 7 urte sortu zen, Tübingen-eko Unibertsitatearen, Max Planck Neurosciences erakundeko Goi-mailako Eskolaren eta TECNALIAren artean ekimen bateratu komun bati ekin zitzaionean. Istripu zerebrobaskular baten ondorioz (iktus baten edo esklerosi lateral amiotrofikoaren ondorioz) inolako mugikortasunik eta elkarrekin komunikatzeko batere gaitasunik gabeko pertsonak, ordenagailu bidez mugitzeko eta komunikatzeko modua izan zezatela zen, azken finean, ekimen horren helburua.

Lortutako aurreneko emaitzek —pazienteak besoa eta eskua noiz mugitu nahi dituen ezagutzen duen gailua, zehazkiago esateko—, itxaropenerako bidea ireki dute. Bilera horretan etorkizuneko ikerketa-lerroak definitu ziren, mugimenduaren errehabilitazioan neuroprotesiak erabiltzen dituen proiektu aitzindari honen garapenerako oinarriak ezartzeaz gain. Garezurraren barruan elektrodo bat hilabetez inplantatzea, pertsona entrenatzea eta muskuluak mugi daitezen lortzea izango lirateke hurrengo pausoak. Hasiera batean txiparen bidez izango da, jarraian entrenamenduaren bitartez aktibatutako zirkuitu neuronalak baliatzeko. Mugikortasunik gabeko pazienteak berriro ere modu naturalean mugi daitezen lortzea da proiektuaren azken helburua.

Partekatu

Beste berri batzuk