TECNALIAk, industriaren eskaerei aurrea hartzeko, Fabrikazio Aurreratuko Laborategi berria inauguratu du
“Proactive Factory Lab” izeneko laborategi berri horri esker, TECNALIAk % 62 handitu du bere gaitasuna aurreko laborategiarekiko
Gune berri horri funts propioko 5,5 milioi euroko inbertsioa eskaini zaio; 476 m²-ko azalera berriari esker, egungo instalazioak handiagoak dira, eta TECNALIA fabrikazio aurreratuko erreferente gisa sendotu da
Haren helburua da enpresei zuzendutako ezagutza-transferentzia bizkortzea eta, horrela, heldutasun handiagoa ematea fabrikazio aurreratu berri horri lotutako teknologiei, halako moldez non industriarako soluzioetan txertatzeko modukoak izango baitira.
TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak Fabrikazio Aurreratuko Laborategi berria inauguratu du. Gune berri horren helburua da erantzuna ematea industriak gaur aurre egin beharreko berrikuntza aplikatuko eta eskalagarriko eskakizun gero eta handiagoei.
Instalazioak handituta, TECNALIAren gaitasuna % 62 handituko da aurreko gunearekin alderatuta: 765 m² izatetik 1.241 m² izatera igaroko da. Horri esker, enpresek fabrikazio aurreratuan behar duten eskariaren hazkundeari erantzuteko aukera izango du erakundeak. Kalkulatzen da eskaera hori urtean % 8 eta % 10 artean handituko dela. Horrek teknologia adimendun berriak erabiltzea bultzatuko du eta TECNALIAk enpresen bazkide estrategiko gisa duen posizioa indartuko, industria-sarearen produktibitatea, jasangarritasuna eta lehiakortasuna hobetzen duten funtsezko teknologien garapenean. Era berean, % 30eko igoera aurreikusten da urtero egin daitezkeen industria-probetan. Horri esker, nabarmen hobetuko da transferitzeko eta merkatuan eskalatzeko egindako garapen teknologikoen heldutasuna.
Laborategi berri horri funts propioko 5,5 milioi euroko inbertsioa eskaini zaio eta 476 m²-ko azalera berria du orain. TECNALIAren eraikinean dago, Euskadiko Parke Teknologikoko Donostia Campusean, eta enpresen beharrei modu proaktiboan aurrea hartzeko asmoz sortu da, helburu honekin: fabrikazio adimenduneko teknologia berriei denboran iraunkorrak diren lehia-abantaila bihurtzen laguntzeko. Zehazki, espero da teknologia berriak garatzeko edo baliozkotzeko denbora murriztea eta haien heldutasuna areagotzea, funtsezko sektoreetan industrializatzeko, hala nola makina-erremintan, automobilgintzan, aeronautikan, energian…
“Proactive Factory Lab” izeneko espazio berri horren ezaugarria da lehiatu aurreko soluzio teknologikoak probatzen eta heltzen dituela ingurune erabat funtzional eta eskalagarrietan. Helburua da probak egitea norberaren eta beste enpresa batzuen makinetan eta ekoizpen-baliabideetan, ahal bezain baldintza errealetan, eta fabrika bat ingurune erreal batean erreproduzitzea, dagoeneko lehiakorra den eta hedatzeko prest dagoen soluzioa baliozkotu ahal izateko, eta, horrela, hura ezartzearen arriskua murriztea eta arintzea. Hain zuzen, espero da 4 urtean % 30eko hazkundea egotea, artatutako enpresetan, fabrikazio aurreratuko proiektuekin lotutako garapenetan.