TECNALIAk martxan jarri du fabrika “kontzientea”, industria-arloko enpresekiko jarduera % 15 handituta
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak fabrika-eredu berri bat aurkeztu du BIEMHn, ezaugarri hauek dituena: pertsonen zerbitzura egotea eta malgua eta kolaboratiboa izatea
Gaur egun, industria-arloko 950 enpresarekin baino gehiagorekin (% 73 ETEak) ari dira lankidetzan, zenbait alderdi hobetzen eta optimizatzen dituzten soluzio teknologikoak ezartzeko, hala nola prozesuen kalitatea eta eraginkortasuna, ekoizpen-ondasunen eskuragarritasuna, mantentze-prozesuak, makinen eta pertsonen arteko interakzioa, materialak berrerabiltzearen ondoriozko jasangarritasun-mailak, eta zerbitzuen kalitatea balio-katearen gainerakoarekin, hornitzaile zein bezeroekin
BIEMHn aurkeztu dituzten teknologien artean, aipatzekoak dira adimen artifizialeko teknikei esker pertsonekiko interakzio naturala duten robotak, eta urrunetik funtzionatzeko teleoperatzen diren makinak
Industria adimendunak, zeina 2010eko hamarkadaren hasieratik azkar garatzen ari baita, fabrika “kontzienterantz” eboluzionatu du; alegia, are faktoria-eredu adimendunagoa da, eta horrek iraultza ekarri du pertsonak fabrikan integratzeko moduan. Interakzio naturalago batean oinarritzen da, eta jendearen ezagutza adituaren aprobetxamendua maximizatzen du. Fabrika malgua eta moldagarria da produkzioan, eta ingurunearekin elkarlanean jarduten du. Paradigma berri bat da, TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa industria-arloko enpresetan ezartzen ari dena, eta enpresa horiekin egiten den jarduera % 15 handitu duena azken bi urteetan.
Hala jakinarazi dute BIEMH 2024an, aste honetan Bilbao Exhibition Center BECen egiten ari den makina-erremintaren nazioarteko biurteko azokan. Agustín Sáenz TECNALIAko Estrategia, Merkatu eta Teknologia saileko zuzendariak azaldu duenez, gaur egun industria-arloko 950 enpresarekin baino gehiagorekin ari dira lankidetzan (haietatik % 73 ETEak), robotika kolaboratiboarekin, automatizazioarekin, konektagarritasunarekin, adimen artifizial aplikatuarekin eta materialen zirkulartasunarekin erlazionatutako soluzio teknologikoak ezartzeko. Jarduera horri esker, 94 milioi euro fakturatu ditu TECNALIAk azken bi urteotan.
Makina-erremintaren eta Fabrikazio Aurreratuaren Nazioarteko Azoka nagusian, TECNALIAk ia 300 metro koadroko stand bat du, eta, han, adimen artifiziala, robotak, konektibitatea eta fabrikazio-teknologiak integratuz, fabrika-eredu berri hori irudikatzen du, lau transformazio-palankaren gainean eboluzionatzen duena: pertsonaren zerbitzura dagoen teknologia; produkzio malgua, baliabideen erabilera optimizatzeko aldaketetara egokitzeko gai dena; gune eta instalazio gehiagotara hedatutako fabrika bat; eta industria-ekosistemarekiko lankidetza.
Sáenzen arabera, “fabrikazio oso aurreratua eta automatizatua da, pertsonak erdigunean dituena, eta erdigune horren inguruan diseinatzen dira berrikuntzak, eta handik makinetara eta ekoizpen-lerroetara hedatzen. Adimen artifizialeko teknologia, sentsore eta sistema horiek elkarrekin lan egiten dute, ekoizpen-prozesua optimizatzeko, eta etengabe komunikatzen dira pertsonekin. Eta fabrika hori, gainera, egokitu egiten da erabilera optimizatzeko, eta ingurunearekin komunikatuz jarduten du, fabrikatik harago balio-kateko beste instalazio eta agente batzuetara hedatuz”.
Bestalde, David Sánchez Industria eta Mugikortasuneko zuzendariak adierazi duenez, “gaur egungo testuinguru ekonomikoan, konplexuagoa eta lehiakorragoa baita, erronka berriak ditugu aurrean, faktore berriak sartu baitira tartean, hala nola ingurumen-trantsizioa, zibersegurtasuna areagotzea erasoak ugaritu direlako, eta ekoizpenean eredu pertsonalizatu berriak behar izatea. TECNALIAk aliatu gisa jardun behar du enpresekin, epe ertain eta luzeko berrikuntza teknologikoko estrategiak prestatzeko, hedatzeko eta martxan jartzeko”.
Pertsonekiko interakzioa iraultzen
Fabrika “kontzientea”, lehenik eta behin, industria adimendun bat da, zeinaren ezaugarri nagusia baita pertsonek fabrikarekin interakzioan jarduteko modua aldatzen duela, “human-centric” kontzeptuari jarraituz, eta fabrika eta negozioa kontrolatzeko paradigma berri bat jartzen duela haien esku, modu eraginkor, adimendun eta aurreratu batean, une bakoitzeko premiari aurrea hartuz. BIEMHn, TECNALIAk soluzio teknologikoak erakutsi ditu, pertsonekin interakzioan dihardutenak, hala nola robot humanoide baten manipulazio malguko zereginak elkarrizketa bidez programatzea, AA sortzaileari esker; soluzio teknologiko bat, aukera ematen duena robot baten zereginak errealitate areagotuaren bidez planifikatzeko; eta laguntzaile adimendun bat, Industrias Puigjaner enpresarentzat garatua, zeinak ulertzen baititu mantentze-gorabeherei buruzko galderak, eta soluzio egokia proposatzen baitu, behar den dokumentazio teknikoa aztertuta.
Bigarrenik, fabrika hau malgua da, ekoizpenean behar diren aldaketetara egokitzen da, eta, teknologia berrien bidez, bere inguruan gertatzen denaren “kontzientzia” hartzen du. Hori lortzeko, TECNALIAk hainbat soluzio garatu ditu fabrika moldagarri bat bultzatzeko: ekoizpenaren plangintza dinamikorako sistema adimendun bat, egoera aldakorretan ikasteko eta erantzunak egokitzeko gai dena; ekoizpen-prozesu baten portaera aurreikusteko ereduak entrenatzeko aukera ematen duen analisi automatizatuko soluzio bat, programazioari buruzko ezagutza aurreratuen beharrik ez duena; Produktuaren Pasaporte Digitalaren egokitzapena, kasu honetan makinetarako, non TECNALIA fabrikatzaile robotikoekin ari baita lanean trazabilitate-tresna hori aktibo produktiboei aplikatzeko eta fabrikazio adimenduneko ekosistemen jasangarritasuna hobetzeko; eta fabrikazio-sistema berriak erakutsiko dira, hala nola MOLDAM zelula robotiko hibridoa, Aernnova eta Suzlonentzat garatua, zeinak osagai termoplastiko handien 3D inprimaketan oinarritutako fabrikazio-prozesu bat txertatzen baitu.
Lantegi hedatu eta kolaboratibo bat
Hirugarrenik, fabrika hedatu bat da, presentzialtasunaz harago doana, eta, teleoperazio-teknologien bidez, aukera ematen duena fabrikazioa hainbat tokitatik kudeatzeko eta, aldi berean, ekoizpen-aktiboak puntu bakar batetik kontrolatzeko. Horrelako teknologiak ikus daitezke azokan, teleoperazio bidezko logistikako postu batean; handik, azokatik 100 km-ra egongo den materiala garraiatzeko plataforma mugikor sentsorizatu bat manipulatuko dute teknikariek. Bestalde, Plain Concepts-ekin duen lankidetzari esker, TECNALIAk lau hankako SPOT robotean integratu du garatu duen telerrobotika-teknologia. Beso robotiko bat du, urrutitik gidatuta ikuskapenak eta manipulazioak egiteko, eta kako haptiko bat, erabiltzaileak urrutitik sentitzeko sistemak bere ingurunearekiko interakzioan sentitzen duena.
Laugarrenik, lantegi “kontzienteak” ekosistema industrial kolaboratibo bat bultzatzen du, non balio-kate konektatuak sortzeak erresilientzia eta malgutasuna sustatzen baititu. Hala, Ibarmia, Nicolás Correa eta Shutonekin lankidetzan, TECNALIAk makinen autodiagnostikorako sistema bat garatu du, makinen osasun-egoera monitorizatzeko, haien erabilgarritasuna handitzeko eta funtzionamendu sendo eta egonkorra bermatzeko.