Tradizioa, talentua eta teknologia eraman ditu Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak Istanbulera, IASPen 2017ko nazioarteko biltzarrera

Gipuzkoa

Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea IASP elkarteak Istanbulen antolatutako Zientzia Parkeen eta Berrikuntza Esparruen Mundu-biltzarrean parte hartzen ari da joan den asteartetik. Biltzar horren barruan, Cristina Andres Sareko marketin korporatiboko zuzendariak tradizioa, talentua eta teknologia protagonista dituen txostena aurkeztu du

IMG_1927Euskadiren garapenean euskal parkeek bete duten eginkizuna aztertu du Cristina Andresek; gure lurraldearen elementu bereizgarria izan den industriaren tradizioa eta bilakaera erabili dute parkeek horretarako, berrikuntzaren kontzeptura eta aldaketa horren eragile gisa parkeek izan duten garrantzira iritsi arte.

Talentua erakartzea izan da aurkeztu diren beste puntu garrantzitsuenetako bat; izan ere, ondo prestatutako 16.000 lagun baino gehiago dira Euskadiko Parkeen Sarea osatzen dutenak. Horrek esan nahi du aparteko gaitasuna dagoela, eta agerian geratu da Euskadik talentu hori erakartzeko duen garrantzia eta erakundeen, enpresen eta abarren arteko baterako lanaren balioa.

Teknologia izan da txostenaren beste berezitasunetako bat. Horri buruz, Andresek nabarmendu du garrantzitsuak direla dibertsifikazioa eta azkeneko urteotan 4.0 Industriak bete duen eginkizuna; BIND 4.0 programa aipatu du bereziki, industria mota horretan puntakoa dena; CFAA (Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa), laster inauguratuko dena Bizkaiko Parkean, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzari esker; eta BIC Bizkaia haztegiaren kasua, manufaktura aurreratuan espezializatuta dagoena.

Aurkezpenaren ondoren, marketin korporatiboko zuzendariak, hitzaldia amaitzeko, nabarmendu du garrantzitsua dela aldaketetara egokitzea, sistemarekin bat etorriko diren aktore berriak erakartzeko lanean jarraitzea eta dibertsifikatzen ere jarraitzea, gure parkeetan sektore berriak sartuta.

Partekatu

Beste berri batzuk