UPV/EHUren katedradun Félix Goñi Biophysical Societyren atal eraginkorrenetako baten buru izango da

Bizkaia

 

“Izendapenak Biofisika Unitatearen lana aitortzen du nazioartean”, adierazi du bere zuzendariak

Felix Goñi irakaslea, Euskal Herriko Unibertsitateko Biokimikako eta Biologia Molekularreko katedraduna eta CSIC-UPV/EHU zentro mistoko Biofisika Unitateko zuzendaria, Ameriketako Biofisika Elkartearen (American Biophysical Society) Mintzen Egitura eta Muntaketa Ataleko buru izendatu dute 2014 urterako. American Biophysical Society munduko biofisika elkarterik garrantzitsuena da eta 8.450 kide ditu. Bere aldetik Mintzen Egitura eta Muntaketa Atala elkartearen hamaika taldeetako bat da, eta eraginkorrenetakoa ere. Mundu osoko 500 zientzialari biltzen ditu. Ataleko kideak dira urtero bi urte barru beraien buru izango den presidentea aukeratzen dutenak. Goñi aurkeztu ziren beste hiru hautagaiei nagusitu zitzaien. “Izendapenak Biofisika Unitatearen lana aitortzen du eta nazioartean gure lana ikusgarria dela erakusten du”, adierazi du zientzialariak. Goñi American Biophysical

Societyko Nazioarteko Harremanen Batzordeko presidente ere bada.

Mintzen Egitura eta Muntaketa Atala zelula mintzen egituran jartzen du arreta. Mintza zelulen muga da eta zelulak beraien artean komunikatzeko erabiltzen duten tresna. Bakteriak eta hainbat birus

(gripea, ebola, ihesa) zelulan sartzeko erabiltzen duten bidea. Izan ere, zelulen funtzioen heren bat mintzean egiten da. “Hala ere, mintzen ezaugarri fisikoez oso gutxi dakigu”, azaldu du Biofisika

Unitateko zuzendariak.

Mintzen Egitura eta Muntaketa Ataleko presidente bezala, Biophysical Societyk San Frantziskon 2014an egingo duen kongresuaren barruan zelula mintzei buruzko programa prestatu behar izango du, eta, bestalde, presidente izango den urtean adituentzako hainbat ikastaro antolatu behar izango du.

Félix Goñi katedradunak (Donostia, 1951) Universidad de Navarran egin zituen doktorego ikasketak, eta Medikuntza eta Kirurgian doktorea da 1975az geroztik. Londresko Unibertsitatean (Royal Free Hospital) egin zituen doktorego ondoko ikasketak. 1978an sartu zen UPV/EHUn, eta bertako Zientzia eta Teknologia Fakultatean gerora Biomintzen Taldea izango zena hasi zen garatzen eta, 1999tik aurrera, Biofisikako Unitatea. Bere taldea Eusko Jaurlaritzako eta UPV/EHUko errendimendu handiko taldeetako bat da. Bere ikerketa-lanaren oinarria zelula-mintzetako interakzio molekularrak dira.

Sei liburu eta 282 artikulu argitaratu ditu, eta hainbat hitzaldi eman (gonbidatu eta osokoetan), nazioarteko batzarretan eta mundu osoko unibertsitateetan. Hiru patenteren egilekidea da eta 16 doktore-tesiren zuzendaria izan da. Journal of Liposome Research, Biochimica et Biophysica Acta, Chemistry and Physics of Lipids eta Journal of Chemical Biology aldizkarietako argitaratzebatzordeetako kidea da. Horrez gain, Revista de Derecho y Genoma Humano aldizkariko erredakziobatzordeko kidea da eta hainbat nazioarteko batzarretako zientzia-batzordetan hartu du parte. Biophysical Societyren barruan, elkartearen jardunaldi bat antolatzeaz arduratu zen lehenengo atzerritarra izan zen; zehazki, 51st Annual Meeting of the Biophysical Society (2006) programaren (Baltimore, Maryland, USA) batzordeko presidentea izan zen.

Gestio-karguei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Zientzia Politikaren zuzendaria izan zen. 2006az geroztik FEBSren (Federation of European Biochemical Societies) argitaratze-batzordeko burua da, eta Fundación Biofísica Bizkaia/Biofisika Bizkaia Fundazioaren sortzaile eta presidentea.

Euskadi Ikerketa Saria da (2002), Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kidea (2003) eta Universidad Nacional de Córdobako (Argentina) ohorezko irakaslea (2005).

Iturria: UPV/EHU

Data: 2012/03/15

Partekatu

Beste berri batzuk