Vitrocaulis: “naturaren edertasuna” biderkatzeko landare-bioteknologia
Luna Aspizua biologoa landare-ehunen in vitro hazkuntzan espezializatu zen, “benetan sinesten zuen” proiektu profesionala eraikitzeko: landare apaingarrien mikrohedapenean espezializatutako laborategia, enpresa, mintegi eta ekoizleei kalitate handiko, gaixotasunik gabeko eta aparteko ezaugarriak dituzten aleak eskaintzen dizkiena
Landare-bioteknologia enpresa-eredu iraunkorragoak eta gizatiarragoak eraikitzeko tresna ere izan daiteke. Horrela ulertzen du Luna Aspizuak, Vitrocaulis Plant Innovationen sortzaileak, landare apaingarrien mikrohedapenean espezializatutako startup bat, sortzailearen bizi-esperientziatik bertatik sortua: “Vitrocaulis eraldaketa pertsonal sakoneko une batetik jaio zen”, aitortzen du.
Eraldaketa une horrek eraman zuen Aspizua landare-ehunen in vitro hazkuntzan espezializatzera eta zientzia, sormena eta negozio-ikuspegia aplika zitzakeen merkatu-hobi bat esploratzera. “Bizitza laburregia da benetan gustuko duzun zerbait eraikitzen ez saiatzeko. Merkatua aztertzen hasi nintzen, dei pila bat egiten eta azoketara joaten, mintegizale eta landare-bildumagileekin hitz egitera. Merkatu aukera bat identifikatu nuen eta Vitrocaulis zerotik eraikitzen hasi nintzen”, azaldu du. Emaitza, “berrikuntza bioteknologikoaren bidez naturaren edertasuna biderkatzea” helburu duen ekimena da.
Ale bakarrak
Mikrohedapenari esker, Vitrocaulisek kalitate handiko, gaixotasunik gabeko eta ezaugarri paregabeko aleak eskaintzen dizkie enpresa, mintegi eta ekoizleei. “Mikrohedapena onura ugari dituen teknika da: ekoizpena bizkortu eta esponentzialki biderkatzen du, lerro genetiko egonkorrak mantentzeko aukera ematen du, landareek birusik, bakteriorik, onddorik eta izurririk ez dutela ziurtatzen du, urte-sasoia edozein dela ekoizteko aukera ematen du, barietate baliotsuak garbitu eta berreskuratzeko aukera ematen du, eta abar”, zehaztu du Aspizuak.