Wolfgang Wahlster-ek biharko industria goitik behera aldatuko duten berrikuntza teknologikoak aurkeztuko ditu Bilbon

Araba

–      Alemaniako Adimen Artifizialeko Ikerketa Zentroko (DFKI) zuzendariak eta Alemaniako Gobernuak manufakturak modernizatzeko plana diseinatzeko izendatutako arduradunak hasiera emango dio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak antolatutako ‘Basque Industry 4.0. Lantegi Adimendua’ jardunaldiari, urriaren 15ean

–      Jardunaldia Euskadiko Espezializazio Adimendunaren Plan Estrategikoaren barruan dago eta hartan, puntako enpresetako eta zentro teknologikoetako (hala nola, Tecnalia, IK4, Danobat, Invema eta Sisteplant) ordezkariek hartuko dute parte

–      Jardunaldia amaitzeko, zenbait teknologiaren (errealitate birtuala eta areagotua, ikusmen artifiziala, robotika, ‘cloud computing’…)  aplikazio praktikoen berri emateko tailerrak egingo dira

logo spriUrriaren 15ean, Wolfgang Wahlsterrek, Alemaniako Adimen Artifizialeko Ikerketa Zentroko (DFKI) zuzendariak, datozen urteetan industria-produkzioan iraultza ekarriko duten teknologia berrietako aplikazio batzuen berri emango du Bilbon. Wahlsterrek hasiera emango dion jardunaldian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak hau lortu nahi du, SPRI enpresa-garapenerako agentziaren bidez: Euskal Autonomia Erkidegoko industria-enpresak elektronikaren, informazioaren eta komunikazioen teknologien (EIKT) berrikuntzetara egokitzea. Topaketaren izenburua ‘Basque Industry 4.0. Lantegi adimendua’ izango da. Euskalduna Jauregian egingo da, 09:00etatik aurrera, eta puntako enpresetako eta zentro teknologikoetako (Tecnalia, IK4, Danobat, Invema eta Sisteplant, besteak beste) espezialistak bertaratuko dira.

Jardunaldia Euskadiko Espezializazio Adimendunaren Plan Estrategikoaren barruan dago. Plan horretan, Eusko Jaurlaritzak eskualdeetako I+G+Bko lehentasunak zehazten ditu, baliabideak eta inbertsioak Euskadin gaur egun dauden eta egon daitezkeen produkzio-ahalmenekin sinergiak dituzten lekuetan egiteko.

Laugarren industria-iraultzaren ondorioz, lantegi adimendutzat har dezakeguna ari da sortzen. Alemanian, joera horri ‘4.0 industria’ esaten diote. Lantegi adimendua lantegiaren bertsio informatizatua da; hartan, prozesu guztiak lotuta daude, eta elkarri eragiten diote. Industria-iraultza berri honetan, hauek dira erronka nagusiak: softwarea garatzea, datuak masiboki aztertzeko eta biltegiratzeko sistemak sortzea, produkzio-prozesuetan eta produktuetan sentsoreak eta elektronikoa erabiltzea, eta erabakiak hartzeko beharrezko informazio guztia eskura izatea.

Horrenbestez, errealitate birtualak eta areagotuak, ikusmen artifizialak, robotikak, fabrikazio gehigarriak, cloud computing delakoak eta datuen tratamendu masiboak (Big Data) konpainien epe laburreko lehiakortasuna handituko lukete. Horrez gain, gero eta zorrotzagoa den merkatu batean jarraitzeko bermea ekarriko lukete; izan ere, krisiak erakutsi du zer garrantzitsua den berrikuntza, posizionatzeko eta irauteko.

Industria guztien eskura

‘Basque Industry 4.0’ jardunaldian bilduko diren adituek azpimarratuko dutenaren arabera, teknologia horiek industria-enpresarik aurreratuenen eskura daude, baina, gainera, negozio bakoitzaren behar partikularretara egokituta, inbertsio bideragarria eta bizkor amortizagarria dira, emaitzak hobetzea eragiten baitute. Ildo horretan, Wolfgang Wahlsterrek, Alemaniako Gobernuak ‘Industry 4.0’ plana diseinatzeko izendatutako arduradunak, “Industrie 4.0: The Fourth Industrial Revolution based on Smart Factories” gaiari buruzko hitzaldia egingo du.

Wahlster Alemaniako Adimen Artifizialeko Zentroko (DFKI) zuzendaria da 1988az geroztik; han, 600 zientzialariren baino gehiagoren ardura dauka. Mende-laurden honetan egindako ikerketei esker, DFKIn sortutako garapen teknologikoak ustiatzeko 68 enpresa sortu dira. Gainera, Wahlster doktorea Alemaniako Zientzialarien Batasuneko kidea da, baita Suediako Zientzietako Errege Akademiakoa (Nobel sariak ematen dituena) ere. Wahlster Alemaniako manufakturen digitalizazio-estrategiako arduraduna da.

 

Euskadiko puntako enpresak

Wahlserren hitzaldiaren ostean, teknologia horiek aplikatzen esperientzia duten puntako euskal enpresetako ordezkariek bideragarriak direla erakutsiko dute. Lehen saioan, EIKTen Joerak 4.0 Industriarako saioan, joera teknologiko garrantzitsuenetako aditu-talde batek hartu du parte.

Goizeko saioan, mahai-inguru batean, 4.0 industriaren erronkak eta aukerak Euskadirako gaia jorratuko da. Hona hemen parte-hartzaileak: Agustín Sáenz, Tecnaliako Industria eta Garraio Dibisioko zuzendaria; Jorge Posada, Vicomtech-IK4ko alboko zuzendaria; Antxon López Usoz, Danobat Group-eko Berrikuntzako zuzendaria; Alfonso Ganzabal, Sisteplant Innovative Technologies-eko managing zuzendaria; eta Patricia Tames, Invema-ko zuzendariaren ondokoa. Tomas Iriondo, Gaiako zuzendari nagusia, izango da mahai-inguruko moderatzailea.

Goizeko hitzaldien ondoren, arratsaldean, bertaratutakoek zenbait tailerretan parte hartzeko aukera izango dute. Haietan, aurkeztutako teknologia bakoitzaren aplikazioak eta kasuak modu praktiko batean ikusiko dituzte.

4.0 Industria Alemaniarekin eta industria-lidergoa “Vanguard” taldean

Euskadiko manufakturan iraultza berri hau sustatzeko eta laguntzeko erakunde-konpromisoak bi alderdi ditu: alde batetik, barne-mailan, Eusko Jaurlaritzak plan estrategiko bat abiatu du; eta beste batetik, Europako estrategia industria adimendunerantz bideratzen ari diren nazioarteko talde aitzindarietan, gero eta euskal enpresa gehiago daude. Esaterako, pasa den astean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta SPRIren ordezkaritza batek, Arantxa Tapia sailburua buru zuela, Alemaniako zenbati eragilerekin (klusterrak, unibertsitateak, institutu teknologikoak, enpresak…) egindako lan-saioetan hartu zuen parte, Alemanian industria-politikan garatzen ari diren joeren eta estrategien izateko.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak gonbidapen formala jaso du nazioarteko benchmarking-ekimen parte hartzeko. Gobernu Federalak sustatu du ekimen hori Produkzioaren Teknologien Fraunhofer Institutuaren bitartez (fabrikazio-teknologiak). Tapia sailburuaren arabera, “aukera bikaina da Euskadirentzat, bertatik bertara ezagutzeko fabrikazio aurreratuarekin lotutako azken joerak”.

2013az geroztik, “Vanguard” izeneko Europako 15 Eskualderen Taldean dago. Eskualde horiek guztiek helburu bera dute: beste hazkunde bat lortzea, espezializazio adimendunaren bidez.

Partekatu

Beste berri batzuk