ZEIN DIRA HAURTXOEN HIZKUNTZA-GARAPENA AZTERTZEKO AZKEN AURRERAPENAK?

BCBL ikerketa-zentroak, ekainaren 9tik 11ra, WILD nazioarteko kongresua antolatu du Donostiako Teknologia Parkean, hiru egunetan zehar 20 herrialde inguruko 100 zientzialari aditu baino gehiago bilduko dituena

Gipuzkoako zentroko ikertzaileek elebitasunak hizkuntzaren jabekuntzan duen eragina azpimarratzen dute beren lanean

Besteak beste, New Yorkeko Unibertsitateko Catherine Tamis LeMonda, Cambridgeko Unibertsitateko Usha Goswami eta Oxfordeko Unibertsitateko Kim Plunkett irakasleek parte hartuko dute

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak bi urtez behingo WILD (Workshop on Infant Language Development) kongresua antolatu du berriz 2022ko ekainaren 9tik 11ra. Orain arte egindako bost edizioetan hirugarren aldiz, Donostian –Parke Teknologikoan– izango da haurtxoen hizkuntza-garapena aztertzeko azken aurrerapenak biltzen dituen nazioarteko ekitaldia.

Hiru egun horietan zehar, Europa, Ipar Amerika eta Asiako 20 herrialde inguruko 100 zientzialari aditu baino gehiagok hartuko dute parte ekitaldi honetan. Bertan, bi ikerketa-eremutako berrikuntza nagusiak aurkeztuko dira: hizkuntzaren eskurapen goiztiarra eta garapen kognitiboaren ingurukoak, hain zuzen.

«Mundu osoko adituek beren ezagutza eta aurrerapen metodologiko zein teoriko berrienak hurbilduko dizkigute, haurren hizkuntza-prozesuen garapenari lotutakoak», azaldu du Marina Kalashnikova ikerlari eta BCBLko Haur-hizkuntza eta Kognizioa ikerketa-taldeko buruak.

Horrez gain, WILDen zientzia-arlo horien azterketan egindako lan berritzailea erakusteko aukera ezinhobea dute BCBLko ikertzaileek, elebitasunari arreta berezia eskainiz.

Zentroko zientzialarien aurkezpenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: elebitasunaren eragina haurtxoek doinu-ereduak ikasteko duten trebetasunean; haurtxo elebidunek bi hizkuntza prozesatzeko duten gaitasunean parte hartzen duten mekanismo neuronalak; eta entzumen-galera edota dislexia izateko arrisku genetikoaren ondorioz hizkuntzan atzerapena jasateko arriskuan dauden haurtxoen hizkuntza-garapena.

«Gure ustean, WILD ekitaldia ingurune paregabea da gure ikerketa-lana ezagutarazi, nazioarteko beste erakunde batzuekin sinergiak eraiki eta talentua erakartzeko», gaineratu du BCBLko ikertzaileak.

Gainera, BCBLk aspaldidanik du bere babyLAB laborategia, non metodo eta teknika aurreratuak erabiltzen diren, adibidez, 3 eta 12 hilabete bitarteko haurtxoen giza-hizkuntzaren garapenaren lehen urratsak ezagutu edota 36 hilabete arteko haurtxoen hiztegi eta sintaxiaren inguruko ezagutza ikertzeko xedez.

Gune hau gurasoen lankidetzara irekita dago, eta horiek harremanetan jar daitezke baby@bcbl.eu helbide elektronikoaren bidez, haurtxoek ikasketetan parte har dezaten.

Nazioarteko hizlariak

Bestalde, WILDen edizio berriak hizkuntzaren garapen goiztiarra aztertuko duten entzute handiko nazioarteko hizlariak izango ditu,

Programan parte hartuko duten adituen artean, aipatzekoa da ekainaren 9an Catherine Tamis LeMonda New Yorkeko Unibertsitateko irakaslearen parte-hartzea. Bertan, haurtxoak, entzuten dituzten hizkuntzak eskuratzeko, beren inguruneko alderdi fisiko eta sozialez nola baliatzen diren azalduko da.

Era berean, hilaren 10ean Cambridgeko Unibertsitateko Usha Goswami irakasleak proposamen teoriko berria aurkeztuko du haurtxoen garunak soinu-seinale konplexua nola deskodetu eta prozesatu eta hizkuntza-esanahiak nola erauzi ditzakeen azaltzeko.

Eta, azkenik, hilaren 11n Oxfordeko Unibertsitateko Kim Plunkett irakaslearen txanda izango da haurtxoek beren hiztegia nola eraikitzen duten aztertzeko. Hiztegi hori oso lotuta dago haurtxoek berriki ikasitako hitz eta esanahiak eta aldez aurretik ezagutu eta hiztegian gordetako hitzekin erlazionatzeko duten trebetasunarekin.

WILD ekitaldiaren programa osoa kongresuko webgunean dago eskuragarri.