Zenbait adituk eztabaidatuko dute nola irten den euskal industria hainbat krisi ekonomikotatik
– Jakiunde Akademiak “Krisia eta industria, iraganeko ikasgaiak etorkizuna eraikitzeko” jardunaldia antolatu du SPRI-enpresen garapenerako agentziaren laguntzarekin.
– Iraganean hainbat krisiri aurre egin dioten enpresa handietako zuzendaritza-karguek eta goi-kargu izandakoek parte hartuko dute eztabaidetan.
– Topaketan hainbat kasu arrakastatsu ere aztertuko dira, hala nola Bilboren eraldaketa eta Guggenheim Museoa, CAF eta GAMESA.
Bihar, urriaren 29an jardunaldi bat egingo da Bilbon azken hamarkadetako krisiek izan dituzten eraginak aztertzeko eta jakiteko nola aurrera egin duen euskal industriak atzeraldi garaietan. Jakiunde-Euskadiko Zientzia, Arte eta Letren Akademia goi-mailako gogoeta foro bat da, EAEko zientzia eta kulturaren munduko pertsonaia ezagunez osaturik dagoena, eta “Krisia eta industria, iraganeko ikasgaiak etorkizuna eraikitzeko” jardunaldia antolatu du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko SPRI-enpresen garapenerako agentziaren laguntzaz.
“Bizi dugun une historiko honetan, arrazoizkoa da iraganera begiratzea etorkizunerako jarraibideak bilatzeko. Betiko arazoei begiratu behar zaie, baina bizi izandakoaren esperientziaz aberastutako ikuspegitik. Testuinguruak desberdinak badira ere, ekonomiaren oinarriei begiratu behar zaie antzeko arazoei aurre egin zietenen begi eboluzionatuekin” esan du José Luis Larrea, jardunaldiaren koordinatzaileak.
Topaketan parte hartuko dute euskal enpresa garrantzitsuenetako zuzendaritza-karguek (esaterako, CAF eta Gamesa) eta euskal erakundeetako goi-kargu zenbaitek. Euskadiren historia industriala aztertuko da eta kasu arrakastatsu batzuk azalduko dira, adibidez Bilboren eraldaketa eta Guggenheim Museoa.
Andrés Arizkorretak, CAFeko kontseilari delegatuak, azalduko du nola eraikitzen den enpresa handi bat krisi sakonean murgildurik. Bestalde, Ignacio Martin Gamesako presidente exekutiboak bere enpresaren kasua aurkeztuko du, ezerezetik jaio zena etorkizuneko sektoreetarantz eboluzionatzeko. María José Arangurenek, Orkestrako (Lehiakortasunaren Euskal Institutuko) zuzendari nagusiak, eta Jakiunde Akademiako kideek lehiakortasunari buruz hitz egingo dute eta azalduko dute iraganak giltzarriak eman ditzakeela etorkizunari aurre egiteko. Estíbaliz Hernáezek, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak, emango dio buru jardunaldiari.