Zientzia- eta teknologia-parkeek enplegua eta enpresa-kopurua sendotu dituzte

Bizkaia

• APTEko kide diren zientzia- eta teknologia-parkeen bilakaerari buruzko datu estatistikoak aurkeztu dira Vigoko Teknologia Parkeko Batzar Orokorrean.

• APTEren batzarrean onetsi da Aviléseko Zientzia eta Teknologia Parkea elkarteko kide izatea.
Asamblea VigoAPTEko kide diren parkeetako ordezkariak Vigoko Teknologia Parkean bildu dira elkartearen bigarren Batzar Orokorrean. Ekitaldiaren buru izan dira Teresa Pedrosa, estatuko ordezkaria Vigoko Zona Frankoan, Carlos López Font, Talde Sozialisten bozeramailea eta segurtasun-zinegotzia Vigoko Udalean, eta Felipe Romera, APTEko presidentea.
Teresa Pedrosak Vigoko Teknologia Parkearen garapena nabarmendu du; izan ere, berriki handitu ondoren, orain 3 gune ditu Parkeak eta alderdi hori erabakigarria izan da APTEren XIII. Nazioarteko Konferentzia antolatzeko hautagaitza aurkezterakoan. Era berean, azpimarratu duenez, berrikuntza eta talentua atxikitzea dira lehiakortasunerako eta globalizazio-prozesurako faktore kritikoak. Helburuok lortzeko inguru zabalagoekin lankidetzan aritzea beharrezkoa da eta APTEk erakutsi du eragile aglutinatzaile eraginkorra dela.
Felipe Romerak, bestalde, eskerrak eman dizkio Zona Frankoko Partzuergoari batzarra eta urteko konferentzia antolatzaileagatik eta Parkea zoriondu du inguruko dinamizazio ekonomikoan duen zeregin erabakigarriarengatik. APTEko presidentearen hitzetan, “XIII. Konferentziari esker, parte-hartzaile guztiok espero dugu ingurua hobeto ezagutzeko eta ezagutza berriak eskuratzeko aukera izatea, parkeetako kudeatzaile izaki zein bide hartu behar dugun jakiteko eta, etengabe aldatzen ari den mundu honetan, norabide egokian abiatzeko”.
Parkeen bilakaera
Espainiako zientzia- eta teknologia-parkeek ondoko datuekin itxi zuten 2014a: enpresa-kopurua %2,6 areagotu zen eta %2,5 langile gehiago zeuden. Ekoizpen-sektore batzuetan krisiak oraindik dirauen arren, errekorrak hautsi dira.
APTEko bazkide diren parkeek 6.452 enpresa eta erakunderekin itxi zuten iazko urtea, hots, %2,6 gehiago aurreko urtearekin alderatuta. Enpresa guztien artean, 283 atzerri-kapitalekoak dira eta 918 inkubazioan daude, alegia, 3 urte baino gutxiago dituzte. Guztira 941 erakunde daude parkeetan, enpresa sortu berriak eta jada bertan daudenak kontuan hartuta.
Enplegua nabarmen hobetu da eta parkeetako langileen kopuruak %2,5 egin du gora. Hala, 151.562 langile daude, zeinetatik %20,4 kualifikatuak diren, hau da, 30.968 pertsona dihardute ikerketa eta garapenean (I+G).
Enpresen fakturazioak aurrerapen esanguratsua izan du aurreko urtearekin alderatuta. 22.327 milioi euro fakturatu dira, 2013an baino %5,6 gehiago.
Ekoizpen-sektoreen rankingaren –parkeetako enpresa gehienak horretan dihardute– buru IKT sektorea izaten jarraitzen du (enpresen %22), ondoren ingeniaritza eta aholkularitza (%14,8) bai eta medikuntza eta osasunaren sektorea (%6,2) ere badaude.
Era berean, 2014an parkeek 1.112 milioi euroko inbertsioa bideratu zuten I+G jardueretarako; eta patenteei dagokienez, APTEko parke operatiboetan kokatutako erakundeek 539 patente eskuratu eta 233 patente eskatu zituzten.

Batzar Orokorrean, parke espainiarretako ordezkariek onetsi egin dute “Berrikuntzaren irla” Aviléseko Zientzia eta Teknologia Parkea APTEko kide izatea. Horrenbestez, APTEk erabat operatibo dauden 50 parke bazkide ditu. Bestalde, 16 parke afiliatuk eta 2 erakunde laguntzailek ere osatzen dute elkartea. Guztira, beraz, 68 kide dira.
APTEren XIII. Nazioarteko Konferentzia
Zientzia eta Teknologia Parkeen Nazioarteko Konferentzia egin da hamahirugarrenez. Parkeetako enpresa eta ordezkariak bi egunez bildu dira 2.0 erakundearen alorra bereziki jorratuko duten jardunaldietan.
Aurreikusitako eztabaida, hitzaldi eta topaketez gain, Zientzia eta teknologia parkeetako jardunbide onenari sariak ere banatuko ditu APTEk. Sarion bidez parkeetako erakunde kudeatzaileek gauzatutako jardunbide berri onenak aitortzen dira euren jarduera-eremuan.

Partekatu

Beste berri batzuk