Zientziak eta teknologiak enpresa-aukera berritzaileak sortzen dituzte, eta horiekin mundu osoan lehiatzen da Euskadi

Bizkaia

  •  Jardunaldia Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu du, eta nazioarteko merkatuetan lehiatzen diren zientzia eta teknologia oinarriko sei euskal enpresak ─Graphenea, Owl, Histocell, Ibil, Vacunek eta Buntplanet-ek─ beren arrakasta-kasuen berri eman dute.
  • Goi-mailako espezializazioak, prestakuntza handiko langileek eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemak eskaintzen duen estaldurak lehiarako gaitasuna sortzen dute berrikuntzan lehiatzen den merkatu-nitxoetan.

Euskadin  enpresa-aukerak  ari  dira  sortzen,  eta horien  negozio-eredua  zientzia-ikerketan  eta  teknologia-garapenean dago oinarriturik. Enpresa-tipologia honek ezagutzan oinarrituriko produkzio-eredua garatzen du, eta teknologia, zientzia eta berrikuntza osagai indartsuak direnez, prestakuntza handiko langileak eta nazioarteko inbertsioak erakarri eta balioa sortzen du. Behar den espezializazio handiaren eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal  Sistemak  eskaintzen  duen  estalduraren  ondorioz,  azken  hamarkadan Graphenea, Owl, Histocell, Ibil, Vacunek eta Buntplanet bezalako enpresak sortu dira Euskadin, eta horietako batzuk erabateko liderrak dira dagozkien merkatu-nitxoetan, eta mundu-mailan lehiatzen dira.

Horrela frogatu da “Innobasqueren Astearteakekimenaren 25. edizioan (“Zientzia eta teknologia enpresak. Ezagutza balio bihurtzen”); jardunaldia Donostiako UPV/EHUren I+G+b “Joxe Mari Korta” Zentroan egin da, eta bertan izan dira honako hauek: Itziar Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea; Teresa Porto, Owl Genomiceko Negozio Garapenaren zuzendaria; Jesús de la Fuente, Grapheneako zuzendari nagusia; Ahmad Ezzedine, Histocelleko Negozio Garapenaren zuzendaria; Enrique Monasterio, Ibileko zuzendari nagusia; Félix Bastida, Vacunek-eko zuzendari zientifikoa;     Vacunekekoa;  Andrés  García,  Buntplaneteko  I+G  zuzendaria;  Javier Monzón, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Berrikuntza eta Garapeneko zuzendaria, eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendaria.

Zientzia-ikerketa enpresa-arloarekin lotzea funtsezkoa da ezagutzan intentsiboa den produkzio-eredua sendotzeko, horrek, jendearen bizitzan eragin handia izateaz gain, negozio-aukera berriak sortzen baititu. Horrela azaldu dute jardunaldian parte hartu duten sei euskal enpresek, eta bat etorri dira esaterakoan goi-espezializazioan datzala beraien lehiakortasuna eta horrek kokatzen dituela merkatu globaletan.

Graphenearen kasua da, nanoteknologiako “start up” hau grafeno-produkzioan aitzindaria baita munduan; “etorkizuneko material” hori laborategietan sortzen da, eta malgutasun, gogortasun eta eroankortasun ezaugarriengatik, bere aplikazioek iraultza eragingo dute industria eta teknologia askotan. Horren ahalmena kontuan harturik, Europako  Batzordeak  1.000  milioi  euro  inbertituko  ditu  horren  ikerketan  datozen hamar urteotan, eta euskal parte-hartze garrantzitsua duen makroproiektu honetan, Graphenea-z gain, Leartiker, CIC nanoGUNE, nanoBIO-UPV/EHU, CIC energiGUNE, Tecnalia, UPV/EHU eta Cidetec-IK4 daude. Enpresa 2010ean sortu zen, Donostiako CIC nanoGune-rekin lankidetzan, han baitago instalatua.

Bestalde, Owl enpresa bioteknologikoa da, Espainian liderra eta Europan erreferentea; gaixotasunen diagnostiko goiztiarrerako produktuak garatzen ditu metabolomikan oinarrituriko teknikaren bidez, eta alterazio biologikoak detektatzen ditu lagin biologikoetan.  2002an  Bizkaian  sortua,  bere  arrakasta  prebentzio-medikuntzaren arloan duen goi-mailako espezializazioan datza, baita beste enpresa batzuekin nahiz beste ikerketa-zentro batzuekin dituen aliantza estrategikoetan ere.

Histocell ehunen ingeniaritza-enpresa da, medikuntza birsortzaile eta konpontzailera bideratua. Spin off hau UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia fakultatetik sortua da, non bere sortzaileek, bioteknologiaren barruan oso eremu zehatz batean zituzten ezagutza aurreratuetan oinarrituta, 2004an premia edo beharrizan bat detektatu baitzuten merkatuan. Gaur egun Norabyo Talde holding biosanitarioaren parte da, eta beste enpresa batekin elkarlanean ari da, jatorri traumatikoa duten muineko lesioen tratamendurako botika edo sendagai baten garapen bila.

Eremu publikoarekiko lankidetzaren bidez ere, aurki daitezke negozio-bideak sortzen ari diren erronka berriei erantzunez; adibidez, birkarga-guneen azpiegitura garatzeko premia,  Euskadin   ibilgailu   elektrikoz   mugitzeko   gaitasuna   bermatzeko.    Honela, 2010ean Ibil sortu zen; sozietate publiko-pribatu hau Energiaren Euskal Erakundeak eta Repsolek erdibana osatua dago, eta ibilgailu elektrikoa birkargatzeko kudeatzaileak diseinatu, egin eta mantentzen ditu.

Vacunek enpresa bioteknologikoa da, Neiker-Tecnalia teknologia-zentroaren spin off bat, 2006an sortua, abere-osasunaren arloan garaturiko teknologiak enpresa-arlora transferitzearen emaitza. Hasieratik, Vacunek-ek beste enpresa eta teknologia-zentro batzuekin ─estatuko nahiz nazioartekoekin─ lankidetzaren alde egin du I+G+b arloan, animalien gaixotasunen diagnosi-negozioa garatuz jarraitzeko.

Azkenik, Buntplanet Donostiako ingeniaritza-enpresa da, era guztietako proiektu berritzaileak  gauzatzeko  softwarea  garatzen  duena.  Bi  ingeniari  ekintzailek  sortu zuten,  Alemanian  Siemens  multinazionalean  zuten  lana  bertan  behera  utzi  eta Euskadira itzultzea erabaki baitzuten beren enpresa sortzeko. Orain Siemens da berauen bezeroetako bat.

Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekimen horrekin Berrikuntzaren Euskal Agentziak berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero,  dibulgazio-foro  ireki  batera,  euskal  berrikuntza  jendearen,  erakundeen  eta hedabideen begiradapean jartzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk