Zorrotzaurreko Bilbao Campus Teknologikoa Lanteken industriarako zerbitzu digital aurreratuen proiektuarekin handitu da
Lanteken etorrerak Iparraldeko Puntaren garapenean aurrera egitea ahalbidetzen du, IDOMen, Mondragon Unibertsitatearen, Ikerlanen eta Vicomtechen proiektuekin batera
Etorrerak berekin dakar Iparraldeko Puntan bi eraikin berri eraikitzea: bata Lantekentzat eta bestea Parkearentzat berarentzat, proiektu teknologiko eta industrial berriak erakartzeko helburuarekin. Bi eraikinak egiteak 50 milioi euroko inbertsioa eskatuko du
Lantek, software industrialeko lider globala, Euskadiko fabrikazio aurreratuko industriaren lehiakortasunari laguntzen dion zerbitzu aurreratuko enpresa da
Iparraldeko Punta erreferentziazko espazio gisa finkatu da teknologia digital aurreratuetan, AAn, datuetan, zibersegurtasunean eta robotikan, besteak beste
Zorrotzaurreko Euskadiko Parke Teknologikoaren Bilbao Campusa handitu egin da Lanteken industriarako zerbitzu digital aurreratuen proiektua gehituta.
Lantek, software industrialean mundu osoan liderra den enpresak, IDOMekin, Mondragon Unibertsitatearekin, Ikerlanekin eta Vicomtechekin bat egin du Bilbao Campusean. Bere proiektu estrategikoak Hiriko Parke Teknologiko hau erreferentziazko espazio gisa sendotuko du teknologia digital aurreratuetan, AAn eta zibersegurtasunean, besteak beste.
Proiektua gaur goizean aurkeztu dute Bilbao Campuseko Iparraldeko Puntan, eta bertan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Alberto López de Biñaspre Lantekeko CEOa.
Lanteken proiektua Bilbao Campuseko Iparraldeko Puntan aurretik daudenei gehitzen zaie. Mikel Jauregi sailburuaren iritziz, proiektu horien ezarpena Zorrotzaurren “Parke Teknologikoa ezagutzaren, teknologiaren eta industriaren arteko konexio espazioa izatearen frogarik onena da. Gune hori Euskadiko produkzio-sarearen zerbitzura jartzen dugu, euskal industriaren hazkundea, berrikuntza eta lankidetza bultzatzeko. Euskadiko Parke Teknologikoa puntako industria erakartzeko eta garatzeko eta kalitatezko enpleguak sortzeko funtsezko tresna da. Ezin da garapen industrialik egon ezagutza aurreratuaren kapitalizaziorik gabe”.
“Euskadi erreferentea da Fabrikazio Aurreratuan mundu mailan, eta Lantek Parke Teknologikoko kokapen berri horretan sendotuta, Euskadi Makina Erremintaren softwarearen erreferentea eta esportatzailea ere izango da munduko gainerako lekuetan”, nabarmendu du sailburuak.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak nabarmendu duenez, “Lantekek hazteko Zorrotzaurre aukeratzea ez da garrantzi gutxikoa”, eta azpimarratu duenez, “hiri eta eskualde guztiak kanpoko inbertsioa erakartzeko lehian dauden une honetan, Bizkaia gai da euskal enpresek euren proiektuak hemen garatzeko, hemen hazteko eta aberastasuna eta enplegua hemen sortzeko baldintzak sortzeko”. Halaber, adierazi duenez, “Lantek, horrela, IDOMekin, Mondragon Unibertsitatearekin, Ikerlanekin eta Vicomtechekin elkartzen da Bilbao Campusean”, “euskal enpresak eta erakundeak” elkarrekin “adimen artifizialean, datuetan, zibersegurtasunean eta robotikan erreferentziazko gunea eraikitzen” ari diren ekosisteman. “Hori ez da kasualitatea. Indarra da”, amaitu du.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi duenez, “Lantek uhartean sortzen ari garen ekosistema indartzen duen enpresa da, jarduera berritzaileekin, enplegu kualifikatuarekin, teknologia berriekin, nazioarteko konexioekin… Azken batean, Bilbon, Euskadiko hiriburu ekonomiko gisa, ereiten ari garen industria berria. Oraindik badaude egin beharreko proiektuak. Baina makineria abiada bizian doa. Eta ausartuko nintzateke esatera Zorrotzaureko Iparraldeko Punta honetan jarduera ekonomikoetarako erabilgarri dagoen ia azalera osoa martxan dagoela. Bilboko uhartea aukeren uhartea da eta izango da. Enpresekin, prestakuntzarekin, etxebizitzekin, aisialdirako eta hedapenerako gune berriekin, kultur etxeekin… Eta jarraitu egingo dugu, Bilbo ez delako gelditzen eta eraldatzen jarraitzen delako”.
Zerbitzu digital aurreratu berriak Fabrikazio Aurreratuko euskal sektorearentzat
Lanteken proiektuak aukera berriak garatzen ditu Fabrikazio Aurreratua-Makina Erreminta sektorean, Industria-Euskadi 2030 Planeko IRABAZI sektore estrategikoan, euskal industrian traktorea delako.
“Lantek BNEST Technological Campus” proiektu estrategiko berri honek zerbitzu aurreratuak eskainiko dizkie mundu osoko 38.000 bezero baino gehiagori eta makina-erremintaren 120 fabrikatzaile baino gehiagori, software, cloud eta adimen artifizialean espezializatutako zentro teknologikoekin eta enpresekin lankidetzan, Euskadiko fabrikazio aurreratuko industriaren lehiakortasuna bultzatzeko.
Bere garapen integralerako, Euskadiko Parke Teknologikoak bi eraikin egingo ditu: bat, Lantekentzat 6.000 m² baino gehiago izango dituena, eta bestea, 9.000 m²-koa, industria berria erakartzeko. Bi eraikinak egiteko 50 milioi euroko inbertsioa egingo da.
Modu berean, Bilbao Campuseko Iparraldeko Puntako garapenean aurreikusitako azken lursaila erosi da, garai bateko Mefesa zegoen lekua. Eraikin historiko hori birgaitu egingo da, eta haren arkitekturak jatorrizko estetika errespetatuko du, proiektu teknologiko eta industrialen arteko lankidetza sustatzera bideratutako espazio bihurtzeko.
Eragiketa horri esker, Bilbao Campuseko Iparraldeko Puntaren garapenean aurrera egin daiteke, IDOMen, Mondragon Unibertsitatearen, Ikerlanen, Vicomtechen eta Lanteken proiektuekin batera.
Bultzada euskal industria teknologikoaren lehiakortasunari
Lantek enpresa Bilbao Campusera iristea funtsezkoa da euskal industria sarearen lehiakortasunerako, zerbitzu aurreratuen hornitzaile estrategiko gisa. Lantekek digitalizazioa bultzatzeko, hazkundea sendotzeko eta euskal industriaren etorkizun teknologikoa gidatzeko aliatu estrategikoa izan nahi du, eta helburu hori Bilbao Campusetik indartu ahal izango du orain.
Testuinguru horretan, Lantekek Bilbao Campuseko teknologia- eta industria-sareari lagunduko dio, industria adimendunerako software-teknologietan espezializatutako talentu kritikoa txertatuz, euskal manufakturaren eraldaketa digitala bultzatuko duten profilak, hain zuzen ere. Ezagutza horiek teknologia gaitzaileetan oinarritzen dira, hala nola cloud industrialean eta adimen artifizialean, eta funtsezkoak dira 4.0 Industriaren potentziala desblokeatzeko, talentu globala erakarriz eta sektorean soluzio adimendunak hartzea bizkortuz. Industria inguruneetan berrikuntzaren buru izateko eta soluzio teknologiko aurreratuak ezartzeko gai diren lehen mailako STEM profilak funtsezkoak izango dira helburu horretarako.
“Proiektu honek, gure ibilbidea sendotzeaz gain, talentu espezializatua erakartzen eta garatzen jarraitzeko aukera emango digu, ekintzailetzarako bokazioa eta nazioarteko proiekzioa duen eta teknologiak eta berrikuntzak bat egiten duten ekosistema sustatuz, ingurune jasangarri, enblematiko eta estrategikoan”, nabarmendu du Alberto Lopez de Biñaspre Lantekeko CEOak.
Zorrotzaurreko Iparraldeko Puntan aurreikusitako proiektuen garapenarekin batera, Euskadiko Parke Teknologikoa aurrera doa Hegoaldeko Puntaren garapenean, eremu horretan 60.000 m² egongo dira, bost eraikinetan banatuta.
Iparraldeko Puntaren garapena erakunde arteko urteetako lanaren emaitza da. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin egin dute lan Zorrotzaurre ezagutzaren, teknologiaren, berrikuntzaren eta industria aurreratuaren uharte bihurtzeko, Euskadiko Parke Teknologikoaren eta Bilbao Campus berriaren bidez.
Bilbao Campusa proiektu bultzatzailea da Bizkaiko eta Euskadiko ekonomiarako, industria-sarearen hazkundea indartuko duen sare sektoriala sortzeko gai, ikerketari eta prestakuntzari lotutako sektore aurreratuen aldeko apustuarekin.
