10 urte bete ditu biomaterialen ikerketarako biomaGUNE IKZ zentroak

Gipuzkoa

Gauzatutako jarduerari esker, biomaterialen alorreko ezagutzaren sortzaile bilakatu da zentroa

31 herrialdetatik etorritako 261 ikertzaileak azken hamar urtetan egindako lanaren fruitu 700 artikulu argitaratu dira, guztira, 10.000 aipu izan dituztenak

Ekipamendu zientifiko-teknologikoaren artean aipatzekoa da irudi molekular eta funtzionaleko plataforma, bakarra Espainian eta erreferentziazkoa Europan

Zentroan diharduten 132 pertsonek parte hartu dute ekitaldi instituzionalean, zeinetan Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak hitza hartu duen

cicbiomagune_02Biomaterialen ikerketan diharduen biomaGUNE IKZ euskal zentroaren hamargarren urteurrena ospatzeko egindako ekitaldian, zentroari aitortu zaio biomaterialen alorreko ikerketan erreferentzia bilakatu izana.

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko egoitzan diharduen 132 pertsonako taldea ez ezik, hainbat instituzio zientifiko eta teknologikoetako ordezkariek ere parte hartu dute oroitzapenezko ekitaldian. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak, biomaGUNE IKZko zuzendari zientifiko Luis Liz Marzánek eta biomaGUNE IKZko zuzendari nagusi José María Matok hartu zuten hitza.

biomaGUNE IKZk abangoardiako ikerketa gauzatzen du, kimikaren, biologiaren eta fisikaren arteko interfazean. Arreta berezia eskaintzen dio eskala molekularreko nanoegitura biologikoen propietateen eta haien aplikazio biomedikoen azterketari.

Hamar urteotan punta-puntako zentro gisa finkatu da biomaGUNE IKZ, nazioan zein nazioartean, eta biomaterialen alorreko ezagutzaren sortzaile ere bai. Hauek dira lorpenetako batzuk: argitalpen zientifikoak, patenteak, elkarlanak nazioarteko erakunde eta instituzioekin, eta komunitate zientifikoaren zein enpresa-sarearen zerbitzura jartzea ekipamendu teknologikoa eta langile zientifikoak.

Epealdi horretan, Manuel Martín Lomasek eta egungo zuzendari zientifiko Luis Liz Marzánek gidatu dute zentroa. biomaGUNE IKZko zuzendari nagusi José María Matok hala eskatuta, 2005ean heldu zen Donostiara Martín Lomas, zentroaren oinarriak ezarri eta estrategia zientifikoa zehazteko. Balio handiko ikertzaileak konbentzitu behar izan zituen etorkizuneko apustu horren alde egin zezaten. Hala, maila oso altuan funtzionatu duten taldeak erakartzea lortu du. Taldea 2013ko urtarrilean osatu zen, Luis Liz Marzán etorri zenean. Egun, zientzia-sisteman sendotu da biomaGUNE IKZ, eta erreferentziazko zentroa da etapa klinikoaren aurreko aplikazio biomedikoak dituzten materialen ikerketan. Lehen mailako ikertzaile taldeari eta punta-puntako instalazioei esker nabarmentzen da Irudi Molekularreko Unitatea. Izan ere, Instalazio Zientifiko eta Tekniko Berezien (IZTB) mapan gehitu du Espainiako Gobernuak.

Unitate horretan nanomaterialekin saiakuntzak egin daitezke in vivo teknika erabilita. Metro gutxi batzuetan instalatuta daude animaliategia, isotopo erradioaktiboak sortzeko ziklotroia, aztertu nahi diren molekula edo nanopartikuletara isotopo horiek eramateko erreaktoreak eta erradiokimikan, X izpietan eta erresonantzia magnetikoan oinarritutako tomografiak egiteko aparatuak. In vivo azterketak egiteko tekniken konbinazioa da, zuzenean integratuta dagoena aztertu beharreko materialak sortzen diren zentroan.

Hamar urteotako datu esanguratsuak

2006ko abenduan inauguratu zen biomaGUNE IKZ. Orduz geroztik 31 herrialdetako 261 ikertzaile aritu dira zentroan, ikerketa-lanetan. Euskal jatorriko 25 zientzialari atzerrian egon dira eta Euskadira itzultzeko aukera izan dute, euren proiektu zientifikoei jarraipena emateko bermerik gorenarekin. Bestalde, 105 ikertzailerentzat aurreneko aukera izan da biomaGUNE IKZ euren ibilbide zientifikoari hasiera emateko.

José María Matok zuzentzen duen zentroak, guztira, 102 milioi euro jaso ditu hamar urteotan. Eusko Jaurlaritzak 63 milioi euro bideratu ditu; Estatuko Administrazio Orokorrak, berriz, 19 milioi; Gipuzkoako Foru Aldundiak 4 milioi; nazioarteko proiektuetatik 10 milioi euro jaso dira; 4 milioi euroko fakturazioa izan du zentroak eta bazkide zein erakunde pribatuek 1,5 milioi euroko ekarpenak egin dituzte.

Epealdi horretan, zentro teknologiko eta euskal enpresei zerbitzuak emateko izenpetutako kontratuen bidez, 2,9 milioi euroko fakturazioa lortu da. Euskaditik kanpoko enpresekin izandako fakturazioa 0,8 milioi eurokoa izan da.

Zientziari dagokionez, nazioarteko zenbait aldizkari zientifikotan 700 artikulu baino gehiago argitaratu dira. Jada 9.800 aiputik gora jaso dituzte artikulu horiek. Arlo horretako aldizkaririk esanguratsuetan argitaratu dira artikuluen %75. 750 artikulu horiek sortzeko elkarlanean aritu dira mundu osoko 600 instituzio zientifiko baino gehiago eta 1.900 ikertzailetik gora. Guztira, 14 patente eskatu dira; horietatik 6 eskuratu dira eta 2 patente ustiatzeko lizentzia jaso da.

Epealdi horretan, MD Renal eta Asparia Glycomics enpresen sorreran parte hartu du biomaGUNE IKZk. Nahasketa konplexuetan –odolean eta gernuan, kasu– metabolitoak azkar identifikatzeko eta kuantifikatzeko gai ziren produktuak merkaturatzea izan zen MD Renal spin-off enpresaren helburua. Aspara Glycomics, berriz, espezialista da diagnostiko klinikoko glikanoak aztertzeko eta biofarmakoen kalitatea kontrolatzeko erreaktiboen, erreferentziazko estandarren, kiten eta softwarean ekoizpenean eta merkaturatzean.

Azken hamar urteotan 40 doktoretza-tesi burutu dira eta, guztira, 11 ikaslek gauzatu dituzte master-ikasketak zentroan, zeinetatik %27k tesia zentroan bertan egiten jarraitu baitute.

biomaGUNE IKZn praktikak egin dituzten Lanbide Heziketako 20 ikasleren artean, %25ek euren aurreneko lana eskuratu dute zentroan. Gainera, 9 ikasle hartu dira Erasmus elkartruke-programaren bidez.

21 milioi euroko inbertsioa ekipamendu zientifiko-teknologikoan

biomaGUNE IKZk 3.600 m2-ko azalera du Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dituen instalazioetan (Donostia). 21 milioi euro inbertitu dira ekipamendu zientifiko-teknologikoan. Abangoardiako azpiegitura du zentroak, besteak beste, irudi molekular eta funtzionaleko plataforma, instalazio zientifiko tekniko berezia Espainian (IZTBen mapa jasotzen da). Instalazio, baliabide, ekipamendu eta zerbitzu handi eta esklusiboak biltzen dituzte Instalazio Zientifiko eta Tekniko Bereziak (IZTB). Abangoardiako eta kalitate goreneko ikerketa eta garapen teknologikoa gauzatzen da bertan, ezagutza, teknologia eta berrikuntza transmititzeko, elkartrukatzeko eta gordetzeko asmoz.

Irudi molekular eta funtzionaleko plataforma erreferentziazko instalazioa da Europan, klinikaren aurreko irudi molekularraren eta funtzionalaren alorrean. Teknika esperimentalen batuketari –erradiokimika, positroi-igorpenezko tomografia (PET), fotoi bakarreko igorpenezko eta ordenagailu bidezko tomografia (SPECT), ordenagailu bidezko tomografia (CT), erresonantzia magnetiko bidezko irudia (MRI) eta tomografia optikoa (OT) – eta 2015ean AAALAC nazioarteko kalitate-akreditazioa jaso duen animaliategiari esker, gaur egun arte sortu den irudi biomedikoko plataforma teknologikorik handiena da instalazioa Euskal Autonomia Erkidegoan ez ezik, Estatuan ere bai. Biomedikuntzako nanomaterialen aplikazio berriak garatzen ditu bereziki plataformak.

Bestalde, biomaGUNE IKZk dituen plataforma teknologikoetan honako teknika hauek aplikatzen dira: espektroskopia optikoa eta erresonantzia magnetikoa, mikroskopia elektronikoa, masen espektrometria, funtsezko analisia, gainazalen fabrikazioa eta analisia, eta nanofabrikazio koloidala.

Partekatu

Beste berri batzuk